Beterriko bertsolari txapelketa Ontza elkartea lepo beteko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 20a, 11:38

Ikusmin handia sortu da Beterriko bertsolari txapelketaren laugarren edizioaren atarian. Izan ere, lehen saioa burutzeko astebete falta zenean sarrera guztiak agortu ziren.
Sekulako giroa sortuko da, beraz, ostiral honetan Ontza elkartean bertsolarien arteko lehen desafiorako. Andoainen eta Asteasun kanporaketa bana burutuko dira, eta finala Villabonan.

Iritsi da, laugarren urtez Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatzen duen Beterriko bertsolari txapelketa, bertsolari gazteei plaza berriak eskaini eta bertsozaletasunaren erroak Beterrin sakonago luzatzeko xedez. Txapelketak bi ezaugarri nagusi izaten jarraitzen du: batetik, 25-30 urte bitarteko bertsolari gazteei zuzenduta dago. Eta, bestetik, bertso-lehia taldekakoa da.

Aurten ere lau taldek parte hartu behar dute txapelketan, eta talde bakoitzean hiruna bertsolarik.

Hiru saiotan erabakiko da txapelketa, bi kanporaketa saio eta finala izango baitira. Aurtengoan parte hartuko duten lau taldeak horrela osatuko dira: lehenengo taldea Santa Agedarena izango da eta Alaia Martinek, Miren Amurizak eta Jone Uriak osatuko dute. Bigarren taldea Santa Luziarena izango da eta Uxue Alberdik, Ainhoa Agirreazaldegik eta Onintza Enbeitak osatuko dute. Hirugarren taldea, berriz, San Estebanena izango da eta Jon Martinek, Iñigo Izagirrek eta Iñaki Gurrutxagak osatuko dute. Laugarren eta azken taldea San Lorentzorena izango da eta Ander Lizarraldek, Jokin Labayenek eta Unai Muñoak osatuko dute.

ENTZULEEK OSATZEN DUTE EPAIMAHAIA
Aurreko urteetan bezala, aurtengoan ere epaimahaia entzuleek osatuko dute, alegia, saio bakoitzaren amaieran bertso-afarian parte hartu duten entzuleek talde jakin baten aldeko botua eman beharko dute.

Andoaingo SAIOrako sarrera guztiak agortu dira
Ikusmin handia sortu da Beterriko bertsolari txapelketaren laugarren edizioaren atarian. Izan ere, lehen saioa burutzeko astebete falta zenean sarrera guztiak agortu ziren. Ontza elkartea bertsozalez beteko da.
Asteasun jokatuko den bigarren kanporaketarako edota finalerako txartelak eskuratzeko, telefono zenbaki honetara deitu behar da: 943 300 733.

UNAI MUÑOA BERTSOLARIA
Txapelketaren lau edizioetatik hirutan parte hartuko du Unai Muñoa bertsolariak. Iaz irabazle izan zen, gainera. Aurtengoan bigarren kanporaketan parte hartuko du Ander Lizarralde eta Jokin Labayen taldekide dituela. Gogotsu dago aurten ere, “txapelketa honek lagunartean gozatzeko aukera ematen du. Oso etxekoa iruditzen zait, oso goxoa. Txapelketa hitza tentsioarekin eta urduritasunarekin lotu ohi da. Eta Beterrikoan nork irabazten duen ez da hain garrantzitsua. Agurra, adibidez, etxetik prestatuta eramaten dugu eta puntuagarria da. Umorea erabili behar da eta, pentsa, lehen edizioan bertso afarira ijitoz mozorrotuta agertu ginen, ahuntza eta guzti! Horrelako agurrarekin karga handia kentzen zaio lehiari. Bertso afaria izatean, gainera, giro beroa sortu ohi da bertsolari eta entzuleen artean”. Giro ona, beraz, ziurtatuta dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!