Donelutxi taldea finalera!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 24a, 10:02

Beterriko bertsolari txapelketaren lehen kanporaketa: Andoaingo Ontza elkartea. Urtarrilak 21, ostirala.

Ontza elkartea jendez lepo bete zen txapelketako lehen kanporaketa gertutik jarraitzeko. Oso giro ona nagusitu zen saioan zehar eta bertsolariak euren saltsan ibili ziren bezala, ikusleek ere gozatu ederra hartu zuten. Hara joan zen ostiralean entzun ahal izan ziren hainbat bertso:

Argazkiak 

Donelutxi taldean Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi jardun ziren. Ageda Deuna taldean, berriz, Alaia Martin, Miren Amuriza eta Jone Uria.

Ohi denez, etxetik prestatutako agurrarekin ekin zioten saioari. Donelutxiren txanda izan zen lehenik eta sevillanaz jantzita, izugarrizko poderioarekin atera ziren agertokira, ‘Poron-pon-pon’, ‘Pena penita pena’ edota ‘Como una ola’ kantuen doinuak bertsotara ekarriz. Hasiera-hasieratik, eurekin batera abestu zituzten ikusleek kantuon errepikak, umore eta indar biziz. ‘Gure edadian dena libre da’ abestuz, bertso bixi, bero eta umoretsuak abestu zituzten agurra amaitu aurretik:

Hiruron artean/Larogeita bederatzi urte/Hanka sartuta ere/Ospatu ingo genuke/Gure edadian,/Gure edadian dena libre da.

Hiru gorputzetan/Lau etorri gara/Ta amatasuna/Beste gradu bat da/Gure edadian,/Gure edadian dena libre da.

Kanak irten direnean,/Arroza pasa denean/Beitu ondo,/Ez al gaude/Geure onenean.

Ageda Deuna taldea behiez jantzita atera zen jendaurrera, lau oinetan, ‘muuuuuka’. ASanta Ageda bezperako kopla doinuekin hasi eta ‘Tolon-tolon’ doinuarekin jarraitu zuten, ‘has dadila titi-dantza’ kantatzen amaituz.

Alaitz Sarasola gai-jartzaileak aireratu zuen lehen gaian azken konbokatoriako azterketa egiten jarri zuen Ainhoa Agirreazaldegi ikaslea, Jone Uria irakaslea begira-begira zuela. Uxue Alberdi eta Miren Amurizaren txanda izan zen hurrengo ariketan. Hamarreko txikian, lanpostu berri batean lehenengo lanegunean presaka Uxue enpresara bidean kotxean, aurreko kotxeari bozina joka eta madarikazioka. Enpresako aparkalekura bi kotxeak batera iritsi eta bozina jotakoa nagusi berria dela jabetu zen, Miren Amuriza alegia.

Nik fitxatu baino lehen/Fitxatu nauzu zuk, amaitu zuen Uxuek gai horren inguruko bertsoetako bat.

Talde batek besteari puntuak jarri eta erantzunez osatu zuten hurrengo froga: Donelutxitik Onintza eta Ageda Deunatik Alaia:

Zuk norengatik kendu/Nahi duzu txapela? (Alaiak)

Ez aztu Enbeita ta/Harroa naizela/Nahiz ta pentsatzen jardun/Behar den bezela/Uste dut kendu arren/Geldituko dela. (Onintzak)

Asko egin behar da/Txapela kentzeko (Onintzak)

Ez da zaila egiten/Zuek baino hobeto/Lenengo asaltotik/Hor zaudete seko/Bakarrik joan beharko/Duzue konpleto. (Alaiak)

Hola ematen duzu/Nahiko lunatika (Alaiak)

Ta igual izango naiz/Pixkat histerika/Baina zuk ez aldegin/Ondotik korrika/Defekto guztiakin/naiz oso polita. (Onintzak)

Perfekta izatea/Gehiegi litzake (Onintzak)

Baina halaxe nauzu/Ta zuretzat kalte/Konplejuak badute/Horrenbeste kalte/Ezin da libre izan/Hoixek kendu arte. (Alaiak)

Begiratu niri ta/Operatu gabe (Onintzak titiak erakutsiz)

Hemengo gizon hauxe/Utzi duzu grabe/Exhibizionismoa/dugu nobedade/Nik ere izan nahi dut/Noizbait hoien jabe (Alaiak).

Bueno eta bukatzeko/Osa zazu Habanera (Alaiak)

Hori kantau barik ezin/Joan hemendik etxera/Erreza izango zela/Gaurkoa eta bai zera/Neskatilak harro datoz/Guri legua kentzera/Kuba, Habanera eta/Sevillana zer ote da?/Lehen harro ausartu gara/Pena pena kantatzera/Ta ez goaz sainaren/Garaipena hemen uztera/Titiak tente baikatoz/daukaguna ematera. (Onintzak)

Lotsagabetu egin naiz/Ta zure errua da dena (Alaiak)

Behin gaizto jaio nintzan ta/Orain da zuen problema/Baina Portu dezakezu/Aguantatzeko kemena/Gaur ere egin baituzu/Exibizio nabarmena/Zu zarela handiena/La grande, bai grandeena/Beraz segitu kantatzen/Pena, pena, pena, pena/Ta gehiok erakutsiko/Dugu hirurok garena/Behiak edo sevillanak/Zuek epaitu hurrena.

Izugarrizko txalo zaparrada jaso zuten puntukako ariketa bukatuta.

Ofizioka, Mainontziko doinuan. Ainhoa Agirreazaldegi eta Alaia Martin biloba beraren bi amonen paperean jarri zituen gai jartzaileak. Alaiak biloba Ainhoarekin berarekin baino gehiago egoten dela pentsatzen du eta Ainhoak juxtu kontrakoa. Ainhoa hasita:

Nola besterik ez duan/Txikia dauka eskuan/Neri kenduta ibiltzen zera/Denbora askuan/Ni beti juxtu-juxtuan/Zu sekula ez estuan/Nik parkeetan/Ikusten zaitut/Nire izkutuan.

Wii-a erosi nion nik/Faborito naiz jadanik/Zelatatzen dut zure izaera/Babesteagatik/Gehio maite nau badakit/Ta triste nago hargatik/Igual salatu egingo zaitut/Bahiketagatik.

Ni biai begira begira/Amona harrotzen ari da/Zure etxean opari denek/Baitute kabida/Gehiago maite nau tira/Arrazoiari begira/Ume txikiak, egia da bai,/Egoistak dira.

Len hain asto ta/Astakirten/Hortaz ez zuen jakiten/Orain zuk findu egin didazu/Barnea irakiten/Protagonismorik ez ken/Zuretik behar da irten/Gure mutilak bukatuko du/Gantxillo egiten.

Eta hemendik askora/Joango zaigu ganora/Biok nahi eta zer izango den/Zeinek du konproba/Oraintxe dugu denbora/Adiskidetuta ona/Bi aldetatik tira ezkero/Puskatu egingo da.

Jesus neska, zer problema/Amonarik poetena/Behintzat zu zara/hortan ez dugu izango dilema/etzazu galdu kemena/hola utz dezagun dena/puskatzen bada/nik hartuko dut/puska handiena.

Zortziko txikian Uxue eta Jone: Senideak dira, bien artean kotxea erosi berri dute. Astebete bada gasoilaren pitorroa piztuta. Uxue hasita:

Astebete piloto bat hor/parez pare/Ta kotxea aurrera/Dijoa halare/Beraz gu ez gabiltza/Jone, horren grabe/Berdin ibiltzen bada gasolina gabe.

Baina uzten duenean/Gorrituz bonbilla/Zerbait aguantatzen du/Ez denbora pilla/Eta jakin ezazu/Gero neskatila/Andoainera ez naiz joango/Gero zure bila.

Ikusleen artean egindako galderen emaitzekin osatu zen hurrengo froga: Nork du kotxeko gida-baimenean punturik gutxien? Zeinek erosten ditu preserbatiboak maizena? Zeinek pentsatzen du taldeko bertsolaririk onena dela?, galderen inguruan jasotako erantzun eta kopuruekin, hain zuzen. Kopletan erantzun zien bertsolariek galderei, umore handiz.

Bakarkako gaia: Afaritan hau entzun diot bati: Berdintasuna gora eta behera ibiltzen dira beti. Gaur sei emakume bertsotan eta gai-jartzailea ere emakumea. Hori ez da, bada, berdintasuna izango. Bina bertso abestu zituzten gaiaren inguruan Uxue Alberdik eta Alaia Martinek. Txalo beroak jaso zituzten biak ala biak.

Berdintasuna, berdintasuna/Hain termino ezaguna/Harri astun bat/Bihur daiteke/Edo badoan lurruna/Guretzat behintzat/Dugu hau oso/Gai zail eta ezaguna/Behin aipatuta/Hurrena ere/Aipatu behar duguna/Berdintasuna ez baita/Hiru gehi hiru/Eiteko gaitasuna/Baizik bermatu/Behar dugula/Guztion askatasuna. (Uxue Alberdi).

Zurru-murruak/Entzun litezke/Ta ikus litezke/Hemendik/Eskema zaharrak/Gezur berriak/Sarri senti/Ditzazket nik/Baina ez dut uste/Gaurko saio hau/Horren berezia denik/Maskara gabe/Aurretik/Kantatu baitut/Niretik/Sentitzen dudan/Hura azalduz/Leihaltasunan bidetik/Gure izaera/Jarri dezagun/Generoaren gainetik. (Alaia Martin).

Puntuka, oinekin bertsoak osatuz edota segidillan jarraitu zuten parte hartzaileek, ariketak ondo baino hobeto betez. Giro ona nagusitu zen hasieratik bertsolari nahiz ikusleen artean. Azken ariketan, Onintza Enbeitak errepaso ederra egin zien indartsu eta umoretsu gerturatutako ikusle askori.

Aurretik, oinak jarrita:

Euskaldunok badakigu/Ondo zer den arrankura/Ondo zer den espetxea/Ta odo zer den tortura/Batzuentzako bihurtu/Dira horiek ohitura/Baina azkenean pasatu/Behar die haiei factura/Zenbat hitz, komunikatu/Albiste eta lotura/Azken egunotan heldu/Direnak gure barrura/Behingoagatik daukagu/Etorkizuna eskura/Ta herri hau eraikitzeko/Garaia oraintxe heldu da. (Miren Amuriza)

Azkenean, Donelutxi taldeak jaso zituen ikusleen aldetik botorik gehien. Urtarrilaren 12ko finalean arituko dira, beraz, hurrengo ostiralean Asteasun garaile ateratzen den taldearekin batera. Hots: Doneztebe (Jon Martin, Iñigo Izagirre eta Iñaki Gurrutxaga) edo Donelontxo (Ander Lizarralde 'Erretxiki', Jokin Labayen eta Unai Muñoa).

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!