Lurra landuz bizitzeko ekimenak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:24

Adin ezberdinetako gizon-emakumeak bildu dira Mendikoi Fraisorok eskaintzen duen baratzezaintza eta frutazaintza ikastaroan. Batzen dituen ezaugarri bat dute guztiek:
lurra lantzetik bizitzeko asmoa.

Baratzezaintza eta frutazaintzako profesionalak hezitzeko ikastaroa urtarrilaren 12an jarri zen martxan Fraisoron. Bakarne Aranaga da ikastaroko koordinatzailea eta hark eman ditu azalpen nagusiak: “Guztira, 475 orduko ikastaroa da. Ikasgai teoriko-praktikoak Fraisoron egingo dira eta horrez gain, irteerak egingo dira zenbait ustialekura. Ikasturtearen amaieran, praktikak ere egingo dituzte ikasle guztiek”.
Ikastaroaren helburu nagusia baratzezaintza eta frutazaintzan arituko diren profesionalak heztea da: “Hemendik oinarri sendo batekin aterako dira. Ikasle askok proiektu zehatzak dituzte buruan; etxeko sailei etekina ateratzeko baratze ekologikoak, fruta ekoizpena…, beste zenbait ikasle berriz, ideia zehatzik gabe iritsi dira, hemen ikasitakoarekin erabakiren bat hartzeko asmoz”, azaldu du Bakarnek.

Oinarri sendoa
Barazkiak hazteko modu ezberdinak, frutondoak zaintzeko modua, ongarrien inguruko informazioa, landareen osasuna mantentzeko moduak, enpresa kudeatu ahal izateko jakin beharrekoak…, denetarik ikasiko dute ikasleek ekaina bitarte: “Enpresa martxan jartzeko oinarria jasoko dute hemen. Gero, norberak aukeratzen duen sektorearen arabera, bere ikasketak zabaltzeko aukera izango du”.Gainera, beharrezko heziketa jasotzeaz gain, Gaztenek zerbitzuaren gidaritza eta laguntza ere izango dute ikasleek.
Ikastaroaren amaieran, ikasle guztiek euren proiektuak aurkeztuko dituzte: “Benetazko proiektua dutenek, hori lantzeko aukera izango dute eta gainerakoek, fikziozko proiektua sor dezakete”, azaldu du Bakarnek. Ikastaroak irauten duen bitartean, gainera, etorkizunerako baliagarri izango zaizkien hiru agiri eskuratuko dituzte ikasleek: Produktu fitosanitarioen aplikatzaile titulua, arriskuen prebentziorako titulua eta elikagaiak manipulatzeko karneta.

Nerea eta Amaia Arsuaga
Andoain
Goiburu auzoan bizi dira Nerea eta Amaia Arsuaga ahizpak eta baserria biziberritzeko gogoz eman zuten izen ikastaroan: “Gurasoak adinean aurrera doaz eta baserriaren inguruko erabaki bat hartu beharra zegoen. Gure proiektua buruan genuela Tolosako landa bulegora joan ginen informazio eske, eta Fraisorora bideratu gintuzten. Etxean lursail handiak ditugu eta asmo ezberdinak ditugu: batetik, lursail onenetan baratze ekologikoa jarriko dugu, sail malkartsuetan animaliak, eta etxe inguruan dagoen bordarako ere badugu beste proiektu bat. Hura berritu eta landetxea jarri nahiko genuke. Lana utzita etorri gara bi ahizpak ikastera, proiektuari buru-belarri eusteko asmoz. Baserriari bizi berria eman behar zaiola iruditzen zaigu, gure inguruko sailak zaindu eta gustatzen zaigun lana eginez bizi. Ideia polita dela uste dugu eta nahiz eta badakigun baserria oso lotua dela, eta lan gogorra izango dugula, oso pozik gaude. Ikastaroak asko ikasteko modua eman digu eta gainerako ikaskideen ideiak entzutea ere aberasgarria da”.

Nahuel Vieso
Asteasu
Goibailaran bizi da Nahuel eta lurrak ematen duenetik bizitzea da bere asmoa: “Betidanik izan dut lurrarekiko lotura berezia. Etxean sail handiak ditugu eta sail horiek zainduz, haiek ematen dutenetik bizi nahi nuke. Nire bizitza profesionala bide horretatik zuzendu nahi nuke eta buru-belarri hasi naiz ikastaroan”.

Mapi Garcia
Tolosa
Mapik ere argi du bere etorkizun profesionala nola bideratu nahi duen: “Etxean beti izan dugu baratzea, baina ez naiz asko aritua. Gaztetan, nahiago izan nuen beste edozein lanetan aritu. Denborarekin, ordea, mundu hori asko gustatzen zaidala konturatu, eta lagun baten bidez, aukera bat sortu zitzaidan: Berrobiko Telleria baserrian produktu ekologikoa landu eta herri ezberdinetako azoketan saltzen dute. Lagun batek esan zidan erretiroa hartzeko gogoa zutela eta bi aldiz pentsatu gabe haiekin hitz egitera joan nintzen. Beraiek bideratu naute Fraisorora eta gauzak uste bezala joaten badira, nik eutsiko diot Telleria baserriko lanari. Informazio asko jasotzen ari gara, oso interesgarria izaten ari da ikastaroa”.

Otsailean, landetxeen inguruko ikastaroa
Landetxe edo nekazal turismoko ikastaroa egingo dute otsailetik maiatzera Fraisoron. Dagoeneko landetxeak kudeatzen dituztenei, zein etorkizunean alor horretan aritu nahi dutenei zuzendutako ikastaroa da eta otsailaren 22a bitarte egongo da izena emateko aukera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!