Kargu guztietatik libre zaudete zu eta Udalbiltzako gainerako kideak. Epaia irmoa da, errugabeak zarete.
Karmele Urbistondo. Egia esan, ustekabean jaso dugu epaia. Zigor larria ez genuen espero, epaiketan fiskaltzak delitu ekonomikoa erretiratu egin zuelako. Abokatuek, bestalde, izugarriko defentsa egin zuten. Bikaina esango nuke nik. Hankaz gora jarri zuten akusazioaren oinarri eta eduki nagusia. Ona izan zitekeen zantzuak bagenituen, baina epaia kaleratu baino lehen polizia operazioa egin zuten eta aztoratu egin ginen.
Absoluzioa ez genuen espero, eta are gutxiago absoluzioa etorri den terminoetan. Errugabetasuna jasotzen du, hasieratik bukaeraraino, ez bakarrik maila pertsonalean baizik eta Udalbiltza erakunde bezala dagokion mailan.
Justizia egin dela esan daiteke, baina bere garaian justizia beraren izenean zigorra jaso zenuten epaiketa egin aurretik zuen eskubideak urratuz eta mugatuz.
K.U. Nik honi ez diot justizia deitzen. Epaileak absoluzioa eman digu, errugabeak garelako. Udalbiltza eta Udalbiltzako kideok inongo deliturik egin ez genuelako. Absoluzioa etorri da etorri behar zuelako. Hori zelako aukera bakarra.
Hau ez da justizia, hau injustizia gehiago da. Zortzi urte pasa da epaiketa egiteko, absoluzioa emateko... denbora horretan guztian zehar neurri baldintzatzaileak eta murriztaileak sufritu ditugu. Nire kasuan, bi egunez behin epaitegira sinatzera joan behar izan dut; fidantza ordainduz, zeinaren parte handi bat ez dut errekuperatuko, urte eta erdi kartzelan eman dut... Hori ez du inork erreparatu. Ez moralki, ez ekonomikoki.
Absoluzioa iritsi da, eta pozik gaude. Baina hau ez da justizia. Injustizia handi bat da.
Sektore politiko zabalean pozez hartu da epaia. Eudel-eko lehendakaria Udalbiltzaren formula birsortzearen alde agertu da.
K.U. Deigarria egin zait EAJko Jokin Bildarratzen adierazpen hori, bere garaian justu kontrako adierazpenak egin zituenean. Guk lehen unetik esan dugu Udalbiltza tresna baliagarria dela Euskal Herriaren eraikuntzan. Tresna demokratikoa eta zilegia, mundu guztiari irekita eta parte hartzailea zena. Sententzia hori berrestera dator, bere jarduera publikoa eta zilegia dela aitortzen duelarik.
Pozten nau Bildarratzek hori adieraztea, epaia eta gero Udalbiltzaren potentzialtasun osoa ukitu gabe geratu delako. Euskal Herriaren etorkizuneko egituratzeari begira tresna garrantzitsua izan daiteke.
Kalteordainak eskatuko al dituzue?
K.U. Itxaron egin behar dugu, ostegunean betetzen dira errekurritzeko arauzko bost egunak. Fiskaltzak sententzia ez zuela errekurrituko aurreratu zuen. Ez dakiguna da Dignidad y Justicia elkarteak zer egingo duen. Izan ere, epaile baten boto partikularra agertu da errekurtsoaren kostua Dignidad y Justicia elkartearen esku joan beharko lukeela adierazten duena, elkarte horrek oinarririk gabeko akusazioa mantentzen jarraituko lukeelako.
Kalteordainak, maila pertsonalean edota taldean eskatu beharrekoak, aztertu egin behar dira. Izan ere, Udalbiltzak Zuberoa garatzeko bildu zituen 400.000 euroak Estatuak bahituta dauzka. Abokatuekin batera erabakiko dugu. Gai potoloa da.
Nolanahi ere, kalteordainak egongo balira ere sortu duten kaltea inoiz ez da erreparatuko.
Egunkaria eta Udalbiltza auzietan epailea berbera izan da. Absoluzioan eragina izan al du horrek?
K.U. Neurri batean bai. Egunkaria auzian epaileak jurisprudentzia egin zuen, sententzia irmoa idatziz. Epai hartan hainbat gauza idatzi zituen, baina ondorioak ez ditugu ikusi. Egunkaria auzian, esaterako, tortura aipatzen da. Orduan, hori horrela dela esaten badu torturatzaileek zigorra jaso beharko lukete. Eta gaur gaurkoz ez da horrela gertatu.
Udalbiltzaren kasuan, epaileak instituzioaren aurka joateko arrazoirik ez dagoela adierazten du azken epaian; orduan nork agindu zuen operazioa? Eta zergatik?
Epaile berdina izateak eragina izan dezake, bai. Balore eta printzipioak dituen epailea da, uneren batean Estatuaren bultzada politikoaren gainetik jar daitekeena.
Ez dugu ahaztu behar judikatura estatu aparatua dela. Guri gertatu zitzaigun han geundela, epaiketa saio baten ondorenean Rubalcaba Barne ministroak, Bermudez epaileak eta Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko lehendakariak elkarrekin afaldu zutela.
Epaileak indepentzia erakuts dezake, baina botere ezberdinak elkar lotuta daude.
Urnietarren aurrean zer adierazi nahiko zenuke?
K.U. Esparru jakin batean oihartzun handia izan du epaiak, eta zortzi urte hauetan bizi izan dudan egoera ere bai. Jende asko horren jakitun da. Bereziki, esan nahiko nuke, zortzi urte hauetan eta bereziki azken boladan gertu eta inguruan eduki dudan jendeari nire eskerrik beroena adierazi nahi diedala. Udal ordezkarietatik hasita, elkarretaratzeetan egon diren Udal ordezkariei edota alkateari eta Madrilera epaitegira etorri ziren Udal ordezkariei. Kalean animoak eman dizkidanari, mezuak bidali dizkidatenei..., horiei guztiei eskerrak eman beharrean nago. Banaka-banaka eskerrak ematea ezinezkoa egingo zait; herritarren berotasuna sentitu dut.