Mizpiradi sagardotegia, Leizotz bailaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 26a, 10:10

Leizotz auzoan, Atxular mendiaren iparraldeko maldan dago. Kilometro eta erdi pasatxora, Goikoplazatik edo Idiazabal Audi baserritik abiatuz gero.
Zalaparta handirik gabeko sagardotegia da, Angel Mari Arruabarrenak du bertako ardura. Iaz Kaletxikiko jaietan lehen saria irabazi zuen sagardogilea da bera.

Derrigorrezkoa da lehenbiziko galdera. Zer moduzkoa dator aurtengo sagardoa?
Angel Mari Arruabarrena:
Tragoska bat edo beste besterik ez dut egin, eta oraindik ez dakit zein hitzekin definitu... Kolore askorekin, gorrixka, argi askorik gabe datorrela alegia, hori behintzat esan dezaket. Iruditzen zait etorri gabe dagoela oraindik, hala ere. Martxoa arte itxaron beharko da bere onenean harrapatzeko, seguruen. Normala izan ohi da prozesu hori.

Zerorrek egiten al duzu sagardoa?
A.M.A.:
Bai. Baserria osabena izan zen, eta horiek garai bateko gehienek bezala, sagardoa egiten zuten etxean. Nik haiek ikusiz eta arituz-arituz ikasi nuen. Noski, ikastaroren bat edo beste ere egin behar izaten da, gehiago ikasteko.
Horrela, 2000. urtean baserria dena erreformatu eta ukuilua sagadortegirako egokitu nuen.

Sagarra nongoa izaten duzu?
A.M.A.:
Bi hektarea eta erdiko sagastia daukat eta hortik ateratzen dut asko. Inguruko baserrietatik, Adunatik, Frantziatik… ere ekartzen dut.

Zenbateko ekoizpena izaten du Mizpiradik, hortaz?
A.M.A.:
Sagardotegian hamar kupel daude (sei egurrezkoak, bi poliesterrekoak eta beste bi aluminiozkoak) eta horietan 40.000 litro kabitzen dira. Tabernen eta eskatzen didaten bezeroen artean, berriz, 40.000 bat litro banatzen ditut.

Nolako mugimendua hartzen du sagardotegiak, jendeari dagokionez?
A.M.A.:
Denboraldia San Sebastian eguneko asteburuan hasten da, eta itxi, maiatzaren 1ean. Astegunez, hurrengo goizean jaikitzeko presa handiegirik ez duen jendea etortzen zaigu. Asteburuetan gauza aldatu egiten da: bazkaritara familiak etortzen dira gehienbat, eta gazte koadrilak afaritara. Andoain aldetik etortzen dira bezerorik gehienak.  

Jendez gainezka ibiltzen al zarete?
A.M.A.:
Ez pentsa... Sukaldean neroni aritzen naiz, eta mahaiak zerbitzeko laguntzailea badut; nahikoa da moldatzeko. Hemen ez dago beste zenbait tokitan sumatzen den zalapartarik.
Honaino datozen bi bideak nahiko estuak dira, eta hemen ez dago autobuskada bete bezero etortzeko arriskurik. Halako asmoz hots egin izan dutenean ezetz erantzun diet. Etortzekotan autobus txikian etor daitezela, horixe esan izan diet.  

Sagardogileen elkartea, kalitate labela, museoa… Nola ikusten duzu dinamika hori?
A.M.A.:
Ez zait gaizki iruditzen, baina jardunbide horiek ez naute gehiegi kezkatzen. Sagardo ona egitera eta Mizpiradi ahalik eta txukunen eramatea, horixe da nire dedikazioa. Daukadanarekin konformatzen naiz, eta ez dut negozioa neurririk gabe zabaltzeko anbiziorik.

Adituen iritzia
Xabier Oiartzabal eta Joxe Mari Elola, Mizpiradiko bezeroak:
“Urtean bizpahiru alditan azaltzen gara Mizpiradin; biok bakarrik edo koadrilan. Ederki jaten da eta giroa ezin patxarosoagoa izaten da beti.
Bioiri iruditzen zaigu egurrezko lehenbiziko kupeleko sagardoa dagoela oraintxe edateko modukoa, bixitasun handikoa baita. Hirugarren eta bosgarrengo kupelak ere bere neurrian daude. Bigarrengoak, ordea, gozoxeagoa ematen du; emakumeen gustura gehiago egokitzen den horietakoa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!