Antzerki zaletasuna sustatuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:32

Villabonako Udalak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE)k euskal antzerkia sustatzeko hitzarmena aurkeztu zuten joan zen urtarrilaren 21ean, Villabonako udaletxean.

Villabonako Udalaren izenean, Maixabel Arrieta alkatea, Hautsi Izagirre kultur zinegotzia eta Aitziber Cenzano udaletxeko langileak hartu zuten parte aurkezpenean. EHAZEtik Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx', Alex Tello eta Idoia Gereñuk. Amasa-Villabonako EHEtik Nora Urbizuk eta baita Fleming eskolako antzerki irakasle Nahia Alkortak ere.
Hitzarmena sinatzeko ideia, azaroaren 27an Amasa-Villabonan burutu zen I. Antzerkizale egunean berotzen hasi zela adierazi zuen Hautsi Izagirre zinegotziak, “egun hartaz geroztik EHAZE eta Udalaren arteko harremana estutu egin da eta herrian kultur eragile ezberdinen parte hartzea bultzatuko duen dinamika sortzea izan da elkarlanaren helburua”.

Elkarlanean, zaletasuna zabaldu
Joxe Mari Agirretxek EHAZEk herrian nahiz Euskal Herrian egin duen bideaz hitz egin zuen lehenik eta behin, “kana batzuk izanagatik, jaioberriak gara; duela sei hilabete sortu ginen, ereiteko asmoarekin. Krisi ekonomikoa bizi dugun garaiotan, asko hitz egiten da antzerkiaren krisiaz ere: ikusle gutxi dagoela, gutxi programatzen dela… Negar egitetik irri egitera eta ereitera pasa nahi dugulako sortu zen EHAZE: geurearen protagonista izateko. Kulturan eta euskaran sinisten dugulako sinisten dugu antzerki zaletasunean eta Euskal Herri sendoa bultzatu nahi dugu antzerkian bezala, literaturan, kantagintzan, dantzan eta esparru guztietan. Gure ekarpena eskaintzera gatoz”. Kulturak parte hartzailea izan behar duela uste dute EHAZEko kideek, herritarrak protagonista izango dituena, “horretarako eskolak edota tailerrak sortu behar ditugu herriz herri, antzerki talde amateurrak nahiz profesionalak, dokumentazioa nahiz gidoiak behar ditugu. Taldeak batera eta bestera mugitzeko sare baten beharra ere badugu. Antzerkia bere herrian hartu nahi duena eta antzerkia herriz herri eskaintzen ibili nahi duena ere behar dugu; prestakuntza, kurrikuluma eta, era berean, iraganera nahiz etorkizunera begiratzea ere bai. Denon artean, elkarlanean, antzerki zaletasuna zabaldu nahi dugu Euskal Herriaren markoan eta euskaraz”. EHAZEko kideentzat oso garrantzitsua da Villabonako Udalarekin sinatu duten hitzarmena, baina euren asmoa gehiago zabaltzea da, “lehen alea jarriko dugu Amasa-Villabonan eta hemen egitera goazena Euskal Herrian zabaltzea da gure nahia, akordio bera beste udaletxe eta elkarteetan aurkeztuz”.

Ikuskizunak eta tailerrak
EHAZEko kide Alex Tellok eman zituen Villabonako Udalarekin lotutako hitzarmenaren zehaztasunak: “Antzerki zaletasuna sustatu, herrian mugimendua sortu eta herritarrak parte hartzaile aktibo izatea lortze aldera, 2011 urtean zehar antzerki programaketa egonkorra bideratuko da adin guztietako ikusleei zuzenduta. Helduentzako saioak ostiraletan izango dira, haur eta familientzat igandetan…”. Antzerkiak herria elikatzea eta herria antzerkiaz elikatzea, horixe EHAZEko kideen ideia nagusia: “herritarrek ikuskizun eta tailerren bidez antzerkia ezagutu eta bide hori bultzatzea eta parte hartzea litzateke biderik onena”. Urtarrilean hasi eta ekainera arte, hilean behin antzerki tailerrak eskainiko dira 16 urtetik gorakoentzat, “clown-a, maskara, inprobisazioa, mimoa, gorputz adierazpena…, denetarik landuko da. Tailer horien bidez, antzerkian arituko den taldea sortuko da herrian”. Herritarrak protagonista izango dira Udalak bultzatuko duen prozesuan, beraz. EHAZEk bere baliabideak jarriko ditu tailerrak bezala euskarazko programazioa bideratu ahal izateko.

Herriko taldeekin elkarlanean
Euren ekimena Amasa-Villabonako hainbat talderi aurkeztu diete EHAZEk eta Udalak: Jubilatu elkartea, Hutsuneak Betez emakume taldea,  herriko ikastetxeak, gaztetxea, etorkinen gazte taldea, kale hezitzaileak, txirrindulariak, Oinkari dantza taldea… “Denekin batera elkarlanean aritzeko asmotan gatoz eta hori da gure helburua Euskal Herri mailan ere. Denon artean elikatuz gero, denok aberastuko gara, eta noski, baita gure herria ere”, EHAZEko Joxe Mariren esanetan.

Otsailerako programazioa
Otsailean zehar Amasa-Villabonako II. Bakarrizketa lehiaketa burutuko da:
  • Lehen saioa: Otsailak 11, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Garbiñe Astiasaran, Xabier Barriola, Olatz Etxeberria, Erika Olaizola, Eneritz Artetxe eta Ione Gorostarzu.
  • Bigarren saioa: Otsailak 18, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Jon Plazaola, Txiki Martinez, Barry Barrez, Nahia Uhalde eta Mailu Arruti.
  • Azken saioa: Otsailak 25, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Aurreko saioetako bina bakarrizketalari.
Sarrerak 5 eurotan salgai Kixubin, Amasa okindegian eta EHAZEn.
  • Antzerki tailerra (16 urtetik gorakoentzat): Otsailak 19, larunbata. 09:30-13:30. Izen- ematea: 943691655 eta antzerkizale@hotmail.com. Zenbatekoa: 10euro / 8euro Gazte txartelarekin (hamaiketakoa barne).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!