Noiztik zara Asteasuko podologoa?
2002ko otsailean hasi ginen podologia zerbitzua eskaintzen. Hasieran Lizardi etxean aritu ginen hiru urtez eta Asteasuko kiroldegia zabaldu zenetik, bost urtez ari gara bertan. Baliabide egokiekin hornitutako gela dugu eta Udalak bideratutako zerbitzua denez, ohi baino merkeagoa da.
Zein maiztasunekin etortzen zara? Nola lotu behar da zurekin hitzordua?
Hilabete eta erdiro etortzen naiz Asteasura, bospasei astero. Goiz eta arratsaldez aritzen naiz lanean. Hitzordua lotzeko Ainhoa Etxabe Udal teknikariari deitzea da egokiena. Hainbat bezerok zuzenean niri ere deitzen didan arren, bera da hitzorduak bideratzeaz arduratzen dena.
Hilabete eta erdiro edo hiru hilabetez behin, oro har, bezero finkoak etortzen zaizkit. Hala ere, oso aldian behin etortzen direnak ere baditut: baita umeak ere.
Zein zerbitzu eskaintzen duzu?
Kailuak edo maskurrak eta gogortasunak nahiz karetxoak kentzen ditut batik bat. Silikonak ere egiten ditut, oineko behatzen bat zuzendu beharra dagoenean. Esplorazioa eginagatik, barne-zolak edo plantillak ez dira hemen bertan egiten; baina arazoren bat ikusiz gero, bideratu egiten dut bezeroa.
Zein izaten da podologoarengana etorritakoan arazorik ohikoena?
Azkazal inkarnatuak, gogortasunak edota kailuak dira arazo nagusiak kontsulta honetan. Asteasukoa eguneroko kontsulta ez denez, zerbitzua mugatuagoa da. Bestalde, oinaren zaintzari lotuta ere jende asko etortzen da, mantenurako jarraitu beharreko pauso egokien bila.
Zein pauso aholkatuko zenuke oinen zainketa egokiari begira?
Jendeak askotan esaten du oinak sarri garbitzen dituela. Nik beti gauza bera erantzuten dut: oinak garbitzea bezain garrantzitsua dela behatz tarteak ondo lehortzea. Horri lotuta, krema emateko garaian, orpoan kantitate handienarekin hasi behar da eta behatz tarte nahiz azkazaletan ez da kremarik bota behar: behatz tarteak lehortu ondoren tarteetan krema ematea, bata bestearekin borrokan baitaude. Krema gauez eman behar da eta ez, askotan egin ohi den bezala, egunean zehar. Era berean, garrantzia handia ematen diogu diabetikoen eta pertsona helduen oin zainketari. Kasu horietan eta zirkulazioa ona izan dadin, garrantzitsua da josturarik gabeko galtzerdiak erabiltzea. Zapata erosoak erabiltzea ere garrantzitsua da: gero eta jostura gutxiago hobeto eta, noski, larruzkoak izan daitezela. Neurriari dagokionez, norberaren oinaren neurriko zapata aukeratu beharko litzateke: ez zabalegia eta ezta estuegia ere. Hori bai, urteak pasa ahala zapatak zabalagoa izan behar du: oina hazi egiten baita, gorputzeko gainerako atalak bezala. Oinek asko izerditzen duten kasuetan hautsak erabiltzea gomendagarria da eta izerdi asko sortzen duten oinentzat algodoizko galtzerdiak dira egokienak. Jakina, bakoitzak egiten duen lanaren baitan egokitu behar dira galtzerdiak. Esaterako, mediak erabiltzekotan luzeak erabiltzea askoz hobea da, motzek min handia eragiten dutelako behatzetan, haiek uzkurtuz. Azkazalak mozterakoan askotan esaten da zuzenean moztu behar direla, bada, gure gomendioa, azkazalaren formari jarraiki moztea da. Behatz borobildua duenak borobilean moztu beharko lituzke eta ez zuzenean. Bestalde, kailuen kontrako produktuak ez lituzkete azal oso fineko nahiz diabetesa duten pertsonek erabili behar, askotan hobekuntza baino kalte handiagoa eragiten baitute.
Nahikoa zaintzen al da oina egun?
Hamabi urte daramatzat lanean eta, egia esan, oinak egunetik egunera gehiago zaintzen direla nabaritzen dut. Zapata ere gero eta gehiago baloratzen da. Dudarik gabe, oinak beti lurrean izaten ditugu eta ondo zaindu beharrekoak dira. Haatik, askotan, uda iristen den arte ez gara oinez gogoratu ere egiten eta urte osoan zaindu beharko liratekeen arren, bezero gehienak, sandaliak erabiltzen hastearekin batera, udaberrian edo udan etortzen dira lehenengo aldiz podologoarengana. Udan izaten dugu guk lanik gehien, nabarmen.
Oinak gero eta gehiago zaintzen badira ere eta podologoarekiko kontzientzia hobetu egin den arren, oraindik ere lan handia geratzen zaigu egiteko.
Podologoon lana ezagutzen al da gizartean?
1988. urtean podologia eta fisioterapia erizaintzarekin bereizi egin ziren eta zertxobait gehiago ezagutarazi da gure lana geroztik. Gure xaharrentzat oraindik ere podologook kallistak bagara ere, etiketa hori nahiko kendua dago egun eta gehiengoak podologo esaten digu. Askotan guk geuk frogatu behar dugu gure kategoria, kailuak kentzeaz gain, bestelako arazoak konpontzeko ere hor gaudela azalduz. Oinaren osasuna gure esku dagoela erakutsi behar dugu. Sektore pribatuan gaudenak erantzun zuzena, azkarra eta efektiboa eman behar diogu bezeroari. Ordaindu egin behar den zerbitzuak etekina izan behar du eta hori profesionalen baitan dago. Hala ere, nire ustez, jendeak gero eta gehiago ezagutzen du podologoaren funtzioa. Esaterako, askotan belauneko arazoak oinekoarekin oso lotuta egoten dira eta gu ez gara oinean bakarrik geratzen. Gorputza bere osotasunean kontuan hartzen dugula erakutsi behar dugu eta oinek gorputzeko gainerako atalei eragiten diela.
Nork jotzen du nagusiki podologoarengana?
55 urtetik gorako emakumea etortzen da batik bat gugana. Hori kontsulta gehienetan halaxe gertatzen da. Tarteka gizonen bat ere etortzen da, baina emakume heldua askoz ere gehiago. Uda partean ume asko gerturatzen da papilomak edota azkazal inkarnatuak direla eta. Umea kontsultan sartzen ikustean jakina izaten da zein arazo izango duen. Gaztetxoen eta helduen arazoak ez dira berdinak izaten.
Jendearen gehiengoa minez etortzen da podologoarengana. Podologian %100eko prebentzioa lortzeko urruti gaude oraindik. Eskaera halakoa delako, bigarren mailako prebentzioa egiten dugu lehen mailakoa baino gehiago: alegia, arazoa dagoenean aurkitzen dugu irtenbidea eta berriz gerta ez dadin zein pauso eman azaltzen diogu bezeroari. Arazoa sortu aurretik irtenbidea aurkitzea litzateke egokiena, baina horretatik nahikoa atzera gaude oraindik. Oinak zaindu eta hidratatzeko ohitura gero eta handiagoa bada ere, poliki gabiltza eta, esaterako, begiak edo gorputzeko beste hainbat atal zaintzen diren bezala, oinen zainketa urrun dago.