Etxetik prestatuta ekarritako agurrean Eugenio txiste kontalariaren azalean sartu zen Jokin Labayen, kontalari katalanaren imitazio mundiala egin eta txiste barregarriak kontatuz. Tartean, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa taldekideek Sabina, Imanol Errazkin (Manolo Escobar), Egan taldea (Xabier Saldias eta neska laguntzailea) edota Kupela taldeen bertsio eta esketx dibertigarriak eskaini zituzten. Aurkezpenak ordu erdi pasatxo iraun zuen eta bitartean, Doneztebe taldeko kideak elkartearen kanpoan zeuden noiz bukatuko ote zuten zain. Saioan zehar, Doneztebe taldekoek behin baino gehiagotan aurpegiratu zieten kanpoan egiten zuen hotza kontuan hartuta, sekula amaitzen ez zen aurkezpena ekarri izana.
Doneztebe taldeko kideek urtarrilaren 27ko greba egunari egin zien erreferentzia, sarreran "hauen agurra joan da luze xamar/iritsi da 2050" abestuz. Greba eguneko txartelean ere 2050 urtea idatzita ekarri zuten. Zapiak buruan, maoizko galtzak soinean, obreroz jantzita, kanpineko mahai eta ogitartekoarekin egin zuten euren aurkezpena: "ai, ai, ai, ai/hik lan ta nik e bai" errepikatu zuten behin eta berriz, bertso umoretsuak abestearekin batera.
Jon Zaldua aritu zen Asteasun gai-jartzaile lanetan eta lehen ariketa, Labayen eta Gurrutxagari luzatu zien, Juana Bixenta Olabe doinuan examinatzailearen eta apunteak hartzen jo eta su ari zen irakasle-ikaslearen paperean jarriz bertsolariak. Puntuka aritu ziren segidan Muñoa eta Izagirre. Asteasun ligatzeko aukeren inguruan osatuz lan hori. Segidan, Lizarralde eta Martin oiartzuarrak hamarreko txikian aritu ziren. Gaia: Tabakoaren lege berria dela eta, Jon tragoa bukatu eta zigarroa erretzera kalera atera zen. Ander tabernaria leihoan zelatan, ordaindu gabe aldegingo ote zuen beldurrez. Saio polita eskaini zuten.
Gurrutxaga eta Muñoa aitatasun baimena bukatu eta lanean hasteko irrikitan jarri zituen gai-jartzaileak. Bertso umoretsuak izan ziren, haurren negarra baino nagusiaren aginduak entzutea nahiago zutela argudiatuz. Zortziko txikian ofizioka aritu ziren Lizarralde eta Izagirre, ume paperean eta jostailuzko moto txikietan desafioka, elkartean atzera eta aurrera. Desafio nagusia: "Karrera egingo dizut/Erniotik behera". Ariketaren ostean, txalo zaparrada jaso zuten bi bertsolariek. Bi armiarmen paperean ere abestu zuten Labayen eta Martinek: bata pareteko alojenan zintzilik zegoen, bestea komunzuloko pegatina zen.
Ikusleei afalostean eginiko galderen emaitzekin kopletan osatu zuten taldekako ariketa. Oraingoan hauexek galderak: Hiruetatik nork erabiltzen ditu markako kantzontziloak? Nork oparitzen dio amari lore sorta urtebetetzean? Nork izaten ditu Shakirarekin amets erotikorik gehien? Saio polita eskaini zuten bi taldeek.
Bakarkako gaia: Eskola bateko garbitzaile zara. Hamar urte eskolan lanean arituagatik, langile askok ez dakite oraindik zure izenik ere. Gurrutxaga eta Lizarraldek ederki erantzun zioten gaiari, biek lanetik faltako balira, haietaz ederki gogoratuko liratekeela aipatu zutelarik.
Habanera doinuan aritu ziren Izagirre eta Labayen ondoren, puntu erdika aurrena eta oinak jarrita gero. Azken ariketa puntuagarria, segidilla: Muñoa eta Martin jendartera atera ziren, aurreko kanporaketan Ontzan ariketa horrek izan zuen bizitasun eta indarrik izan ez bazuen ere.
Ikusleak botoak ematen ari ziren bitartean, agurrak puntuka abestu zituzten bertsolari guztiek batera. Azken emaitza: Donelontxo aurrera! Donelutxirekin batera lehiatuko dira, beraz, otsailaren 12ko final handian.