Hirurogeita hamarren bat herritarrek azken hilabeteetan ereindako haziaren fruitua izan zen. Urtarrilaren hasieratik, aurre-salmentako sarrerak agortuta zeuden, baina emanaldien egunetan salgai jarri ziren apurrak ongi aprobetxatu zituenik izan zen, horretarako ilaran denbora eta hotz dezente pasa ondoren.
ADIN GUZTIETAKOAK
Adin guztietako herritarrak hurbildu ziren Sarobera. Adinduek, beraien hainbat bizipen berriro gogora ekartzeko aukera izan zuten eta gazteek modu entretenigarrian herriaren historiaren hainbat pasadizo ikusi eta ikastekoa.
BI ORDU LABUR
Bi orduz luzatzen den ikuskizunak badirudi astunegia izan behar duela, baina ez da horrela. Asteburuan ikusle izan zirenen esanetan, “konturatzerako pasa da”, “ez zait batere luzea egin” edo “berriro ikusiko nuke” bezalako esaldiak entzun zitezkeen emanaldien amaieran.
TENTSIOA, ENERGIA
Saioen aurretik, urduritasun apur bat, tentsio punttu bat nabari zen antzezleengan. Entseguetan giro bikainean landutakoa jendaurrean eskaintzeko ardurak sortutako tentsioa. Mikel Agirregomezkortaren esperientziak eta elkarri emandako energia, babesa eta taldean lan egiteak erruz lagundu zuen azken emaitzaren bikaintasunean.
MUSIKA, DANTZA
Musikak eta dantzak ere garrantzi handia dute ikuskizunean. Besteak beste, zendu berri den Xabier Lete, eta Lourdes Iriondo herritarrak elkarrekin abesten zuten “Errota zahar maitea” abestiak ukitu berezia ematen dio ikuskizunari. Horrez gain, obra honek jorratzen duen garaiko hainbat musika abesti eta bertso zuzenean interpretatzen dira, ikuskizunari izugarrizko indarra emanaz. Aitor Amezagak sortutako musikarekin, Edu Muramendiarazek ikuskizunerako prestatu dituen koreografik ere harrera bikaina izan zuten ikusleen aldetik.
LARUNBATEAN ANDOAINEN
Oraindik izango da ikuskizunaren azken emanaldi bat. Datorren larunbat arratsaldean Andoaingo Bastero auditorioan. Emanaldi berezia izango da parte hartzaileentzat eta bertaratzen diren ikusleentzat. Parte hartzaileek tamaina handiagoko areto batean lana eskaintzeak sortzen duen erronka bere gain hartu beharko dute, eta Urnietatik zein Andoaindik hurbiltzen diren ikusleek ere denbora luzez akorduan izango duten emanaldia bizitzeko aukera izango dute.
Sarrerarik erosi gabe dagoenak, oraindik baditu horretarako bi aukera; lehenengoa, Urnietako Sarobera edo Lekaiora hurbildu eta aurrez erostea (oraindik badaude) eta bigarrena, larunbatean bertan arratsaldeko lauetan irekiko den Basteroko leihatilan erostea.