Gida-baimena euskaraz, eskualdeko datuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 3a, 13:29

Buruntzaldeko Udaletako euskara lansail ezberdinek, auto-eskolekin elkarlanean, gida-baimena euskaraz ateratzeko kanpainari ekin zioten 2009-2010eko ikasturtean. Kanpaina, orokorrean, herritar euskaldunei zuzenduta dago, baina bereziki urtean zehar 18 urte betetzen dutenei.

Auto-eskolak formazioa euskaraz eman ahal izateko materialaren hornikuntzaz Udalak arduratu dira. Horri esker auto-eskoletako irakasleek ikasleen eskura gida-baimena euskaraz ateratzeko programa multimediak zein testu liburuak jarri zituzten.
Urtarrilaren 25ean Urnietako Lekaion ekimenean zerikusia izan duten eragileek lehen ikasturtearen balorazioa egin zuten. Agerraldian Mikel Izagirre Urnietako alkateak, Joxean Bengoetxea auto-eskolen elkarteko lehendakari eta era berean Bengoetxea auto-eskolako jabeak eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako euskara teknikariak hitza hartu zuten.

Zozketa parte hartzaileen artean
Euskaraz ikasi dutenen datuak emateaz gain, parte hartzaileen artean zozketa egin zuten. Azterketa gainditu dutenen artean, saridunek 400 euroko saria jasoko dute. Andoainen Oihana Arruti Ugartemendia eta Beñat Jauregi Artola izan dira saridunak.
Emandako datuen arabera, gida-baimenaren alde teorikoa euskaraz ateratzeko oraindik orain eskualde osoan erreparo handia dagoela sumatzen da. Urnietan, esaterako, deigarria da inor aurkeztu ez izana. Nolanahi ere, Aiurrik jakin ahal izan duenez, gaurko egunez bi pertsona dira Urnietan gida-baimenaren alde teorikoa euskaraz ateratzen saiatzen ari direnak.
Agerraldian bertan hitz egin zuten ordezkariek baieztatu zutenez, euskararen aldeko ekimenak 2010-2011 ikasturtean jarraipena izango du. Pixkanaka euskararen aldeko ikasleen joera areagotzea albiste ona litzateke.

Irabazleen iritzia
Beñat Jauregi Artolak 26 urte ditu eta, aitortzen duenez, berandu samar animatu da gidabaimena ateratzera. Esan gabe doa bere inguruko ezagun denek erdaraz ikasteko beste aukerarik ez dutela izan. Beñat, ordea, aurten gida-baimena lortzeko euskararen bideari eutsi dion Andoaingo bakarrenetakoa izan da. Orandik orain, inguruan euskaraz ikasteko pausoa emateko erreparoak ikusten dituela aitortzen du, “ikasleek seguruenera jotzen dute inguruko guztiek egindako bideari jarraituta. Neuk euskararen aldeko apostua egin nuen eta, egia esan, terminologia hasiera batean arrotza egin zitzaidan. Kalean entzuten ez diren hitzak eta adierak agertzen dira. Hitz teknikoen hiztegi bat pasa zidaten eta erabili behar izan nuen, halabeharrez. Orduak eta egunak aurrera joan ahala, errazago iruditu zitzaidan”.
Gida-baimena euskaraz atera duen bestea Oihana Arruti Ugartemendia izan da. Buruntzaldeko Udalen ekimenez, sari modura, matrikulazioaren prezioaren zati bat bueltan jasoko dute.
Oihanarentzat esperientzia oso positiboa izan da, “ez nuen zalantzarik egin. Horrelakoetan euskaraz egiteko aukera asko ez zaizkigu ematen eta aprobetxatzea erabaki nuen. Euskaraz bizi naiz, eta nik behintzat ez dut gida-
baimena euskaraz ateratzeko inolako zailtasunik eduki.
Egia da, hasiera honetan behintzat, itzulpen batzuk  ez dituztela ondo egin. Azterketan, adibidez, kexak egon ziren galdera batean norabide eta noranzko hitzak nahastu zituztelako. Galdera horretan ez nuen ondo erantzun, baina galdera oker itzulita zegoelako”.
Hasiera honetan egindako akatsak kopontzen badituzte, denbora kontua izango da gidatzeko baimena euskaraz ateratzen duten ikasleen kopurua areagotzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!