Duela lauzpabost urte hasi ziren neguko tradizio zaharrari eusten. Hamasei bat lagun aterako dira kantuan guztira eta Asteasuko taldeari, Adunako bi lagun eta Alkizako beste bat gehituko zaio urtero bezala. Azken urteotako bideari eutsiz, bertsolari edota koplari lana Agustin Aizpurua asteasuarrak beteko du. Urtero txandakatu ohi dutenez, herriko auzo zehatz batean ibiliko dira kantuan aurten ere, baina urteroko kaleko bueltatxoa egingo dutela jakinarazi dute kantu taldeko kideek.
Kantu errondan jasotzen duten dirua 2011ko San Pedro egunean 100 urte beteko dituen Asteasuko elizako organoa berritzeko erabiliko da. Kantu taldeko kide Miren Vitoriak adierazi duenez, “Gabonetan jasotako dirua ere berrikuntza lan horietara bideratu dugu eta aurrera begira diru-laguntza jasotzeko ekimen gehiago antolatuko da: errifak... Hala ere, udaletxeak nahiz gainerako erakundeek luzatutako diru-laguntza ezinbestekoa izango da organoa berritu ahal izateko”. Organoaren urteurrenaren harira hainbat ekintza antolatuko da Asteasun.
Bestalde, Juan Tapiak bideratuta, Asteasuko musika taldeko ikasleak ere kantuan arituko dira Santa Ageda bezperan 19:30etatik aurrera.
Presoen alde dirua biltzeko ere, urtero ateratzen da kalez kale Asteasun hirugarren talde bat.