Herritarrak, Udala eta EHAZE; hiru zutoin horiek izango ditu hitzarmenak. Udalak bultzatutako ekimenean, herritarrak izango dira ardatz zein protagonista eta ikusle nahiz tailerretako kide bezala antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko zaie. EHAZE kudeaketa lanaz arduratuko da, besteak beste, euskarazko eta kalitatezko programazioa bideratzen. Ekimena Amasa-Villabonan abian jarri bada, horretarako gogoa zegoelako izan dela jakinarazi dute prentsaurrekoan eta euren helburua, ekimena gainerako herrietan zabaltzea ere badela aipatu dute EHAZEko kideek, "ez bakarrik Udaletan, baita ikastetxe, gaztetxe edota antzerkizaleak leudekeen bestelako guneetan ere. Antzerkizaleak non, EHAZE han". Jaioberriak izanagatik, hazteko gogoarekin sortu direla eta Euskal Herrian antzerkia barreiatzeko asmoa dutela adierazi dute EHAZEko kideek, negarretik irrira pausoa emanaz.
Villabonako Udalaren izenean, Maixabel Arrieta alkatea, Hautsi Izagirre zinegotzia eta Aitziber Cenzano teknikariak hartu dute parte aurkezpenean. EHAZEtik Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx', Alex Tello eta Idoia Gereñuk. Amasa-Villabonako EHEtik Nora Urbizuk eta baita Fleming eskolako antzerki irakasle Nahia Alkortak ere.
URTARRILEKO EGITARAUA
Ondorengo eskaintza izango da Gurea antzokian, urtarrilaren amaieran:
>Lakrikun taldearen eskutik, ‘Greban gaude' antzezlana. Urtarrilak 28, ostirala. 22:30.
>Antzerki tailerra Ainhoa Alberdiren eskutik. 10:00etatik aurrera.
>Deja bu Panpin laborategiaren eskutik, ‘Azken portua' antzezlana umeentzat. 16:30.
*Tailerretan parte hartzeko Villabonako Udaleko kultura sailera jo behar da eta antzerki emanaldietako sarrerak emanaldiaren aurretik ere sagai jarriko dituzte.
II. BAKARRIZKETA LEHIAKETA
Iazko arrakasta ikusita, otsailaren 11, 18 eta 25ean II. Bakarrizketa lehiaketa antolatuko dute Gurea antzokian. Iaz saio bakarra eta sei parte hartzaile izan baziren, aurten hiru saio eta 11 parte hartzaile izango dira.