Arkaitz Lasa, Kilometroak 2012 edizioko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 26a, 10:08

Andoaingo Kilometroak jaialdiaren antolaketa hastapenetan da, aste hauetan lehen ekimenak burutzen ari dira. Udazkenean hasiko da benetako lana, Azpeitiko Kilometroak jaia igaro eta berehala.
Bien bitartean ikastolak koordinatzaile nagusia aukeratu du. Aita Larramendin bertan aurkitu du hautagaia; Arkaitz Lasa irakaslea izango da Kilometroak 2012 edizioko arduradun nagusia.

2012ko Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren koordinatzaile izango zara orduan, Arkaitz.
Arkaitz Lasa.
Aita Larramendi ikastolak abenduan deialdia egin zuen, hautagaitzarako irakaslea izatea lehenetsiz. Azkenean batak bestea animatuz, niri egokitu zait langintza horri eustea.

Gogotsu ekin al diozu?
A.L.
Bai, noski. Hasiera nahiko lasaia izaten ari da. Ikasturtea amaitzeko hainbat gauza zehaztu behar dira, baina lanik handienak hurrengo ikasturtean iritsiko dira.

Eta zeintzuk dira lehen egitekoak?
A.L.
Oraingoz logotipo eta esaldiaren lehiaketa antolatu dugu. Herrian Kilometroak jaiaren aldeko giroa sortu nahi izan dugu eta hasieratik herritarrei parte hartzeko aukera eman nahi diegu. Logotipoa aukeratzea enpresa bati eskaini aurretik, aukera hori herritarrei eman nahi diegu. Otsaila bitarteko epea dugu, martxoan zehar aukeraketa egiteko.
Hortik aurrera bi ildotan sakonduko dugu: batetik, kantuari begira, eta bestetik, antolaketarako lan batzordeei begira.
Hori guztiaz gain, herrigunean denda finkoa jartzeko lokal bila gabiltza. Azaroan zabalduko dugu. Biltegia ere beharko dugu.

Batzordeak zenbat izango diren erabaki al duzue?
A.L.
Bai, Gipuzkoako ikastolen elkartetik jasotzen ditugun irizpideetan oinarrituta hamairu lantalde osatuko ditugu. Hori iritsi aurretik, gaurko egunean, hastapen taldea osatuta dago guraso, irakasle eta zuzendaritzako partaideekin. Neu ere talde horretan nago. Aurrerago, batzordeak osatzen ditugunean, hastapen taldea desagertuko da. Hamahiru batzorde horietan batzordeburu bana izango da.

Batzorde horiek irekiak izango al dira?
A.L.
Bai, horixe da gure asmoa. Oraindik ez dugu inolako deialdirik egin baina martxoan ikastolako guraso, irakasle, ikasle ohi eta herritarrak batzordeetan parte hartzera deituko ditugu.

Aurreko edizioan egindakoa eta garaiu hartako batzordekideek egindako lana kontuan hartu behar al duzue?
A.L.
Orduko esperientzia aberasgarria izango da, zalantzarik gabe. 1990eko edizioan eguraldiak pasada txarra egin zigun andoaindarroi. Handik ateratako irakaspenak baliagarri izango dira hogeita bi urte eta gero.
Kontua da, bestalde, Kilometroak gaur egun duen dimentsioa oso bestelakoa dela. Sekulakoa izan da aldaketa. Ardurak, esaterako,  biderkatu egin dira. Gaur egun, Gipuzkoako ikastolen federazioak Kilometroak antolatzen laguntzeko pertsona bat urtebetez lan egun osoz dauka. Urtero-urtero edizio ezberdinak antolatzen dabil, eta pertsona horren ekarpena oso baliagarria izango da.

Zenbateko garrantzia dute Udalak eta herriko beste zenbait erakundek horrelako jaia antolatzeko garaian?
A.L.
Zalantzarik gabe denen laguntza behar da, eta beharko da. Gauza zehatzetarako laguntza beharko dugu. Hortik aurrera, bidean aurrera egin ahala, ikusiko dugu. Baina, noski, denen laguntza eta ekarpena funtsezkoak izango dira.

Andoaindik gertu, Iruran antolatu zen orain gutxi eta jendetza bildu zen. Andoain kokapen aldetik oso gune egokian dago Euskal Herri osotik jendetza erakartzeko...
A.L.
Urtero bezala, jendetza bilduko delakoan gaude. Andoain ondo komunikatutako herria da. Alde horretatik, hori aldeko faktorea da. Horrek esan nahi du beste alor batzuk landu beharko ditugula. Indarrak beste eremu batzuetan ipiniko ditugu, dauzkagun abantailak aprobetxatuz.

2012ko edizioa zein egitasmo indartzeko baliatuko du Aita Larramendi ikastolak?
A.L.
Bazkardoko eraikina eraiki genuen irakaskuntzaren hirugarren lerroa martxan jarri genuelako. Hurrengo ikasturtetik aurrera hirugarren lerro hori Txistokiko eraikinean abiatuko da. Leku aldetik behar handia dugu. Horixe da, gaurko egunean, ikastolaren erronkarik handiena.

Zerbait gehiago adierazi nahi al duzu?
A.L.
Kilometroak ez dela izango diru bilketarako ekimen hutsa. Andoainen elkarlana sustatzeko eta euskararekiko atxikimendua areagotzeko baliagarria izan dadila, Oso garrantzitsua da hori, nire iritziz. Guk hori sustatu beharko genuke. Hemendik aurrera eta jaia igaro arte herritarrekin, ikasle ohiekin, ikasleekin eskuz esku aritzea espero dugu.

Lantaldeak osatuko dira laster

Ikasle ohiak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak oro har izan daitezke lantaldeetako partaideak. Hamairu talde izango dira denera, alor hauetan banatuko direnak:
• Ekonomia.
• Osasuna.
• Garbitasuna.
• Zirkuitua.
• Trafikoa.
• Salmenta.
• Muntaketa.
• Protokoloa.
• Segurtasuna.
• Komunikazioa.
• Ikuskizunak.
• Txosnak.
• Giza Baliabideak.

Argibide gehiago:
km12@andoainikastola.net

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!