Bixente Etxaniz, umetatik pilotazale

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 19a, 09:41

Umetatik pilotari lotuta bizi da Bixente Etxaniz: Pilotari, epaile..., eta azken urtean baita Behar-Zana pilota eskolako gaztetxoen entrenatzaile ere.

Noiztik ari zara Behar-Zana pilota eskolako entrenatzaile lanetan?
2010eko martxoan Behar-Zana elkarteko kideen artean egin zen batzarraren ondoren, pilota eskolan talde eragile berria hasi ginen lanean. Bost kidek osatzen dugu batzordea: Pablo Etxeberria, Andoni Egiño, Josetxo Azurmendi, Enrike Lahidalga eta nik. Entrenatzaile gisa aritzen naiz ni.

Zenbat pilotari biltzen da pilota eskolan? Zein maiztasunekin elkartzen zarete?
7-14 urte bitarteko 32 mutikok osatzen du taldea. Astelehenetik ostegunera entrenatzen dugu, arratsaldero, Beharzana pilotaleku berrian. Aste guztian zehar entrenamenduetara lotuta egonagatik, oso gustura joaten naiz; erraza da gaztetxoekin aritzea eta haiek ere oso gustara etortzen dira.
Gertutik gertura, Amasako pilotalekura igotzea baino erosoagoa da Villabonan bertan biltzea. Pena da, ordea, Beharzana pilotaleku berria eraikitzerakoan ez asmatu izana. Irekia izanda, oso hotza da neguan. Bestalde, argiztapena ere ez da egokia, ezta kanpoaldera atera zuten palkoa ere… Lastima da pilotalekua halako baldintzatan edukitzea, berrikuntzak beharko lituzke. Ea halako batean iristen diren.

Behar-Zana pilota eskolako txapelketa jokatu berri duzue. Zer moduz?
Bi hilabete iraun ditu txapelketak. Denboraz juxtu samar ibili bagara ere, gustura aritu dira mutikoak. Haientzat oso handia da txuriz janztea.

Mutikoak diozu. Neskatorik ez al da taldean?
Une honetan, ezta bakar bat ere. Aurrez Behar-Zana pilota eskolan neska ugari ibili izan zen eta berriz ere gustatuko litzaiguke neskak gerturatzea. Lerro hauen bidez, beraz, gonbitea. Behar-Zanatik kanpo, emakume taldea biltzen da Beharzana pilotalekuan astero palan entrenatzera.

Etorkizunera begira zein asmo duzue orain?
Orain Eskolarteko txapelketa jokatzen ari gara eskualde mailan. Bigarren itzuliarekin hasi gara Gabonetako oporraldiaren ondoren. Ekainean, Behar-Zana elkartearen egunaren harira ere beste txapelketa bat antolatuko dugu. Baita frontenis nahiz pala txapelketak ere.

Villabonan beti izan da pilotarekiko zaletasun handia. Eskuz baino gehiago errebotean seguruenik…
Esku pilota baino nagusiagoa izan da hemen beti errebotea, baina eskuz ere beti jokatu izan da. Eskuz pilotari onak ere asko izan dira: Bat-batean Klaudio Etxeberria datorkit burura, fenomenoa izan behar zuen frontoi txikian.

Zein osasun ikusten diozu egun pilotari?
Nik uste egoera onean dagoela. Errebotean, esaterako, gorantz datozen pilotari gazte ugari dago. Eskuz ere gazte asko gogotsu ari da, zaletasunari eusten badiote aurrera aterako dira haietako asko. Afizioa eta gogoa izatea da garrantzitsuena. Hala ere, esku pilotak badu eragozpen bat: pilotari eskuarekin eman behar zaionez, pilota gogorrekin hasiz gero, eskuko minak izaten dira eta zaila izaten da gazteak jarraipena ematea. Oro har, ez dute eskuetatik sufritu nahi eta errazago jotzen dute raketan, zestan edo futbolean jokatzera. Egia esan, futbolak asko jaten du pilota: errazagoa da futbolean jolastea eta, zalantzarik gabe, komunikabideetan ere indar handiagoa ematen diote futbolari. Azken boladan, hala ere, esku pilotak pisua hartu du telebistan eta gaztetxoek asko jarraitzen dituzte Irujo edo Titin bezalako pilotariak. Antzeko pilotariek afizioa sortzen dute, futbolean Messik edo Ronaldok bezala.

Herriko nahiz eskualdeko txapelketak bezala, zuk ere jarraituko dituzu profesional mailakoak ere…
Gureez gain, sinfalta jarraitzen ditut telebistaz profesional mailako partidak. Esku pilota eta trinketea gustatzen zaizkit batik bat, nahiz eta trinketekoa, Iparraldeko final batzuk kenduta, gutxi ematen duten. Binakako txapelketa ez zen ondo hasi: Irujo gaizki ibili baitzen, baina luze joko du eta etorriko dira oraindik partida onak. Gaurko egunean, pilotari zintzoa eta ona Barriola dela esango nuke: adibide ona da, gogorra baita eta lan handia egin baitu. Burutik hanketarainoko pilotaria da leitzarra.

Etorkizuna izateko, pilotariak zein ezaugarri behar dituela uste duzu, gaztetxoei zuzenduta?
Lehenik eta behin, posturak ikasi eta frontoian sufritzea ezinbestekoa da. Gero gantxoak egiten eta dominatzen ikasi behar da. Ezin da hasieratik irabaztera atera; lehenengo lana egin behar da eta gero etorriko dira emaitzak.  
Gaztetxoen artean harrobi sendoa dago, beraz, Amasa-Villabonan…
Momentuz bai. Muga 14-15 urte bitarte horretan egoten da. Futbolera edo beste kirolen batera aldatzen ez badira, badaude indartsu datozen pilotariak. Une honetan herrian bada afizioa eta gurasoek lan egitea garrantzitsua da, gaztetxoek pilotarekin lotuta jarrai dezaten.

PILOTA EPAILE, 23 URTETAN
Urte askoan aritu da Bixente pilotako epaile lanetan, modalitate ezberdinetan: eskuz, palan, erremontean... Herrian ez ezik, eskualdean nahiz inguruan ere bai: Andoainen, Tolosan, Donostian, Eibarren… Kanpoan ere ibilia da, “Txileko eta Almeriako pilota mundialetan epaile izan nintzen trinketean, palan nahiz paletan. Gijonen ere parte hartu nuen Europako txapelketan”, azaldu du. Gaur egun, ordea, ez du langintza horretan jarraitzen, zigortuta dagoelako, “espedientea ireki zidaten Anoetan jokatu zen Eugi eta Belokiren arteko partidan. Euskadiko federazioaren eta Espainiakoaren artean harremanak ez ziren onak eta hortik etorri zen ondorioa. Garai gogorrak izan ziren”. Epaile lana oso lan lotu modura gogoratzen du, baina atsotitzak dioen moduan, gustuko tokian aldaparik ez: “oso lan lotua eta gogorra da epailearena. Zestapuntako epaile izatea, esaterako, eskukoa baino gogorragoa da. Epaile lanetan, nik ere hanka sartuko nuen noizbait, baina ez nuen arazorik izan. 23 urtez aritu nintzen epaile, titulu autonomikoa eta nazionala atera nituen”. Entrenatzea epaitzea baino lan errazagoa dela uste du, hala ere konpetentziak eragin handia duela, “denek irabazi egin nahi dute eta horrek okertu egiten du jokoa. 14 urtetik aurrera sortzen da irabazi nahi hori.  Tolosan epaile ari nintzela, Elias Pierola maisuak gaztetxoek pilota motelarekin ikasi beharko luketela esan zidan, gainerakoan amaitu egingo dela pilota. Uste horretakoa naiz ni ere: Sufritzen ikasi behar da aurrena, posturak hartzen… Txapelketak irabaztea geroagoko lana da”, amaitu du.

ESKUZ NAHIZ ERREBOTEAN
Zortzi urte zituela hasi zen Bixente pilotan jolasten, “Urretxun jaio nintzen eta umetatik jolastu izan dut pilotan. Goiz joaten ginen pilotalekura leku bila, baina gehienetan beteta egoten zen eta elizako atarian jokatzen genuen. Kamioan bestela, elizako paretari begira. Autoa etortzen zenean geratu egiten ginen eta pasatutakoan berriz hasi. Afizio handia genuen eskuz, besterik ez zegoen eta. Zapatak kendu eta galtzerditan jolasten genuen. Pentsa, urtebetean eskolatik piperra egin nuen pilotan jolasteagatik; maisua konturatu zen arte, noski”. Pilotari begira antolatzen zuen gaztetxotan astea Bixentek, “partidetarako arropak ilusio handiarekin neronek prestatzen nituen, baita zapatillak txuritu ere. Aste osoko ilusioa izaten zen asteburuko partida. Larunbatean edo igandean izan, berdin zitzaidan; gaur egun asko aldatu da hori”. 23 urte zituela etorri zen Amasa-Villabonara eta pilotarekin lotuta jarraitu zuen hemen ere, “ordura arte eskuz jolastu nuen beti eta hona etorritakoan, eskuz ez ezik errebotean ere hasi nintzen. Beste hamabost bat urtez jarraitu nuen pilotan jokatzen”. Txapelketa ugaritan hartu zuen parte, baina bereziki gogoratzen duena Donostiako Antiguan bi urtetan jarraian lortutako garaipena da, “Tolosako Patxi Alvarez izan nuen bikotekide urtetan. Oso pozgarria izan zen Antiguako txapelketa bi urtetan segidan irabaztea. Atotxako pilotaleku zaharrekoa ere irabazi genuen urte berean, baino askoz ere giro hobea izaten zen Antiguakoan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!