Alaitz Ormazabal, Aukeran dantza konpainiako kantaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 19a, 09:38

Alaitz Ormazabal zizurkildarra arkitekto teknikoa da lanbidez; kantaria zaletasunez, Aukeran dantza konpainian. Azken urteotan kantari moduan eginiko lanaren inguruan hitz egin du.

Noiztik zabiltza kantuaren bueltan? Nondik datorkizu zaletasuna?
Beti gustatu izan zait kantatzea, baina trikitixa eta panderoa jotzen hasi ginenean lotu nintzaion gehiago kantuari. Hasiera batean trikitixa jotzen nuen, panderoa gehiago gerora. Kantua lantzen hasi nintzenean, asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen eta trikitixa nahiz panderoko irakasle izan nuen Kristina Solanok lagundu zidan bidea irekitzen. Egia esan, herriko festatan aritzen ginen zertxobait Lierni Aburuza laguna eta biok, ez gehiagotan. Jendeak beti animatzen gintuen, oso ondo abesten genuela eta talde bat osatu beharko genukeela esanez. Aukeran dantza konpainiatik deitu zidaten arte, aurrez ez nuen beste talderen batean abestu. Konpainiaren gonbitea aukera moduan ikusi nuen eta bertan ari naiz geroztik.

Nondik nora iritsi zitzaizun gonbite hori?
2006 urteko uztailean hartu nuen parte lehenengoz Aukeraneko emanaldian. Urte berean Gipuzkoako Kantu Txapelketan ere partaide izan ginen Lierni Aburuza eta biok. Ez genuen saririk lortu, baina segida polita izan zuen niretzat. Egia esan, Kantu Txapelketak berak baino eragin handiagoa izan zuen Aukeran konpainiako dantzari Naikari Galarraga koadrilako laguna izateak, emanaldi berrirako kantari baten bila zebiltzanean, berak esan baitzidan haiekin kantari hastera animatuko ote nintzatekeen. Emanaldi hura estreinatzeko hilabete eta erdi falta zela hasi nintzen taldean, egun batetik bestera, batere espero gabe. Oso hilabete intentsoa izan zen, entseguz betea, hasi eta hilabete batera Donostiako Kursaalean estreinatu baikenuen ‘Bideak’ emanaldia.

Zeure kabuz ikasi al duzu abesten?
Neure kabuz aritu izan naiz, bai. Umetan sekula ez nintzen abesbatzan ibili; entzuteko bai, baina kantatzeko ez nau abesbatzak inoiz erakarri. Bestalde, etxekoak bertsozaleak izan dira beti eta hortik ere badatorkit pixka bat kanturako afizioa. Egia esan, kantuaren inguruan ez dakit asko, ez dut ikasi. Aritu egiten naiz eta aritzearen poderioz ere beti ikasten da zerbait.

Aukeran dantza konpainiako azken bi emanaldietan hartu duzu parte. Baina esperientzia gehiago ere ezagutu duzu haiekin batera…

Azken bi emanaldietan aritu naiz kantari: ‘Bideak’ emanaldian lehenik eta ‘Gernika, mihise gaineko dantza’ saioan orain. Urtean zehar emanaldi ugari eskaintzen dugu. Orain, hala ere, bolada lasaiagoa dugu; ekainean hurrengo emanaldia estreinatuko dugunez, asteburuak lasaiagoak izaten dira eta astean zeharreko entseguetan egin behar izaten dugu lana. Bestalde, ni partaide ez banaiz ere, Aukeranek ‘El Caserio’ zartzuelan ere parte hartzen du eta lan horrekin ere badabiltzanez, ‘Gernika, mihise gaineko dantza’ baztertuxeago daukagu orain. Ezin da denera iritsi.
Berriki, beste esperientzia bat ezagutu dugu: Euskal Herriko Orkestrarekin batera aritzeko aukera izan baitugu. Izan ere, Euskal Herriko Orkestrak, urtean euskal talderen baten lana aukeratu eta partituretara pasatzen du haien musika. 2010 urtean Aukeran dantza konpainiaren ‘Gernika, mihise gaineko dantza’ emanaldiko musika aukeratu zuten, Aitor Ametzagak sortua. Musika hori Euskal Herriko Orkestrak jo eta Donostiako Orfeoiak abestu du. Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, Gasteizen, Bilbon eta Donostian elkarlanean aurkeztu genuen emaitza. Izugarrizko arrakasta izan zuen: hiru aretoak lepo beteta egon ziren, aurrez sarrerak agortuta… Oso esperientzia polita izan zen: Aukeraneko kideoz gain, beste hirurogeita bost bat musikari eta beste hainbeste Orfeoiko abeslari batera aritu ginen. Lan hori bukatuta, gure bideari eutsiko diogu orain, berriz ere. Bestalde, saio motzak ere eskaintzen ditugu hala eskatzen diguten lekuetan. Txillida-Lekun, Bilboko Euskaldunan edo beste hainbat lekutan aurkeztu izan ditugu, besteak beste. Era berean, Aukeranen hamargarren urteurrenean ere parte hartu nuen.

Dantzarien artean bakarlari gisa ateratzen zara taula gainera. A capella abesten duzu gehienetan. Ez da lan erraza izango…
Gernikako emanaldi honetan musikaren gainean ere zer edo zer abesten dudan arren, A capella aritzen naiz nagusiki. Urteen poderioz pertsona ohitu egiten dela esaten bada ere, ni oraindik urduri jartzen naiz batzuetan; bereziki emanaldia herritik gertu denean. Duela gutxi Donostian aritu ginenean bertan, konpromisoa sentitu nuen; nire zatia ondo egin nahi izaten baitut. Emanaldian nire parte hartzea ez da hainbestekoa, baina tarte hori ahalik eta hobekien betetzen saiatzen naiz.

Gernikako bonbardaketaren inguruan osatu duzue ‘Gernika, mihise gainean dantzan’ emanaldia. Azalduko al diguzu zehatzago zertan datzan?
1937 urteko Gernikako bonbardaketan zer gertatu zen islatzen da emanaldian zehar. Hasieran, herria nolakoa zen dantzatzen eta abesten hasten gara taldekideak, herriko hainbat ohitura agerian utziz. Une batean, hotsa eta argiak nagusitzen dira. Herria zuriz jantzita agertzen da, oroimen modura. Bat-batean beltzez jantzita azaltzen dira dantzariak, alemaniarrak irudikatuz, eta sua deritzoguna iristen da. Behin alemaniarren emanaldia eta gero, poesia txiki bat errezitatzen dut, herria nola sutan geratu zen adieraziz. Herri batek horri guztiari buelta eman eta aurrera ateratzeko indarra nola daukan erakusten da jarraian. Bukaeran, Sorozabalen musikarekin batera, Gernikako Picassoren koadroa agertzen da eta momentu politaz gain, nahikoa hunkigarria dela esango nuke. Guk behintzat sentsazio hori dugu. Denok batera, herri honen historiaren zati bat ekarri dugu taula gainera. Orain artekoak dantza emanaldiak ziren gehiago, seguruenik ez hain sentikorrak. Azken lan hau ikuslearen barruraino iristen da. Besteak beste, bonbardaketan hildako herritarren izenak ere aipatzen dira emanaldian zehar. Gernikan bertan estreinatu zenean jende asko ikusi genuen zeharo hunkituta.

Zein da zure papera emanaldi horretan?
Saioaren hasieran abestu egiten dut eta baita fandango eta arin-arinean ere. Nire arropa Amabirjinarenaren tankerakoa da, dena zuriz jantzita ateratzen naiz. Oroimena irudikatzen dut: Kantatu eta poesia errezitatzearekin batera, eskenatokian agertu eta desagertu egiten naiz. Argien bidez leku ezberdinetan egon nadin lortzen dute. Batzuetan ikusleak harrituta geratzen dira nola pasatzen naizen alde batetik bestera; tranpa txikiekin lortu dugu hori, ikusleak leku aldaketaz jabetu gabe.

Zer nola antolatzen dituzu entseguak?
Zuzenean abesten dut entseguetan ere, mikrofono txiki bat hartuta. Egia esan, niri ere komeni zait jarraipena ematea. Emanaldia estreinatu aurretik eta hasieran entsegu asko behar izaten da, baina gerora, gutxixeago. Momentu honetan ez dut gehiegi entseatzen: astean bitan elkartzen dira taldekideak eta ni tarteka gerturatzen naiz.

Euskal Herriko txoko ugari ezagutuko zenuen dantza konpainiarekin. Urrunagoko herrialdeak ere bai…
Euskal Herriko txoko asko ezagutu dugu emanaldien harira; Gipuzkoan eta Bizkaian ibili gara gehien. Herriak baino gehiago, bertako pilotaleku, antzoki edo kultur aretoak ezagutu ditugu. Euskal Herrian bezala kanpoan ere ibili gara: Katalunian, Madrilen… Taldekideak, besteak beste, Bruselan edo Filipinetan ere izan ziren. Beti izaten ditugu ateak irekita, prest egoten gara joan behar den lekura joateko.

ESKUALDEKO HARROBIA, SENDO
Edu Muruamendiaraz da Aukeran dantza konpainiako zuzendaria eta bera da ‘Gernika, mihise gainean dantzan’ emanaldiaren koreografo eta zuzendaria. Hamaika dantzarik eta Alaitz kantariak hartzen dute parte aipatu saioan. Aukeran dantza konpainiaren baitan, Beterri-Aiztondo bailarako harrobia sendoa dela aipatu behar da, Alaitz Ormazabal kantariaz gain, Naikari eta Ioritz Galarraga amasar anai-arrebak konpainiako dantzariak dira. Berriki Jone Iriarte billabonatar dantzaria ere entseatzen hasia da. “Edu Muruamendiarazek Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldearekin ere lan egiten duenez, Oinkaritik etorritako dantzariak dira aipatutakoak. Naikarik hamar urte egin behar ditu eta Ioritzek ere bizpahiru badaramatza. Jone da hasiberriena”, azaldu du.

AGURRA KANTATUA

Herri mailan antolatzen diren ekintzatan ere sarritan hartzen du parte Alaitz Ormazabalek. “Kantatutako Agurra nahiko ezaguna egin da dagoeneko. Betiko Agurra da, herrikoa, baina gehienetan txistuarekin edo trikitixarekin jota entzuten ohitu garenez, arraroa egiten zaio askori. Aukeran konpainian hasi nintzen Agurra zuzenean kantatzen eta geroztik, batetik eta bestetik deitu izan didate kantatzeko. Kantua bera oso polita da. Jende askok galdetu izan dit noiz egin dudan letra hori eta betikoa dela erantzuten diet, ez dudala nik idatzi”. Ezkontzetatik ere deitzen diote Agurra zuzenean kantatzeko eskatuz,. Halakoetan, Naikari eta Ioritz Galarragarekin batera eskaintzen du saioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!