Fieltroa lantzeko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 1a, 18:21

Poltsak, txapelak, paparrekoak, belarritakoak..., artilea erabiliz eskulan ikusgarriak egiten ikasteko aukera eskaintzen du Asteasuko fieltro ikastaroak.

Virginia Ameztoy da ikastaroaren gidaria eta oso pozik dago jasotako erantzunarekin: “Fieltroa lantzeko teknika nahiko ezezaguna da hemen eta ikastaroa antolatzeko lehen pausoak ematen hasi nintzenean, beldur pixka bat ematen zidan jendea animatuko ote zitzaidan edo ez. Horregatik, neronek fieltroarekin egindako zenbait eskulan jarri nuen ikusgai Asteasuko azoka berezian. Egun horretan bertan interesa agertu zutenekin osatu dugu taldea eta oso gustura ari gara”.
Merina arrazako ardien ilea, ur beroa eta glizerinazko xaboia; horiek dira fieltroa egiteko osagai nagusienak. “Ur epela eta xaboia nahasten dugu lehendabizi, nahasketa horrekin artilea busti eta eskuz lantzen dugu ondoren, ogia egiteko masa egiten ariko bagina bezala. Lantze prozesu horren eraginez, artilearen zuntzak elkartzen joaten dira eta fieltroa sortzen da. Oso lan polita da eta behin fieltroa osatuta, eskulan ezberdinak egiteko aukera zabala eskaintzen du”.

Teknika eta irudimena landuz

Astearte arratsaldetan, Lizardi etxean biltzen dira taldekideak fieltroa lantzeko. Sei ikasle dira: hiru asteasuar, villabonatar bat eta bi donostiar. Ikastaroaren lehen egunak teknika ongi ikasteko erabili dituzte. Artileari kolore ezberdinak ematen ere ikasi dute eta dagoeneko, lehen piezak sortzen ari dira ikasleak. Eli Bengoetxea asteasurrak, esaterako, hainbat eskulan landu du dagoeneko fieltroa erabiliz: “Alabarentzako txapela egin nuen aurreko astean eta belarritakoak eta lepokoa ere egin ditut fieltrozko bolatxoak oinarrian hartuta. Ikastarora etorri aurretik ez nuen ezagutzen fieltroa egiteko teknika eta ezusteko polita izan da”.
Miren Vitoriak ere azokan jakin zuen ikastaroaren berri: “Fieltroa oihal mota bat zela uste nuen, ez nuen sekula ere pentsatu eskuz lantzeko aukerarik bazegoenik. Poltsa bat egiten ari naiz orain, plantilla bat erabiliz. Joku handia ematen du fieltroak, izan ere, nahi adina kolore erabil daiteke eta lodiera ere norberak aukera baitezake”.
Nekane Galarraga villabonatarra, asteartero gerturatzen da Asteasuko ikastarora: “Oso gustura nabil. Lehendabiziko egunetan fieltrozko pieza ezberdinak sortzen hasi ginen eta azken egunetan, poltsa eta txapela ere egin ditut. Pixkanaka, erraztasuna hartzen ari gara eta zenbat eta gehiago egin, orduan eta ideia gehiago sortzen ari zaizkigu. Ikastaroko gainerako partaideek egiten dituzten eskulanetatik ere ikasi egiten da eta hori oso aberasgarria da. Giro ederrean elkartzen gara astearte arratsaldetan eta asko ikasten ari gara gainera”.

Aukera zabala
Alabarentzako txapela egiteko asmoa azaldu du Maite Egiguren asteasuarrak: “Momentuz, fieltrozko brotxeak osatu ahal izateko piezak sortzen ari naiz, oihal eta kolore ezberdinak nahastuz”. Mota ezberdinetako oihalak nahasteko aukera ematen du fieltroak. Hala azaldu du Virginiak: “Artilearen iletxo txikiak oihalarekin nahasten joaten dira eta prozesua amaitzean, pieza bakarrean batuta geratzen dira. Horrek, joku handia ematen du; jantziak, lepokoak, fularrak…, denetarik egin daiteke. Asteasuko ikastaroan, teknika ikasten ari gara momentuz eta aurrerago, koloreak eta oihalak nahasten joango gara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!