Iazko kirolari onenei saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 20a, 11:39

Nerea Arruti Salgado (judoa), Mikel Esnaola Molano (saskibaloia), Mikel Iturria Segurola (txirrindularitza), Olatz Odriozola Mujika (txirrindularitza), Jokin Lizeaga Mitxelena (mendiko Lasterketak), Axier Goikoetxea Quintas (atletismoa), Felipe Ugarte Aranburu (atletismoa), Iñigo Labat Marco (atletismoa), Laxaro Oiarbide (ehiza), Iraitz Oiarbide (ehiza), Urtzi Oiarbide (ehiza), Ederne Sarasola Ramos (ehiza) Julen Loitegi Ugalde (pilota), Unai Garin Atxaga (pilota), Miren Goikoetxea Ugalde (pilota), Mikel Bergara Lujambio (txirrindularitza), Iker Hernandez Ezkerro (futbola).

Elkarrizketak:

Ederne Sarasola:
“Ibilbideko eta compact-eko modalitateetan jardun ohi dut. Lehena, ehizan egitea bezala da; bigarrena, berriz, plater luzeekin praktikatzen delako bereizten da.
Mutil-lagunarengatik hasi nintzen; berarekin joaten nintzen txapelketetara, eta azkenean niri ere piztu egin zitzaidan zaletasuna. Emakumeak anima daitezela eskatuko nieke; itxura batean uste daitekeena baino politagoa da. Nahikoa da lizentzia atera eta arma baimena lortzea”.

Mikel Bergara:
“Mendiko bizikletarekin, erlojuaren kontrako jaitsieratan hartzen dut parte. Aurten bi proba garrantzitsu irabazi ditut. Lehena, Andorrakoa; bigarren saioan irten nintzen garaile, nahiz eta arazo mekanikoak jasan. Alpe D’Huezekoa izan zen irabazitako bigarren proba. Munduko Kopan sartzen da, eta dagoen luzeena da; gogorra da benetan, kilometro asko glaziarretako elurretan egin behar izaten baitira, bizikleta eskuan eta korrika, alegia. Ez dut uste erokeria puntua behar denik jaitsiera probatan aritzeko; hala balitz beti erorikoak besterik ez genituzke izango eta.
Etorkizunean, prestaketa fisiko handia eskatuko didan modalitate berri bat probatu nahi nuke”.

Mikel Esnaola:
“Easo saskibaloi taldean jokatzen dut. Ez da goi mailako talde baten filiala, baina oso toki onean dabil beti Espainia mailan, Bartzelona, Madril eta antzeko taldeen atzetik. Aurten junior mailan jokatu dut, ni baino urte bete zaharragoak eta altuegoak direnekin, eta Espainiako selekzioan ere jokatu dut. Pibota naiz altueragatik, baina kanpoko hegal bezala ere jokatzen dut. Altuerari dagokionez, bi metrora iristear nago oraintxe bertan. Atletismoa praktikatu duten asko ditut familian; hala ere, saskibaloiari ekin nion, Espainiako selekzioan jokatu zuen nire amak behin probatzeko eskatu eta gero”.

Iker Hernandez:
“Ikastolan hasi nintzen futbolean jokatzen eta hamar urterekin Antiguoko taldera joan nintzen. Gaur egun Real Sociedad kadete mailan nabil. Euskadi eta Espainiako selekzioekin jokatzkeo zoria izan dut orain arte; Martxoan Espainiak nazioarte mailako bigarren fase bat jokatzu beharra dauka Belgikan, eta espero dut ni hautatuen artean egotea. Realean astean lau egunetan entrenatzen dugu, eta gero asteburuko partida heltzen da. Gogorra da bizimodua, baina gustuko kirola dut futbola. Ni beti aurrelaria izan naiz, eta gogokoa dut postu horretan jokatzen duten elite mailako hainbat jokalariengan erreparatzea; denek daukate zer erakutsia”.  

Axier Goikoetxea:
“Atletismoan 800 eta 1.500 metrotan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna helduen kategorian izatea lortu dut aurten, nahiz eta denboraldi gogorra izan niretzat; izan ere, hiru hilabetez geldirik egon behar izan dut, min hartuta. 800 metrotan 1:54:60 da nire denborarik onena, baina hori ez dut txapelketetan lortu. Kontuan izan behar da lasterketetan taktika nagusitzen dela; lasterketak mantsoagoak izaten dira, inork ez du aurretik joan nahi, eta jendeak azken itzulia hil ala bizikotzat jotzen du; ordurako uzten ditu indarrak. Aurtengo denboraldiari begira, 1.500 metroko probari eskaini diot arreta handiagoa. Agian anbizio gehitxo edukitzea izango da, baina Gipuzkoako markaren bat hautsi nahi nuke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!