Mikel Pagola, EAJ-PNV alderdiaren hautagaia Udal hauteskundeetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 20a, 11:36

Eusko Alderdi Jeltzaleak dagoeneko alkategaia aurkeztu du datorren maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetarako. EAJ Urnietan agintean urte askoan egon den alderdia da; bozketa berrien atarian nork ordezkatuko dituen aditzera eman da. Mikel Pagola Urnietako kultur teknikaria aski ezaguna da herrian, eta bera izango da jeltzaleen hautagaia.

Urnietar askorentzat ezustekoa izango da zu zeu aurkeztea... Noiz eta nola garatu zen aukera hori?
Mikel Pagola.
Urnietako herri batzordean kide batzuk 2010eko udaberrian proposamena luzatu zidaten. Baiezkoa eman aurretik erabakitzeko denbora eskatu nien, Sanmielak amaitu arte behintzat bai. Jaiak amaituta, etxekoekin hitz egin ondoren eta haien oniritziarekin, urrian baiezkoa erantzun nien: erronkari aurre egiteko animatuta ikusten nuela nire burua, alegia.
Eta hortik aurrera alderdi barruan hautaketa prozedura guztia hasi zen.

Afiliatuek erabakita, orduan.
M.P.
Bai, bozketa guztien aurretik egiten den hautaketa prozeduraren ondoren. Uri batzarrean hautagaiak aurkeztu eta hautagaien artean aukeraketa egin behar da. Urnietako kasuan bi hautagai zeuden, Miren Martiarena eta ni neu, eta bi horien artean afiliatu guztiok erabaki dugu nork izan behar duen maiatzeko Udal hauteskundeetan hautagaia. Bozketa horretan neu izan naiz hautatua.

Andoainen eta Urnietan hautagaiak berriak dira, bi kasuetan gainera gazteak. Alderdiaren joera kontziente bat al da, ala kasualitate hutsa?
M.P.
Lehenik eta behin eskerrak 40 urteko pertsona bati gaztea dela esateagatik! Gazteak izanik ere, esperientzia badugu. Kasualitatea izan dela esango nuke.
Urnietako Uri batzarrean ez dugu inolako irizpide ofizialik jaso, alde horretatik.

Kultur teknikari zara gaur egun. Alkate edo zinegotzi izendatzen zaituztenean, lanpostua eta kargua zenbateraino izango dira bateragarri?
M.P.
Udal zinegotzi akta jasotzen den unetik bertatik bateraezinak dira kargu politikoa eta kultur teknikari lanpostua. Une horretan bertan Kulturnietako langile izateari uko egin beharko nioke. Unea iritsitakoan formula egokia zein den erabakiko dugu.
Lan etena eskatu beharko nuke eta nire lana egiteko beste norbait etorriko litzateke.
Hauteskundeak maiatzaren 22an dira eta kargua hartzea, oker ez banago, ekainaren 11n. Bitarte horretan erabakiko da.

Zurekin batera zerrendan aurkeztuko diren alderdikideen aurrerapena egingo al zenuke?
M.P.
Nahiago dugu talde bezala aurkeztea, hamasei hautagaiak ditugunean. Zerrenda hamahiru kideetakoa da eta beste hiru ordezko beharrezko dira. Une honetan izen propioak aurkeztu baino, nahiago dugu bere garaian zerrenda osoa eta lantalde osoa aurkeztea.

2007ko Udal hauteskundeetatik hona Urnietako Udal ordezkaritza oso sakabanatuta dago. Nolakoa izango da, zure ustez, 2011koa?
M.P.
Nor aurkeztuko den eta nork aurkeztu ahal izango duen jakitea oso garrantzitsua izango da. Gaur dugun egoera sakabanatua errepikatzeko aukera egon liteke, baina agian alderdi batzuen rolak aldatuz.
Orain lau urte guk zigorra jaso genuen, nabarmen. Azken urteetan egin genuen kudeaketa ez zen behar bezala gizarteratu, eta oso kanpaina gogorra jasan genuen. Guztiaren errudun gisa jarri gintuzten, alderdi guztien erasoa jasoz.
2011ko kanpaina beste modu batera planifikatuko dugu, herritarrei gure egitasmoa behar bezala helarazteko.
Ez gara gobernuan egon lau urte hauetan, beraz, alde horretatik arduraz eta erantzukizunez libre gaude. Lasaiago aurkeztuko gara Udal hauteskundeetara.
Ez zait iruditzen hainbeste alderdi txiki egongo denik. Hasierara itzuliz, gakoa aurkezteko aukera nork izango duen horretan dago. Nork eta nola aurkeztuko diren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!