Xabier Garagorri: hezkuntzako langile porrokatua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 19a, 10:12

Xabier Garagorri Yarzak ia bizitza osoa darama hezkuntzari eta ikastolei lotuta. Iaz erretiroa hartu zuen EHUn baina lanean jarraitzen du, euskal hezkuntzari oraindik bere ekarpena egin diezaiokeela pentsatuta.

Nolako formakuntza intelektuala jaso zenuen  gaztetan?
Ikasketak apaiztegian egin nituen. Ordenatu ere egin nintzen, baina orduko errektoreak ikasketekin jarraitzeko eskatu, eta Parisen bost bat urtez bizitu nintzen. Filosofia eta psikologiako ikasketak egiteaz gain, Espainiako emigrazioaren kulturgune baten ardura eraman nuen. Segidan, beste hiru urte Bartzelonan egin nituen. Han ere zeregin ugari hartu nuen bizkarrean bizimodua ateratzeko: itzulpenak egin, psikologia eskolak eman…

Nolatan sartu zinen ikastolen munduan?
Durangoko ikastolan zuzendaria behar zutela-eta, hara joateko eskatu zidan bertan bizi zen anaiak 1977an. Artean kanpoan jardun arren Euskal Herria ez nuen ahaztuta, eta itzultzea erabaki nuen. Hiru urteko bizialdi gogorra baina bizia, emankorra gertatu zen Durangokoa; euskararen munduak zailak zeuzkan gauzak, eta guztion inplikazioa eskatu zuen.

Ikastolei lotuta doa zure bizitzaren zati handi bat…
Bai. 1980an Gipuzkoako ikastolen elkartetik eskaintza jaso nuen Donostian lan egiteko. Ikastolen elkarteak pedagogiaren arloan liberatu zuen lehen pertsona izan nintzen ni, eta hainbat proiektu martxan jartzea egokitu zitzaidan. Hasteko, lehen hezkuntzako ikasmaterialgintza eta horrek eskatzen duen irakasleen prestakuntza.
Harrezkero, hainbat proiektutan hartu dut parte.

Eleaniztasunaren proiektua aipatu beharko duzu…
1991erako eskarmentu sendoa geneukan pilatua haur hezkuntzan, jatorriz erdaldunak diren familiako haurrak euskalduntzeko orduan. Garai hartan ikusi genuen Espainia Europako Batasunean sartzearekin batera mugak zabaldu eta euskal herritarrok mugitu beharra izango genuela beste hizkuntzak geureganatzeko. Oraindik indarrean den proiektu hark, honako helburua zuen: gure neska-mutilek, derrigorrezko hezkuntzan, berea den euskaraz gain inolako konplejurik gabe gaztelania eta atzerriko beste hirugarren hizkuntza nagusi bat menperatzea, eta gainera, laugarren bat jakitea, era apalago batean.

Emaitzak jakiteko unean izango zarete honezkero…
Kezkak eragin zituen hasieran, berritzailea baitzen euskal hezkuntzan: zalantzan jartzen zen ea mesedegarria izango ote zen euskararentzat euskaldunak eta erdaldunak gela berean jartzea… Urtero-urtero hasi ginen ebaluatzen proiektuaren eragina 4-16 urte bitarteko ikasleekin. Euskara, gaztelania, ingelesa, adimena, jarrerak… Denetik aztertu nahi izan zen, eta emaitzak begi bistakoak izan dira, arlo guztietan hobetu da: euskarak galdu ez baizik eta ahozkotasunean irabazi du, ingelesean ikasleen %70ak lortu ohi du B1 (elkarrizketa bati eusteko maila)…   

Euskal curriculumarekin lotu da zure izena batik bat, azken urtetan…
Ikastolen baitan piztu zen lehen hausnaketa, 1991ean. Euskal Herrian bizi den pertsona kulto batek Euskal Herriaz eta munduaz zer jakin beharko lukeen, galdera hori hartu genuen abiapuntu. Azken batean konstatazio batetik abiatzen ginen: izaera eta ezaugarri propioak dituen herri bat gara, baina ere berean bi estatu eta hiru administraziotan bizi gara. Nahiz eta aldeak egon dekretuen eta praktikaren artean, LOGSEren garaian euskal kulturaren aztarnarik ez zen jasotzen hezkuntza proiektuetan; zer esanik ez Nafarroa eta Iparraldearen kasuan.

Nolako edukiez joan zen hornitzen euskal curriculuma?
Euskal kultura Bilboko ezkerraldean, Zuberoan edo Araban ezberdina dela ahaztu gabe, elkarrekin partekatuko genuen zerbait nahi genuen; euskara eta euskalkien irudia erabili genezake ideia hori errazago ulertzeko. Hortik abiatuta, honako bi galdera planteatu ziren: zer daukagu eta zer eduki nahi dugu elkarrekin, Euskal Herrian bizi garenok? Izan ere, asko hitz egiten da aniztasunaz, baina gutxiago elkarrekin daukagunaz.
Lehenengo eta behin, ekarpenen garaia zabaldu genuen. Besteak beste, 50 gai hautatu eta horien inguruko zenbait adituei honako eskaera gaixtoa luzatu genien: “esaidazu zein den Euskal Herrian bizi den pertsona kulto batek zure gai horretaz ezagutu behar duena”. Hortik aurrera, gure erronka guztiok elkarrekin egindako proiektu bat lortzea izan zen.

Eta zenbat indar bildu ahal izan ziren prozesura?
Ikastolez gain, kristau eskolak, Sortzen (euskararen alde jokatzen zuten Nafarroako eskola publikoen elkartea) eta beste 22 erakunde batu ziren; Maria Angeles Iztueta sailburuak ere gogoz hartu zuen egitasmoa. Nire tristurarako, baina, zailtasunak topatu genituen bidean: besteak beste, EAEko eskola publikoekin edo titularitaterik gabeko eskolekin interlokuzioa bilatu ezina. Gerora, gainera, Tontxu Campos sailburu berria heldu zen, eta honek eskola publikoko sindikatu eta beste zenbait sektoreen presioei kasu egin, eta horiekin konponendak egiten saiatu zen. Azkenean, herri honetan maiz gertatu ohi dena gertatu zen: bitan bihurtzea, gauza bakarra zena. Euskal curriculumaren zati handi bat jasotzen zuen EAEko curriculum berri bat sortu zen horrela.

Nola dago oraintxe curriculumaren aplikazioa EAEn Isabel Celaa sailburuarekin?
Politikoen eztabaidagai diren elementu sinbolikoak (Euskal Herria terminoa e.a.) alde batera utzita, gainerakoan ez da hainbeste aldatu edukietan. Hizkuntzaren arloan, iruditzen zait garrantzizkoa zela gobernuak kementsu jokatzea; alegia, derrigorrezko hezkuntzan euskara maila jakin bat lortu nahi izatea eta beharrezko baliabideak jartzea horretarako. Hori ez du egin, ordea. Bestalde, orain ikusten ari gara, eleaniztasunaren planteamendua asmatu nahirik dabiltzala; 1991n jada ikastolek abian jarri zuten hori! Eskarmentuak ondotxo erakutsi digu A, B eta D ereduek zer eman dezaketen euskalduntze prozesuan.

Penaz bizi duzu urtetako dedikazioa eskaini diozun hori ez gauzatu izana…
Beti izan naiz sentibera elkarbizitzaren gaiarekiko, Parisen emigranteekin lan egin nuenetik bai. Euskaldunok elkarbizitza normalizatu batera iristeko, beti iruditu izan zait baloratu egin behar dugula kultur ezberdintasuna, eta aldi berean, elementu amankomunak behar ditugula partekatu.  Alde horretatik, ni itxaropentsu nago, pentsatuta ideia horren alde joko duela gizarteak, sinetsita nahiz baztertua izateko beldurrez. Elizak esan ohi zuena datorkit gogora, bi bide daudela bekatuaren barkamena lortzeko, alegia: bata “dolor de contrición” (borondatez aldatzeko asmoa), eta “dolor de atrición” (infernuaren beldurrez aldatzeko asmoa) bestea. Bigarren horrek asko funtzionatu izan du gure gizartean…

EHUko irakaslea ere izana zara…
Iaz hartu nuen erretiroa. 1982an Zorroagan didaktikako irakasle izateko eskaintza jaso nuen. Uztarketa interesgarria iruditu zitzaidan orduan, ikastolako praktika eta pedagogia unibertsitatean ematea, eta hantxe aritu naiz iaz arte.
Oso gustura jardun dut ikasleekin. Bizitzari buruz ikasle gazteek dituzten ikuspegiak, jarrerak…, hori dena semeen hazkuntza prozesuarekin batera bizi izan dut, eta oso aberasgarria egin zait. Denborarekin distantzia hartzen jakin dut, eta gazteei beren bidea egin dezaten laguntzen saiatu naiz.

PILOTA, BERE BESTE PASIOA
Hezkuntza kontuek utzi izan diotenetan, pilotan jokatu ahal izan du, maila handia erakutsiaz. “Seminarioan eskuz jokatzen genuen izugarri; 20-22 urterekin, Egaña eta biok herriz herri ibili ginen exibizioko partidak jokatuz. Bartzelonan, berriz, palari heldu eta Kataluina ordezkatu nuen Espainiako txapelketan, hiru urtez”. Atzelari gisa dezenteko sasoia izan du urte mordoan, eta era askotako bizipenak bizi izan ditu. “1980an Gipuzkoako txapeldun geratu nintzen, pala motzean eta luzean. Joxe Mari Iturzaeta handiak eta biok bikotea osatu genuen 1981eko txapelketan. 1990an, Kubako munduko txapelketan parte hartu nuen”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!