Urnieta´59 ikuskizuna asteburu honetan Saroben, eta hurrengo larunbatean Andoaingo Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 20a, 11:35

2008. urtean Marizulo ikuskizunak izandako arrakastaren ondoren, ekimen haren sustatzaileek bultzatutako Urnieta’59 ikuskizun berria taularatzeko unea iritsi da. Bertan, 60 eta 70eko hamarkadetako Urnietako historiari errepasoa egiten zaio. Hainbat hilabetetan Urnietako hirurogei herritarretik gorako taldeak landutakoa ikusteko aukera izango da asteburu honetan Urnietako Saroben, eta urtarrilaren 29an, Andoaingo Basteron.

MUSIKA, DANTZA, ANTZERKIA
Marizulo lanean bezala, musika, dantza eta antzerkia uztartuz osatutako ikuskizuna da Urnieta’59. Ia bi ordu iraungo duen ikuskizunaren haria antzerkiak eramango du, baina musika eta dantza ere oso garrantzitsuak izango dira. Antzerkiari dagokionez, Juan Aguirre Sorondok idatzi du gidoia, garai hura lehen pertsonan bizitutako hainbat herritar elkarrizketatu ondoren. Musika atalean, Xabier Letek eta Lourdes Iriondok abesten zuten “Errota zahar maitea” kantuak garrantzia berezia du ikuskizunean. Horrez gain, Aitor Amezagaren eskutik datozen bi sorkuntza berri eta hainbat ezusteko ere izango dira. Abestiek ere 60 eta 70eko hamarkadetara eramango gaituzte. Iñaki Alkain herritarraren bertso batzuk ere bere tokia izango dute ikuskizunean. Edu Muruamendiarazek sortutako koreografiak taularatzeaz arduratuko da Egape dantza taldea.

SARRERAK, URNIETA
Urtarrilaren 3an jarri ziren sarrerak salgai Lekaion eta Saroben. Hasieratik jende ugari hurbildu zen erostera eta Urnietako emanaldietakoak berehala agortu ziren. Larunbateko bi emanaldietan eta igande arratsaldekoan, ordubete aurretik, saio bakoitzerako azken 50 sarrerak jarriko dira salgai Sarobeko leihatilan.

SARRERAK, ANDOAIN
Basteron egingo den emanaldia ikusteko sarrerak aurrez erosi nahi dituztenentzat Urnietako Lekaion eta Saroben daude salgai. Jadanik asko saldu badira ere, Basteroren edukiera handia denez, hilaren 29rako sarrerak eskuratzeko aukera badago oraindik. Aurrez erosterik ez dutenentzat, Basteroko leihatilan ordubete emanaldia hasi aurretik, azken 125 sarrerak salduko dira.

GARRAIOA ANDOAINERA
URTARRILAREN 29AN

Andoainera joateko ez dago auto partikularra erabili beharrik. Trenez zein autobusez joateko aukera eskura dago. Bostetan hasiko den emanaldirako, trena, Urnietako geltokian izango da arratsaldeko 15:57 eta 16:27etan. Eta bueltatzeko, 19:04 eta 19:34etan. Trenak 3 minutu behar ditu Andoainera iristeko eta geltokitik Basterora berrehun metro eskas daude.
Garayarren autobus urdina, berriz, 16:00etan eta 16:30etan Urnietan hartzeko aukera izango da eta itzutzeko 19:15etan eta 19:45etan. Bus geltokitik ehun metrora dago Bastero.

Urnieta´59 ikuskizunaren nondik norakoaz

Azkenerako, makina bat buru-hauste izan ondoren, 2011ko ilbeltzera iritsi dira; zuri, herritar zintzo horri, Urnieta’59 emankizuna aurkezteko unera.

1959. urtean, milaka preso errepublikazalek eraikitako Valle de los Caídos penagarria inauguratu zuen Francok, gerra hark irabazi zuela inork ahantz ez zezan. Nazioartean gero eta gehiago ziren jeneralaren diktadura onesten zutenak eta, horren lekuko, Eisenhower, Amerikako Estatu Batuetako presidentea, bisitan joan zen Madrilera. Urte hartan bertan Joan XXIII aita santuak Vaticano II kontziliorako deialdia egin zuen. Eliza eguneratzea zen asmoa. Kontzilioak ekarritako aldaketek eragin nabarmena izan zuten gizartean.
1959an, 3500 biztanle zituen herri txiki bat zen Urnieta (Lasarte eta Oria auzoak barne). Urte hartan gauza esanguratsua gertatu zen: Zilegi mendiak (montes comunales direlakoak) saldu zituzten ‘eskubidedunek’, udalerriaren ia herena (Oindi osoa, Adarramendi erdia...). Baliabide garrantzitsua ziren familia frankoentzat; urnietarrak, artean, lurrak emandakotik bizi zirelako.

Espainiako ‘mirari ekonomikoa’ Opus Deiko teknokraten erreformekin hasi zen, politika aurrerazaleak bultzatu zituztelarik. ‘Miraria’ landako emigrazioaz elikatzen zen. 50eko hamarkadan, soldata oso baxuko jornalari kopurua oso altua zen eta minifundio nahiz latifundio egoerek landa eremuko egoera are gehiago larritu zuten.

1962 urtean lehen industria kokatu zen herrigunetik gertu (Vega S.A.). Jarraian, Urraca kontratistak, trenbidearen ondoko gunean etxebizitza blokea eraiki zuen eta laster batean etxebizitza haiek nahikoak ez zirela jabetu ziren. Industriaren gertutasunak Caceres, Salamanca, Valladolid, Badajoz, Zamora, Leon, Avila nahiz Portugalgo langileak erakarri zituen; poligono berriak eraikiz. 1970 urtean Urnietak 10300 biztanle zituen (haietako 6600 Lasarten eta Orian).

36ko Gerraren aurretik kulturak loraldia izan zuen. Euskal antzerkigintzaren abiapuntua ordura arte aurrera daiteke Urnietan. Antzokia ere bazuen, Batzokian (Matxonean) egiten zituzten entseguak, gerran fusilatu zuten Roke Lasarteren zuzendaritzapean.
Handik hiru hamarkadara, 1965ean, Lasarterekin antzerkia egiten ibilitako Maria Arizmendik Egi Billa sortu zuen. Talde emankorra izan zen: 350 bat emanaldi egin zituzten. Gehien antzeztu zuten lana Iñaki Begiristainen Muga ausleak izan zen. Hogei bat taldekide ziren; Mariak, antzezlanak aukeratzeaz eta zuzentzeaz gain, ‘apuntadore’ lanak ere egiten zituen.

Ondoren Lurdes Iriondok hartu zuen antzerkigintzaren lekukoa Urnietan. 70eko hamarkadan Buruntza taldea sortu zuen herriko gazteekin batera.
1966an, hiru herritarrek eta Benantzio Laskibar apaizak, Hiazinto Fernandorenaren laguntzarekin, Egape ikastolako lehen batzordea osatu zuten. Hogei haur hasi ziren euskaraz ikasten, neurri handi batean haien gurasoek hartutako erabaki ausartari esker. Dionisio Telleria erretoreak parrokiako zentroa utzi zien; hain zuzen, ikastola parrokiako katekesi bezala hasi zen. Eskola nazionaletako irakasleek ikastolako gela bakoitzean Francoren argazki handi bat jarri zieten.

Gurasoek ordaintzen zuten kuotarekin ez zen nahikoa eta, nola edo hala, dirua lortu behar izaten zuten. Gazteek zentroko tabernan ateratzen zutenaren zati bat ikastolari ematen zioten, eta antzerki taldekoek ere bai. Egapek beste ikastola batzuek baino lehenago lortu zuen legeztapena, 1969an lortu ere, besteak beste Jose Goiaren (erretorearen) kudeaketari esker.

Ordurako, 362 aulki zituen antzokia zegoen zentroan. 1971. urtean Udalak Elizondo zinea irekitzeko baimena eman zuen, Egi billa eta Buruntza taldeek erabilitako antzokia ez ezen, hainbat kantaldi eta ikuskizun hartu zituen gunea.
60ko hamarkadan zehar eta 70eko hasieran aldaketa haizeek gogor jo zuten. SEAT 600 eta UHF bidezko telebistaren garaia zen; hippyena, ile luzeena, marxismoarena eta goatekeena (boîtes). Era berean, Vietnamgo gerraren garaia ere bazen, 68ko maiatzekoa edota Pinocheten estatu kolpearena.

Urte zalapartatsuak izan ziren. 1969 urtean, hamasei ETAkide atxilotu zituen poliziak, zeinak Burgosko tribunal militar batean epaitzea erabaki zuen Francok. Sei heriotza-zigor eskatu ziren eta espetxerako 752 urte. Epaituen artean bi apaiz zeuden. Epaiketak eragin nabarmena izan zuen Euskal Herrian eta, gertaeren aurrean, herritarrek ozen erantzun zuten.

Urnieta ez zegoen munduko gertaeretatik at. 1965 urtean Lasarte-Oriako zirkuituan errepideko txirrindularien mundiala jokatu zen, emakume nahiz gizonezkoen kategorian. Kanpoko herrietako ikusle ugari gerturatu zen lasterketa igaro zen herrietara, tartean baita Urnietara ere.

60ko hamarkada eta 70eko hamarkadaren hasiera berrikuntza urteak izan ziren euskal kulturaren baitan. Ez dok amairu taldea da garai hartako ikurrik nabarmenena (1966-1972). Hainbat eskultorek, idazlek eta abeslarik osatu zuten; tartean Lurdes Iriondo eta Xabier Letek. Lanik garrantzitsuenetariko bat Baga Biga Higa sentikaria izan zen, taldea desegin aurretik, 1972. urtean Urnietan ikusi ahal izan zena.

Lurdesek eta Xabierrek kulturgintzan jarraitu zuten. Badira elkarrekin abestu zituzten kantak eta horien artean ezagunenetariko bat Errota zahar maitea da (1974), Juan Mari Lekuonaren poeman oinarritua.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!