Eskulanetan trebe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:26

Pintura, fieltroa, marrazketa, altzarien zaharberritzea..., norberari gehien gustatzen zaion eskulana lantzeko aukera eskaintzen dute ostiral arratsaldero Zizurkilgo Iriarte etxean.

Duela hamalau urte baino gehiago jarri zen martxan eskulan ikastaroa eta taldeak gogotsu eutsi dio zaletasunari. Zortzi ikasle biltzen dira Olivia Sanchez irakaslearekin, norberaren gogoko eskulana lantzeko asmoz. “1996an ekin genion ikastaroari eta etenik gabe eutsi diogu. Urrian hasi eta ekaina bitarte, Iriarte etxean biltzen gara, bi ordu eta erdiz. Gauza ezberdinak egiten ditugu; ikasle bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen eta ni, behar duten laguntza ematen saiatzen naiz”.

Izena ematea, zabalik
Zortzi ikasle biltzen dira gaur egun Iriarte etxean: “Talde irekia da eta aste gutxi barru, beste kide bat etortzen hastea espero dugu. Ez da bereziki trebea izan beharrik eskulanak egin ahal izateko. Pazientzia eta gogo pixka bat izatearekin nahikoa izaten da. Pintura gustuko ez duenak, fieltroa, bitxigintza edo beste hainbat eskulan egin dezake. Aukera ezberdin asko dago”, azaldu du Oliviak. “Hamalau urteren buruan, eskulan ezberdin asko egin dituzte Zizurkilgo ikasleek: oleoa, akuarela, marrazketa, akrilikoa, hondarrezko marrazkiak, lanparak, egur-lanketa, estainua, zeta gaineko margolanak, figura ezberdinak, buruhandiak, fieltroa, bitxiak, errusiar portzelana, lore lehorrak, platerak…, denetarik egin dugu eta ez dugu etorkizunerako ideia faltarik izaten”, azpimarratu du.

Martxoan erakusgai
Egindako lanekin erakusketak antolatzen dituzte urtero. “Martxoaren 8ko ospakizunen inguruan urtero jartzen dugu egindako lanen erakusketa eta urriko azoka berezian ere jarri izan dugu”, aipatu du Juani Alkorta partaideak. Juanik berak hainbat gunetan jarri izan ditu ikusgai bere lanak: “Alegian, Legorretan, edota Leaburun jarri izan ditut ikusgai nire margolanak. Azken asteotan, erreliebea lantzen ari naiz nire margolanetan, horretarako berezia den pasta moduko bat erabiliz. Pazientzia handia eta ordu askotako lana eskatzen duten margolanak dira, baina gustura ari naiz. Beti erreferentzia baten gainean egiten dut lan. Paisaiaren bat margotu behar badut, esaterako, lehendabizi argazkia egiten diot aukeratutako tokiari eta irudi hori erabiliz margotzen dut”, azaldu du Juanik.

Gogoa eta pazientzia
Alicia Calleja, Maribel Angulo eta Juani Alkortarekin batera, taldearen sorreratik bertatik hasi ziren eskulanetan parte hartzen: “Ostiral arratsaldean, gustura biltzen gara Iriarten. Oliviak ideia ezberdinak ematen dizkigu eta eskulanak aldatuz, ez dago aspertzeko arriskurik. Zenbat eta gehiago aritu, orduan eta ideia gehiago sortzen zaizkizu eta hori beti da aberasgarria”.
Egun, gizonezko bakarra dabil eskulanetako taldean. “Kosta egiten zaie guregana hurbiltzea, baina hasten direnak, oso gustura aritzen dira eta beti izan dugu gizonezkoren bat edo beste taldean”. Juan Jesus Zarrabeitia Alegiatik etortzen da ostiralero, eskulanetako taldean parte hartzera: “Marmitak margotzen hasi nintzen eta orain, beste zenbait eskulan egiten ere aritzen naiz. Guztira hamalau marmita margotu ditut, guztiak enkarguz eskatutakoak. Plaza Etxeberri jatetxean dago nik margotutako horietako bat”.

OLIVIA SANCHEZ, IRAKASLEA
Noiz murgildu zinen eskulanen munduan?
Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak. Duela hogei urte gaiari lotutako Arteka denda zabaldu nuen Ibarran, eta bertan hasi nintzen lehen ikastaroak eskaintzen. Denda Tolosara pasa nuen geroago eta Beasainen ere zabaldu nuen beste bat. Herri askotan eskaini izan ditut ikastaroak: Asteasu, Irura, Alkiza, Zizurkil, Donostiako Zientziaren Kutxagunean edo Kristina Enean…

Eskulanetarako ideia berriak sortzea ez da lan erraza izango…Bai, etengabeko ikaskuntzan aritzea eskatzen dit lan honek ikasleen nahi eta beharretara egokitu ahal izateko. Gaur egun, esaterako, jendeak garrantzia handia ematen dio berrerabilpen eta birziklapenari. Altzariren bat margotuz, giro ezberdina eman diezaiokezu etxeko gela bati eta jendeak asko eskertzen du mota horretako ideiak ematea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!