Generoa eta bertsolaritza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:29

Bertsozale Elkartearen baitan, 2008 urtean jarri zuten abian Genero batzordea; azken urteetan gauzatutako ibilbidearen ondorio gisa. Otsailean zehar ‘Umorez: generoa bertsolaritzan’ jardunaldiak antolatu dituzte Subijana etxean.

Onintza Enbeita, Egoitz Aizpuru, Jon Artano, Jokin Labayen, Ixiar Eizagirre eta Nere Erkiagak osatzen dute Genero batzordea. Ixiar eta Nere eragileek hartu dute hitza.

Zeintzuk dira zuen batzordearen asmoak?
Ixiar:
Parekidetasuna sustatzea da gure helburu nagusia; Bertsozale Elkartean bezala, bertsolaritzako gainerako alorretan. Helburu hori lortze aldera, egitasmoa hiru ildotan banatuta daukagu. Batetik, Bertsozale Elkarteko Genero Plana diseinatu nahi dugu: Elkartearen barruko funtzionamenduan edota edozein egitasmo bideratzen denean, generoaren inguruan zein iritzi kontuan izan behar den zehazteko. Bigarren, bertsolaritzako partaideen sentsibilizazioa eta formazioa bultzatu nahi ditugu, gaiaren inguruan orain arte pentsatu ez duten bertsolaritzaren esparruko kideak genero kontuetara gerturatuz. Horretarako hainbat tailer eta hitzaldi antolatuko ditugu urtean zehar. Hirugarren eta azkenik, bertsolaritza eta generoari lotutako dokumentazioa jaso, sailkatu eta gizarteratzea da gure asmoa.

Urte hauetan egindako lanaren ondoren, zein hutsune nabarmenduko zenukete?
Nere: Askotan intuizioz jokatzen dugu gaiaren inguruan. Ez daukagu tesirik, ez gaiaren inguruko ardatzik. Ez dakigu genero sistemak zein eragin daukan sorkuntzan –kasu honetan bertsolaritzan–. Ez daukagu pausoak emateko manualik. Bide berri bati ekin diogu eta etorkizunean, honetan lanean ari garenok gauzak hobeto egin eta pertsona askeagoak eraikitzeko irizpideak zehaztuko dituzten ikerketak etorriko direla pentsatzen dugu. Generoari buruz hitz egiterakoan, batzuek emakumeen gaia soilik irudikatzen dute. Egia esan, bada emakumeekin lotutako gaia –emakumeek deseraiki egin behar dituztelako ikasitako gauza asko–, baina gizonekin ere badu zerikusirik. Hezkuntza tradizionalak pertsona guztioi jarri dizkigun moldeak askatzen ikasi behar dugu, bakoitzak nahi duen sorkuntza, bizimodua edota jarrerak aukeratu ahal izateko.
I.: Batzordean lanean hasi garenean bizitza guztirako bidea dela onartu dugu. Ez daukagu mundua epe laburrean aldatzeko helbururik, baina alderdi positibotik ulertu nahi dugu bide hori: hobetzen goazenaren positibotasunetik, umoretik eta erakartzetik. Ahalik eta jende gehien sentsibilizatzea lortu nahiko genuke.

‘Umorez: generoa bertsolaritzan’ jardunaldiak
Sentsibilizazioa eta formazioa sustatuz, lau hitzaldi antolatu dituzte otsailean zehar Subijana etxean, “Umorez: generoa bertsolaritzan”  izenburupean.

  • Otsailaren 3an, Jone Miren Hernandezek ‘Emozioen labirintuan: Emakumeen hitza, ahotsa eta bertsolaritza: norabide ezberdin baten bila?’ eta Xabier Odriozolak ‘Parekidetasuna eta maskulinitate berriak’ hitzaldiak eskaini zituzten.
  • Otsailaren 10ean Leire Ibargurenen txanda izango da 18:00etan: ‘Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok arte eszenikoetan’ tesinan oinarritutako hitzaldia aurkeztuz. 19:30etan, Maialen Lujanbio eta Judith Monterok “Ornitorrinkus” lanaren interpretazioa eskainiko dute.

Herritar oro gonbidatuta dago parte hartzera. Hitzaldien ostean afaritarako aukera ere izango da, Erreserba: Bertsozale Elkartean (943 69 41 29 / umorez@bertsozale.com).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!