Santa Agedako erronda Andoainen, hitzordu bikoitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 3a, 13:26

Larramendi Bazkuna
Otsailak 4, ostirala. 18:00. Dr.Huitzi 15

Urteroko legez, aurten ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunak otsailaren 4an Santa Ageda bezperako erronda antolatu du herriko beste elkarte, ikastetxe eta talderen partaidetzarekin. Urtero-urtero ehun lagun inguruk ematen dio errondari hasiera arratsaldeko seiretan Aiurriren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean.
Larramendi Bazkuneko kideek adierazi dutenez, edozein herritarrek parte har dezake errondan, tradizioak agintzen duen bezala janztea eta kantatzea dela jartzen diren bi baldintza bakarrak. Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Kaletxikiko Ontza elkartean.

G.A.Z.T.A., ekimen berria Andoainen
Otsailak 4, ostirala. 17:00. Goikoplaza

Andoaingo gazte belaunaldi ezberdinen arteko lotura ezartzeko helburuarekin Andoainen gazte talde batek mugimendu berria sortu du. Zera adierazi dute prentsa ohar bidez, “gazte kolektibo bat gara, Andoainen gazte mugimendua sustatu nahi duena. Dagoeneko jarri diogu gure taldeari izena: G.A.Z.T.A. Gazte Andoaindar Zoro Ta Abertzaleak.
Gazte aktiboak izan nahi dugu eta gizartearen onerako lan egin nahi dugu”.  Santa Ageda bezperan kantari irtengo direla iragarri dute, “azken urteetan, ohitura hau galtzen ari dela nabaritzen dugu. Hori dela eta, oro har, Andoaingo gazteak animatu nahi ditugu parte hartzera. Hitzordua ostiral honetan egin dugu arratsaldeko 17:00etan Goikoplazan. Animatu hadi gazte! Euskal kultura sustatuz, arratsalde goxoa igaroko dugu. Baserritarrez jantzita eta makila ez dadila falta. Kantuak buruz ez dakizkiena lasai, kantuen orria banatuko da eta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!