Eraikitako paisaiak erakusketaren inaugurazioaren biharamuna da, zer nolakoa izan zen irekiera ekitaldia?
Laura Diez. Oso gustura nago, lagun ugari bertaratu zelako. Esango nuke ardoak erakarri zituela...
Horrelakoetan erakusteka aretoaren muntaia beti izan ohi da zaila. Lekaio gainera nahiko handia da eta ez dago jakiterik zer moduz gera daitekeen. Erakusketa ikusita, neu behintzat pozik nago.
Erakusketaren izenburuaren argudio nagusia zein da?
L.D. Paisaiaren gaia jorratzen duten hogei argazki biltzen dira erakusketan. Modu subjektiboan egindako argazkiak dira, obserbatzaile arrunt baten modura egindakoak.
Paisaia bere horretan mintzo da, aurretiazko inolako intentziorik gabe.
Zer nolako teknika erabili duzu argazki guztiekin?
L.D. Argazkiak argazki-kamera arrunt batekin atera ditut, eta etxean ordenagailu bidez tratamendu berezia eman diet. Garai batekoen traza eman nahi izan diet argazkiei. Ukitu nostalgikoa, poetikoa... Argazkiak gertutik erreparatuta ikus daiteke solarizatu egin ditudala. Teknika hori retro itxura emateko baliatu dut.
Argazkiak, ia denak, Aldaban egin ditut. Oso toki lasaia da eta bertan nekazaritza ekologikoan murgilduta dauden ezagun batzuk bizi dira. Inguru haietan pasieran eta Salva haietako lagun batekin hizketan sortu zen erakusketa egiteko ideia nagusia.
Paisaian metatuz joandako gauzei erreparatzen hasi nintzen. Paisaiaren parte bilakatu ziren objektuak ziren, eskulturak ziruditen.
Aurretiazko inolako intentziorik gabe, lurrean botatako gauzak landareekin batera nahastuta... polita iruditu zitzaidan.
Zer da argazkilaritza?
L.D. Nire kasuan, argazkilaritza nire bizitzaren atal garrantzitsua da. Zainetan daramadala esan diezazuket, nire ama argazkilaria zen. Argazki-laborategia komunean ezarri zuen, eta etxeko egongela estudioa zen!
Laborategiko likidoak usaintzean, “etxean zara” esan ohi nion nire buruari. Amak argazkiak errebelatzen zituen bitartean, argi gorria piztuta zegoela, ikastolako kontuak azaltzen nizkion amari.
Neskatxak lehen jaunartzea egitera etortzen zireneko garai hura gogora ekartzea ere gustuko dut, kortinaren atzetik begira egoten nintzen.
Hori guztia esan eta gero, argazkilaritza niretzat dena da: adierazpidea, ilusioa, oroitzapena, dezepzioa, motibazioa...
1985ean argazkilaritza ikasi nuen Bartzelonan eta geroztik nire ogibidea da. Ekoizpen etxe batean lanean nabil edizio lanetarako argazkiak egiten. Erretratuak edota erreportajeak ere egiten ditut.
Urtarrilaren 22ra arte Lekaion