Santa Agedako erronda, entseguen eta irteeraren hitzorduak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 26a, 10:09

Urteroko legez, aurten ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunak otsailaren 4an Santa Ageda bezperako erronda antolatuko du, herriko beste elkarte, ikastetxe eta talderen partaidetzarekin.

Urtero-urtero ehun lagun inguruk ematen dio errondari hasiera Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizetara ipini ondoren. Arratsaldeko seietatik aurrera herriko kaleetan barrena ibili ohi dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko Otso beltzarenak ere. Zortzi eta erdiak inguruan eman ohi diote amaiera errondari.
Baina Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzen dituzte Ramon Berazaren zuzendaritzapean. Aurten, erronda prestatzeko bi saio egingo dituzte: urtarrilaren 27an izango da lehenengoa, ostegunarekin, iluntzeko zortzietan Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian. Bigarren eta azkena, toki berean, otsailaren 1ean izango da, asteartearekin, iluntzeko zortzietan. Edozein herritarrek parte har dezale errondan, tradizioak agintzen duen bezala janztea eta kantatzea dela, jartzen diren bi baldintza bakarrak, eta ahal dela entsaioetara joatea. Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Ontza elkartean izena aurretik ematen dutenek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!