Joxe Mari Bitoria Bengoetxea, palari agur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 26a, 10:11

Joxe Mari Bitoria Bengoetxea (Andoain, 1969) pala jokalariak iazko azaroan utzi zuen pala, 25 urte pilotalekuetan igaro eta gero. Afizionatu mailan herriarteko, Gipuzkoako edo kluben arteko makina bat txapelketetako finaletara iritsi da, Gaztelekurekin.

Kontatuko al diguzu nolaz iritsi zinen palara?
Joxe Mari Bitoria: 16 urte arte eskuz jokatzen ibili eta gero, pala luzeari ekin nion. Federazioak Anoetan pala eskola irekitzera zihoala zioen iragarkia irakurri nuen egunkarian behin, eta hantxe aurkeztu nintzen nire Derbi zaharra hartuta. Azkarate eta Zapirain profesional ohien agindutara, 40 bat lagun bildu ginen. 10 bat minutuz jarduteko eskatu zidaten, paletaz. Handik egun batzutara, Baldan, ordu beteko saioa eginarazi zidaten pala motzarekin. Aste baten buruan jada pala luzean jokatzen ari nintzen.

Nolako ibilbidea egin zenuen pala luzean?
J.M.B.: Txapelketetan parte hartzeko hautatu ninduten beherala, Gipuzkoa ordezkatuz jubenilen, 23 azpikoen eta helduen mailetan. Aurreneko bi mailetan aurrelari gisa jokatu nuen, baina pixka bat indartzen joan ahala atzera pasa ninduten. Urte batzuk horietan arituta, pala motzera jo nuen; iaz arte.
Pilotalekuetan egin ohi denaren kontrako prozesua egin izan dut beraz: pala luzetik pala motzera joan naiz.

Zergatik eten zenuen pala luzearen bidea, profesionaletarako irtenbide bakarra duen modalitate hori?
J.M.B.: Berez, nire posturak, baldintzak…, pala luzerako izan dira egokienak beti. Klasikoa da nire jotzeko era, besoa luzatu eta azpitik gora ematen baitiot pilotari. Hala ere, pala motzera egokitu nintzen eta hura izan dut lagun urte askoan. Izan ere, luzea modalitaterik zailena da ikasteko, askogatik. Esker txarrekoa da. Asko jokatu behar da, pazientzia izugarria eduki behar da zerbait itxurosoa egiteko, eta oso jende gutxi animatzen da bide horri heltzeko.
Aurreneko urte haietan profesionaletarako jauzia emateko aukerarik izan al zenuen?
J.M.B.: Azken koska igotzeko atarian geratu nintzen. Deportivo pilotalekura joateko esaten ziguten, aukerak eduki genitzakeela profesionaletarako jauzia egiteko, eta horrelaxe egin genuen makina bat alditan.
Profesional izan nahi zuenak jokatu behar zuen txapelketa jokatzen zen Bilboko jaietan, eta hiruzpalau urtetan hartu nuen parte bertan. Azkenekoan gogoratzen naiz Benito Gaztañaga herrikidearekin izan zela; finalera iritsi eta Urkia eta Valera izan genituen aurkariak. Bada, ni ez beste hirurak profesionaletan jokatzeko hautatu zituzten agudo.  

Pena handia hartuko zenuen...
J.M.B.: Bai, noski. Baina tristura gainditu eta jakin izan nuen garrantzia kentzen; afizionatu mailan gozatzen segitu nuen.

Zein izan dira zure ezaugarriak pala jokalari gisa?
J.M.B.: Sakea ona, kolokazioa, azpiko posturak, atzean nahiko segurua izatea aurrelariarentzat… Ezkerra izan dut ahula, baina jakin izan dut zenbait arma erabiltzen gabezi hori estaltzeko.

Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?
J.M.B.: Min handirik ez nuen eta jokoz ere nahiko txukun nenbilen. Hala ere, familiarekin zerikusia duten lehentasunek agindu dute nigan. Iraganean edozer gauza utzi nezakeen bazterrean pilotalekura jokatzera joateagatik. Azken aldian, ordea, gero eta gehiago kostatzen zitzaidan hori egitea; palagatik semearen futbol partida ikusi ezin izateak adibidez, amorrazioa ematen zidan. Egoera horretaz ohartu nintzenean, akabo pilota!, esan nuen.

Gipuzkoako finala irabazita utzi duzu pilota…
J.M.B.: Ingurukoei eta Gaztelekuko kideei finala jokatu aurretik adierazi nien uzteko borondatea. Ibon Altunarekin osatu nuen bikotea, eta nire desioa finalerditara behinik behin heltzea zen. Gertatu zen, baina, bai finalerdia baita finala ere 40-39 irabazi genuela. Nire ibilbideko azken bi partidak izanik, kantxara urduri irtengo nintzela pentsatzen nuen, baina ez! Tenple onean banago, sakean arriskatu, eta nahi dudan tokian jar dezaket pilota. Halaxe egin nuen azken bi partidetan. Finalean, 39-38 galtzen gindoazela, Fermin Altuna entrenatzaileari komentatu nion sakean bi paretak egitera ausartuko nintzela, atzelaria ezkerra baitzen. Saiatu eta bitan egin nuen tanto segidan, pilota txaparen gain-gainean jarri eta gero.
 
Itzultzeko tentaziorik ez al duzu izan pala utziz gerotik?
J.M.B.: Tarteka bai, baina erabakia hartuta dago eta ez naiz damutzen. Segi nezakeen soilik astean bitan entrenatzera joanda; baina badakit txapelketan parte hartzera derrigortuko nindukeela klubak, eta hori ez dut nahi. Luzatu didate aposturen bat: baietz itzuli bi urte baino lehenago. Ez dut uste irabaziko dutenik!

Nola ikusten duzu pilota Andoainen?
J.M.B.: Nire pilotakide ohiak txapelketak irabazten segitzeko moduan dira hurrengo urtetan klubaren edo herriaren izenean. Ibai Iradi eta Ibon Altuna aurrelariak punta-puntan dabiltza Euskal Herri mailan, eta Lete eta Zabala atzelariak ere ez dira makalak. Gertatzen da atzetik ez dela harrobirik ikusten. Gazte asko dabil eskuz, eta horiengan jarri beharko da itxaropena!
Egunen batean eskua uzten dutenean gehienek pala probatzera animatuko nituzke, neronek 16 urterekin egin bezala. Har dezatela Aritz Rekalderen adibidea: eskua utzi eta pala hartu du orain aurretik; denbora gutxi darama, baina oso emaitza onak lortzen ari da.

Zer eman, zer kendu dizu palak?
J.M.B.: Tristuraren bat bai, baina poza nagusi izan da. Merezi izan du 25 urteko ibilbidea, asko gozatu dudalako. Ileapaindegian orduak lanean egin eta gero, batere mokadurik jan gabe, urtetan pilotakekura joan izan naiz entrenatzera zein partida ofizialak jokatzera. Bizimodu horri eusteko, zaletasuna behar da.

Eskerrak nori emana izango duzu, 25 urteren ostean…
J.M.B.: Nirekin pazientzia izan duen familiaz gain, Fermin Altuna aipatuko nuke bereziki. 10 urterekin eskuz hasi nintzenean jada hor zegoen, Gazteleku klubari eta pilotariei laguntzen. Aurten utzi du, hainbeste urte jarraian eta isil-isilik egin eta gero.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!