Arantxa Irazusta, mezzosopranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:35

Umetatik gustatu izan zaio abestea, baina unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren heldu zion serioski kantuari. Horixe du lanbide gaur egun Arantxa Irazusta Andoaingo mezzosopranoak.

Noiz hasi zinen kantuan?
Kantu profesionalera iristeko egin nuen bidea ez da ohikoena. Betidanik gustatu izan zait abestea. Aitarengandik datozkit ahotsa eta kantuarekiko zaletasuna. Herri mailan, betidanik aritu izan naiz abesten; Gabonetako eta Santa Ageda bezperako errondetan… Hala ere, musika ikasketarik ez nuen egin umetan. Psikologiako ikasketak amaitu ondoren, lanik gabe geratu nintzen eta zer egin asmatu ezinik ibili nintzen bolada batean: ikasketak osatzeko masterren bat egin, espezialitateren bati heldu… Erabaki hori hartu ezinik nenbila jakin nuen Donostiako Orfeoiak bakarlarientzako eskola sortu zuela eta izena ematea erabaki nuen. Batere solfeorik jakin gabe aurkeztu, eta hartu egin ninduten. Horrelaxe hasi nintzen kantuaren munduan murgiltzen.

Nor izan duzu kantu irakasle?
Orfeoiko lehen urte haietan Isabel Alvarez izan nuen irakasle eta geroztik, bat baino gehiagorekin egin ditut ikasketak. Bakoitzak bere irakasteko modua du eta guztiengandik dago zer ikasirik. Ikasitako hori barneratu eta norbere modura moldatzen du abeslari bakoitzak. Kantuan aritzeak, etengabeko ikasketa prozesuan murgiltzea esan nahi du; teknika aberastu, errepertorioa zabaldu…, beti dago zer ikasia.
Zenbait euskal musikariren alboan ikusi izan zaitugu…
Orfeoiko ikasketak egiten ari nintzela, Imanol kantaria ezagutu eta berarekin lanean hasi nintzen. Pare bat diska grabatu nituen Imanolekin. Geroago, Joxean Goikoetxea musikariarekin aritu nintzen kantuan eta harekin ere pare bat diska grabatzeko aukera izan nuen. Iparraldeko Pello Serbiellerekin ere lan egin izan dut.

Euskal kantagintzan egindako lanez gain, antzinako musika ere landu duzu…
Bai, eta horretan dihardut gaur egun ere. Capilla Peñaflorida taldean hasi nintzen mundu horretan sakontzen. Euskal Herriko musika barrokoa egiteko sortu zen taldea eta ondoren, kanpoko egileen musika ere landu izan dugu, barrokoa betiere. Conductus Ensemble taldearekin ere ari naiz. Talde honek ere musika barrokoa lantzen du bereziki.
Horrez gain, musika garaikidea ere abesten dut Kea ahots taldean eta beste zenbait talde eta musikarirekin elkarlan ezberdinak egiteko tartea ere hartzen dut.

Zein musika estilo duzu gogokoen?
Musika barrokoa izugarri gustatzen zait, bai antzinako instrumentuek duten soinu bereziagatik, baita musika berarengatik ere. Hala ere, denetarik abestea gustatzen zait. Musika garaikidea ere, esaterako, nire gustukoen artean dago.

Eta kontzertuak eskaintzeko guneen artean, zein da zure kuttunena?
Kursaal eta Euskalduna, esaterako, oso gogoko ditut akustika ona dutelako. Oso atsegina da bertan abestea. Horiez gain, Zumarragako Antigua baseliza, Tolosako Santa Klara, Andoaingo Santa Krutz…, toki asko ditut gogoko.

Abeslari izateaz gain, kantu irakasle lanetan ere aritzen zara…
Pasaiako musika eskolan kantuko klaseak ematen ditut eta zenbait abesbatzetan ere ahots teknika erakusten aritzen naiz. Musikeneko abesbatzarekin ere egiten dut lan. Horrez gain, norbaitek ahots teknika lantzeko gogoa balu, klaseak emateko prest nengoke. Irakaskuntzan aritzea oso gustuko dut. Adin guztietako jendea daukat ikasleen artean eta hori oso polita da. Gaztetxoetatik hasi, eta laurogei urte aspaldian bete zituenen bat ere etortzen zait klaseak jasotzera. Estilo aldetik ere, denetarik egin nahi duten ikasleak ditut: lirikoa, tradizionala, poperoa, heavy-a gogorra… Oinarrizko teknika guztientzat berdintsua da eta ondoren, norberak landu nahi duen errepertorioaren inguruan egiten dugu lan.

Zein izan daiteke kantuan hasteko adin egokiena?
Edozein adin izan daiteke egokia. Batzuen esanetan ahotsa aldatu arte itxaron behar da, mutilen kasuan bereziki, baina nik ez dut uste beharrezkoa denik. Nire iritzian, ahots guztiak landu daitezke; guztiek dute garatzeko ahalmena. Arnasa, postura, bokalizazioa, belarria…, horiek guztiak landuz ahotsaren kalitatea eta luzera hobetu daitezke, kantariaren adina edozein dela ere. Hezitako ahotsek duten  kolorearen eta tesituraren arabera sailkatzen dira ondoen, berdin emakume zein gizonezkoengan.

Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu egunean kantuari?
Ez dakit esaten. Entseguak direla, klaseak direla…, azkenean ohiko lanegun batek dituen ordu kopurua eskaintzen diodala esango nuke. Horrez gain, asteburuetan entseguak eta kontzertuak ere izaten ditugu, nahiz eta azken urtean kontzertu kopurua nabarmen murriztu den.

Krisialdi ekonomikoak zenbateko eragina izan du zuen lanbidean?
Kontzertu kopurua asko jaitsi dela nabaritu dugu. Lehen asteburu asko eskaintzen genizkion kantuari, bai entseguak egiteko, baita kontzertuetarako ere. Gaur egun berriz, asko murriztu da kontzertu eskaera. Gure ekoizpenak nahiko garestiak izaten dira; batez ere kanpoko kantariak etortzen direnean, eta gaur egun oso zaila da kontzertuak lotzea. Erakundeen dirulaguntzen menpe gaudenontzat egoera ez da batere erraza.

Herrian bertan eskaini izan al duzu kontzerturik?
Bai, Joxean Goikoetxearekin kontzerturen bat edo beste eskaini nuen. Norbere jaioterrian abesteak tentsio pixka bat gehiago eransten dio kontzertuari, batez ere lotsatiak garenontzat. Gainerantzean, modu informalagoan bada ere, beti aritu izan naiz kantuan herrian; gaztetxotan, kantu errondetan parte hartzea izugarri gustatzen zitzaidan eta lagunarteko afarien ostean, beti egiten genuen kantu saioren bat. Iñaki Eizmendi, Iñaki Arregi…, lagunarteko kantu saio luzeak egiten genituen eta izugarri gozatzen genuen.

Modu profesionalean aritzen zara kantuan. Zer eskaini dizu horrek?
Kantuak asko eman dit, oso aberatsa da. Garai eta estilo ezberdinetako musika ezagutu, ikasi eta abesteko aukera eman dit. Musika inguruko jende asko ezagutzeko aukera ere eman dit eta alde horretatik oso pozik nago. Alde profesionalari begiratuz, bestalde, azkenean kantua lana da. Gogo gutxi duzun egunean kontzertuak eskaini beharra ez da gozoa izaten. Askotan, baldintza ekonomiko eskasetan egiten den lana da gainera, eta gaur egun, ez dago kontzertu asko eskaintzeko aukerarik. Hala ere, gustura nago aukeratu nuen bidearekin.

Kanpora joatea beharrezkoa al da kantu ikasketak egiteko?
Nire garaian beharrezkoa zela sumatu nuen, eta horregatik hartu nuen bolada batez Amsterdamera joateko erabakia. Gaur egun, Musikene bezalako altxorra dute eskura kantu ikasketak egin nahi dituztenek. Kanpora atera eta gauza ezberdinak egitea beti da aberasgarria, baina Musikene bezalako gune batek aukera izugarriak ematen ditu. Modu profesionalean aritzeko orduan, berriz, ez dut inoiz pentsatu izan kanpora joaterik. Asko ibili izan naiz batean eta bestean kontzertuak emanez, baina nire bizilekua hemen mantentzea erabaki nuen. Euskal Herrian oso maila altua dago; kalitate handiko musika egiten da eta bertan aritu nahi izan dut.

Etorkizunari begira, zein da zure asmo nagusia?
Zenbait kontzertu dugu hitzartuta, tartean, Asteasun eman beharrekoa. Udan, bestalde, Patagoniara joango gara Kea taldeko kideak. Abesbatzen sinposio mundiala egitekoa dute bertan, eta han izango gara. Horrez gain, Peñafloridakoekin diska bat grabatuko dugu. Duela urte batzuk Scarlatti musikari barrokoaren meza bat topatu zuten Arantzazun eta hura grabatuko dugu. Momentuz, horiek dira etorkizun hurbilera begira ditudan lantxoak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!