Tabakoaren lege berria: Txanponaren bi alderdiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 19a, 10:29

Urtarrilaren 2an jarri zen abian tabakoaren lege berria. Hainbat eztabaida, zeresan eta ezadostasun ekarri du geroztik lege horrek. Erretzaile ugari haserre dago eta ez erretzaile asko, berriz, pozik eta gustura. Hortxe txanponaren bi alderdiak.

Jakina denez, 2011. urtearen hasieratik ezin da toki publiko itxietan tabakorik erre; Espainiako gobernuak taberna, jatetxe eta bestelako astialdi guneetan erretzea debekatu egin baitu. Urtarrilaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak bideratuta, lege hori Euskal Herrian gogorragoa izango zela bazirudien ere, azken batean ez da hala izango eta Espainiakoaren arau eta debeku berbera mantenduko da Euskal Herrian ere; hots, ezingo da leku publikoetan erre –elkarteetan ez bada behintzat, momentuz–, baina, haurrak doazen autoetan erre ahal izango da, azken batean  hemen ere, baita gasolindegietan tabakoa erosi ere.
Lege berriak ostalaritzaren alorrean izan du eraginik zuzen eta nabarmenena: taberna, kafetegi nahiz jatetxeetan batez ere. Tabernarien artean ere txanponaren bi alderdiak ageri dira gaiaren aurrean: legearekin erabateko ezadostasuna dutenak nahiz kerik gabe lanean gusturago ari direnak. Eskualdeko bi tabernariren iritziak jaso ditu Aiurri aldizkariak, hara hementxe:

Saioa Jauregi
Amasa-Villabonako Erreka eta Errebote tabernetako arduraduna:

“Lege hau tranpa dela iruditzen zait eta atzetik bestelako helburuak daudela”
  1. Zein iritzi duzu tabernetan erretzeko debekuaren inguruan?
    Legea, Espainiako gobernuaren bi aurpegiko jokoa dela uste dut: zergak alde guztietatatik kobratzeaz gain, betitik sartu izan baitigute pozoia. Orain, denoi dependentzia sortu eta gero, bat-batean gaiari bukaera ematea erabaki dute: haiek tabakoa saltzen jarraitzen dute, baina erretzea debekatu digute. Oso lege aldrebesa iruditzen zait, ez da batere joko garbia. Tabakoa benetan hain kaltegarria baldin bada, kalitate oneko tabakoa ekoitz eta sal dezatela.
    Nire ustez erdi-bideko beste irtenbideren bat aurkitu beharko litzateke. Bere horretan lege honek ez baitu ez hanka eta ez bururik: Izan ere, beste edozein droga mota kontsumi daiteke –denetik baitago merkatuan edonoren eskura, gainera–, baina ezin da tabakorik erre. Faborez, ez da egoera normala! Komunikabideetan eztabaida asko izan da gaiaren inguruan. Itxuraz, komunikabideei zuzenduta ere lege berria jarri dute: telebistan esaterako, zigarrorik ezin dute erakutsi pixelatuta ez bada. Bai kontu kuriosoa; ezin da pertsona bat zigarroa erretzen erakutsi, baina bai heroina hartzen.
    Lege hau tranpa dela iruditzen zait eta atzetik bestelako helburuak daudela; legearen segidan etorri dira zergen igoera edota su etenaren iragarpena. Kasualitatea ote da? Agian guztiok tabakoaren gaia soilik buruan izatea komeni zaie batzuei, bestelako gaiak ahaztea bultzatuz.
  2. Nola erantzun dute bezeroek lege berriaren aurrean?
    Bezeroen aldetik, erantzuna oso ona izan da legeak esaten duenari begira. Areago, onegia izan dela esango nuke. Nik legeari kontra egingo nioke, bezeroei erretzen utziz; baina ezin naiz arriskatu, isunen beldurrez. Intsumiso egiten denak badaki zeri egin behar dion aurre eta tabernariok muga-mugan ibiltzen gara aurrera atera ahal izateko.
  3. Urtarrilaren 2az geroztik, eragin kaltegarririk nabaritu al duzu tabernan?
    Bezeroen jaitsiera baino, tabernan mugimendu gutxiago nabaritu dugu. Egia esan, datak ere txarrak dira eta urtarrileko aldapa gehitu zaio lege berriaren ondorioei. Bezeroen sartu-atereak azkarragoak dira eta, lehen, pertsona batek bere atsedenaldian bi kafe hartzen bazituen, bakarra hartzen du orain, korrika, eta, erretzailea bada, kanpora atereaz. Bezeroen umorea ere ez da berdina, negua baita eta hotza egiten baitu askotan.
    Makina jende zegoen lehen ere zigarroa erretzera kanpora ateratzen zena, lasai erretzea gustatzen zaiolako. Orain jendea taldean ateratzen da erretzera, koadrilan. Eta bizilagunen arazoa etorriko da orain segidan. Errege bezperan bertan izan ziren lehen arazoak herrian jendearen iskanbilengatik. Arazoaren irtenbidea, berriz, tabernak ixten aurkitzen dute.
  4. Nola irudikatzen duzu etorkizuna legeari lotuta?
    Ez dakit zer gertatuko den, baina legea aldatu egin beharko luketela iruditzen zait. Bezero guztiak errespetatzeko, erdi-bideko aukeraren bat aurkitu beharko litzateke. Agian funtziona lezake taberna batzuk erretzaileei eta beste batzuk ez erretzailei zuzentzea. Etorkizunerako konponbidea izan liteke.
    Gainerakoan zer da hau? Zerga guztiak ordaindu eta lege guztiak bete arren, ez al daukagu eskubiderik gure lokaleko martxa bakoitzak erabakitzeko? Defentsarako eskubidea ere kendu egin digute, isuna jartzen badigute ezin baitugu defendatu: ordaindu beste aukerarik ez genuke. Gaiztakeria zabaltzen ari da eta taberna batzuek besteei min emateko jarrera ere erakutsi dute leku batzuetan.
Juan Uranga
Andoaingo Zumea kaleko Danena tabernako arduraduna:

“Lehen kearekin lan egitera ohituta geunden, baina gusturago ari gara batere kerik gabe”
  1. Zein iritzi duzu tabernetan erretzeko debekuaren inguruan?
    Debekuaren legea zorrotzegia iruditzen zait, bere horretan; erradikalegia. Hala ere, tabernan hainbeste orduz lanean aritu behar dugunontzat hobea dela uste dut: kerik ez egotea asko nabaritzen da arnasa hartzeko garaian eta zer esanik ez arropan. Dudarik gabe, legeak guri baino kalte handiagoa eragin die gauez lan egiten duten tabernei. Guk gosariekin hasi eta afalondora arte eskaintzen dugu zerbitzua. Edariak bezala, janaria ere eskaintzen dugunez, bezeroek, oro har, eskertu egiten dute tabernan kerik ez egotea. Jende askok gustura esaten du kerik ez egotea asko nabaritzen dela.
  2. Nola erantzun dute bezeroek lege berriaren aurrean?
    Kexurik izan bada ere, bezeroek, oro har, lehen egunetik onartu egin dute lege berria. Erre nahi duena kanpora ateratzen da. Urte guztian zehar irekita izaten dugu kanpoaldeko terraza eta barrikak ere jarri ditugu atarian lasai erre nahi duenari zuzenduta. Nik kanpora erretzera ateratzen denari, erretzaileen artean, lagun berriak ezagutzeko aukera duela esaten diot. Hemen, oraindik behintzat, edariak kanpora atera daitezke; beste hainbat lekutan, Irlandan, esaterako, ezin dira atera.
    Bestalde, bizilagunak aztoratzearen arazoa ere ekar dezake kanpoan jende asko biltzeak, baina gauez irekitzen duten tabernei eragiten dio horrek zuzenago. Guk, alde horretatik, ez dugu arazorik.
  3. Urtarrilaren 2az geroztik, eragin kaltegarririk nabaritu al duzu tabernan?
    Jende aldetik, ez dugu batere jaitsierarik nabaritu. Lehengo jende bera etortzen da tabernara eta, agian, terrazaren eraginagatik, baita jende berri gehiago ere. Azken bolada honetan ume gehiago ikusten da tabernan. Beharbada uda partean kexu gehiago izango da erretzaileak eta umeak terrazan elkartzen direnean.
  4. Nola irudikatzen duzu etorkizuna legeari lotuta?
    Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, baina gauez zabaltzen dituzten taberna eta dantzalekuetan erretzaileentzat gune bereziak zabaltzea aukera egokia litzatekeela iruitzen zait. 2005 urtean aukeran jarri zen taberna erretzaileentzat edo ez erretzaileentzat izatekoa eta guk erretzaileei ere aukera eskaini genien. Orduko hartan, lokal handiak zituztenen kasuetan, inolako zentzurik izan ez duten berrikuntzak egin beharra izan zen okerrena. Lehen kearekin lan egitera ohituta geunden, baina gusturago ari gara batere kerik gabe. 
Zigarro elektronikoa ugarituz
Tabakoaren lege berriak botiketan ere izan du eraginik. Izan ere, hainbat pertsonak legea jartzearekin batera, erretzeari uztea –edo saiatzea behintzat– erabaki baitu. Zizurkilgo botikan zigarro elektronikoaren inguruan hitz egin dute.
Zizurkilgo botikan diotenez, tabakoaren aurkako legea indarrean jarri zenetik jende gehiago hurbiltzen da haren ordezko produkturen baten bila. “Zigarro elektronikoa da une honetan jendeak gehien eskatzen duena. Lehen nikotinazko partxeak eta txikleak ere saltzen ziren, baina produktu berri hau agertu denetik behera egin dute”. Izan ere, lege berri hau dela eta sorturiko produktua da zigarro elektronikoa. “Jendeak erretzen ari denaren sentsazioa mantendu nahi du ahal duen neurrian eta, noski, hori errazagoa da zigarro elektronikoarekin partxe edo txikleekin baino”, azaldu dute botikariek. Ohiko zigarroa balitz bezala erabiltzen da zigarro elektronikoa, baina ‘erretzaileak’ ur baporea arnasten du nikotinaren ordez. Salneurriari dagokionez, berriz, zabala da aukera. Batzuk erabili eta botatzekoak dira eta hamabi eurotan saltzen dira. Konplexuagoak ere badaude, etxean kargatu daitezkeenak, luzaroago irauten dutenak eta, noski, garestiagoak direnak. Legea indarrean jarri zenetik jende asko hurbildu omen da Zizurkilgo botikara produktu berri honek erakarrita. “Gehienak informazio eske etortzen dira: prezioak, ezaugarriak… Zenbaitek erosi ere egin du baina, oraingoz behintzat, gehiago dira produktua ezagutzera etorri direnak”, aipatu dute. Eta zigarro elektroniko horrek erretzaileen beharrak asetzen dituen ala ez jakiteko badirudi oraindik itxaron egin beharko dela, jendea oraintxe hasi baita probatzen.

ELKARTE GEHIENETAN ERRETZEA BAIMENDUTA
Egunez bezala gauez, taberna kanpoak jendez beteta ikustea ohiko bihurtu da azken boladan. Hala ere, eskualdeko elkarteetako atari gehienak hutsik daude oraingoz behintzat.
Larraulgo Katillutxulo ekarteak, eskualdeko gainerakoek ez bezalako erabakia hartu du: momentuz, barruan erretzea debekatuta dagoen elkarte  bakarra baita. Hara herriz herri, bazkideek euren elkarteaz jakinarazi dutena:

ANDOAINGO ELKARTEAK
  • Zumeatarra: Andoaingo beste elkarte guztietan bezalaxe, elkartean erre daiteke eta erretzen da. Urtarrilaren 16ko batzarrean erretzearen debekua ez zegoen gai zerrendan. Zumeatarrako bazkideek, gainera, aztergaiak proposatzeko aukera eta denbora izan dute. Erretzearen inguruan ez zuen inork proposamenik egin.
  • Ontza: Urtarrilaren 22an egingo dute urteko batzar orokorra eta Imanol Etxeberria elkarteko kideak adierazi duenez, ez dute erretzea debekatuko: “elkartean jendeak erre nahi du eta, beraz, ez da aurkako erabakirik hartuko. Batzarrean ez dugu aztergaien artean sartu ere egin. Nolanahi ere galde-erreguen atalean hizpide izan daiteke”.
  • Peña Santa Krutz: Laster dute batzarra, urtearen hasieran behintzat betikoari eutsi zaio. Erretzeari dagokionez, Aiurrik jakin ahal izan duenez, ez da aldaketa handirik espero.
  • Batzokia: Oraingoz erre daiteke eta ikustear da laster izango den urteko batzarrean bazkideek zer erabakitzen duten. Izan ere, zuzendaritza taldeak bazkideekin batera hartu nahi du erretzearen inguruko erabakia. Laster izango den urteko batzarrean elkartean erre edo ez eztabaidagai izango da.
  •  Irunberri: Momentuz behintzat erre daiteke eta erretzen da elkartean. Batzarra egiten denean ikusiko da gaiaren aurrean bestelako erabakirik hartzen den.

AMASA-VILLABONAKO ELKARTEAK
  • Uxo-Toki: Iker Urruzola lehendakariak jakinarazi duenez, urtarrilaren 29ko batzar orokorrean hartuko dute erabakia. Ordura arte ezertxo ere aurrera ez dezakeela adierazi du.
  • Irrintzi: Otsailean egingo dute urteroko batzarra. Bertan hartuko da erabakia, bazkideen artean bozketa egin eta gero. Elkarteak bi gune bereizita dituenez, bazkideen artean ezadostasuna sortuko balitz, gune bat erretzaileentzat eta bestea ez erretzaileentzat izateko aukera aztertu dezaketela adierazi du Nagore Abaigar lehendakariak. “Ikusi egin beharko da”.
  • Zunbeltz: Otsailaren amaiera arte ez dute legearen inguruko erabakirik hartuko. Elkartean egun oso gutxi erretzen bada ere, batzarrean gaiaren inguruan erabakiren bat hartu beharko dutela azaldu du Hilario Urdapilleta zuzendaritza batzordeko kideak.
  • Behar Zana: Pepo Alonso idazkariak gaiak erraza ematen badu ere, konplexua dela nabarmendu du, “oraindik ez dago elkarteei dagokion legea borobilduta eta otsailaren bukaera edo martxoaren hasiera arte ez da zehatz jakinaraziko. Zirriborroak dioenez, kultur eta kirol elkarteetan ezingo da erre aurrerantzean. Behar-Zanan duela lauzpabost urte egindako batzarrean erre zitekeela erabaki zen eta otsailean egingo dugun batzarrera arte behintzat, bere horretan mantenduko da. Bazkideen eta lege berriaren arabera hartuko da behin-betiko erabakia”.

LARRAULGO ELKARTEA
  • Katillutxulo: Momentuz Katillutxulok soilik hartu du elkartean ez erretzeko erabakia. Koldo Jauregi bazkideak, azaroaren amaieran egin zen batzarrean erabaki hori hartu zela adierazi du. Legea atera baino lehen hartu zuten, beraz, elkarte barruan ez erretzeko erabakia.

ADUNAKO ELKARTEA
  • Txulobi: Zuzendaritza batzordeko Pellok, gaiaren inguruan otsaileko batzarrean hitz egingo dutela zehaztu du. “Ordura arte behintzat, erretzen jarraitzen da. Udalak ere zer edo zer esan beharko du, lokala beraiena delako; gu alokairuan gaude”.

ASTEASUKO ELKARTEA
  • Aitz-Ondo: Urtarrilaren 16an egin zuten urteroko batzarra eta egun horretan ez zen tabakoaren gaiaren inguruko aipamenik atera. Ondorioz, besterik erabaki arte behintzat, erretzen jarraitu ahal izango da Aitz-Ondon.

ZIZURKILGO ELKARTEAK
  • Urkamendi: Bazkideen artean lege berriaren gaia behin baino gehiagotan entzuten omen den arren, oraindik ez dute inolako erabakirik hartu. Hurrengo batzar nagusian gai hori aterako dela uste dute bazkideek.
  • Ibaiertz: Fermin Aristondo bazkideak gaiaren inguruan ezer ere erabaki ez dutela aipatu du, “ez da batzarrik egin eta ez dut uste egingo denik ere, elkartea kokatzen den eraikuntza epe laburrean bota egingo baitute. Bitartean erretzen jarraituko da elkartean. Batzarra egingo balitz ere erre daitekeela aterako litzateke nire ustez”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!