Aitor eta Laura, bizikletan munduan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 13a, 11:26

Etxean dira berriro Aitor Igiñitz (Andoain, 1977) eta Laura Martinez (Madrid, 1976). 30 herrialde baino gehiago zapaldu dituzte bizikleta gainean, azken bost urtetan Asia eta Afrikako kontinenteak zeharkatu eta gero. Daramaten bizimoduari buruzko hausnarketa txikiren bat egiteko parada hartu dute, berriz ere errepidera itzultzeko asmoa azaldu baitute.

Zer dela eta itzuli zarete?
Laura Martinez: Nik istripua izan nuen, aldapa batean behera nindoala, joan den urrian. Angola eta Kongo artean dagoen Cabidna zonaldean izan zen hori. Ezker aldea dena geldirik geratu zitzaidan, eta arpegian puntuak eman zizkidaten. Hilabete eta erdi geldirik egon ostean, oinazeak joaten ez-eta, etxera etortzea erabaki nuen. Bi hezur-hausketa ditut, eta erreabilitazioa egiten ari naiz buru-belarri.

Aitor Igiñitz: Nik aurrera jarraitu nuen Laura etxera itzuli zen arren. Kongon, ordea, txisaren infekzioa harrapatu nuen: izugarrizko sukarrak, txisa odolarekin nahastuta… Han denetariko botikak eman zizkidaten, baina onera etortzen ez eta nik ere etxera itzultzea erabaki nuen abenduan, ea hemen aurkitzen zidaten zer gaixotasun mota dudan.

Bukatutzat jo al duzue zuen ibilbidea?
A.I.: Ezta inondik ere! Gure asmoa sendatu bezain pronto Afrikara itzultzea da. Gora eta gora, honuntzako bidea hartuko dugu. Hemen bizpahiru hilebeteko lana ziurtatuta daukagu abuztu aldera, eta ordurako bizikletan itzultzea nahiko genuke. Polita izango litzateke Leitzaran bailaran barrena iristea hona!
Lan egin, dirua pixka bat bildu, bizikleta gainean jarri eta aurreko urteetako ibilbideari ekingo diogu berriro.

Nolaz ezagutu zenuten elkar?
L.M: Nepalen gertatu zen hori 2008ko urtarrilean, nor bere kasa urteak bidaiatzen igaro eta gero. Erromantizismoz busti genezakeen istorioa, eta zera esan: lehen begiratuan maitemindu eta elkarrekin abiatzea erabaki genuela. Halakorik ez zen gertatu, baina. Nire kasuan, segurtasunak bultzatu ninduen, gehienbat. Izan ere, emakumea izanik bizikletan zoazela mugatuagoa zaude; abiada motelean zoaz, edozein lekutan egin behar izaten da lo…
Ni ohartzen nintzen bera gustuago ibili ohi zela bakarrik; nik ere sentitu izan baitut bakarrik ibiltzeak ematen dizun askatasuna… Baina kontua da aukera polita ikusi nuela Aitorrekin bidaiatzeko.

A.I.: Egunez egun ikusiko genuela erabaki genuen, inongo konpromisorik gabe. Aurrera joan ahala, ordea, zera gertatu zen: nork bere aldetik munduan aurki zezakeen pertsona bakarra dela ohartu ginen, filosofia berezi honekin bidaiatzeko.

Defini al dezakezue batak bestea?
L.M.: Aitor bidelagun perfektua da niretzat, nire osagarririk egokiena, biok guztiz ezberdinak baikara. Burugogorra da, ez da etsitzen egoerarik ezkorrenean ere, eta “aurrera, ez dago arazorik” da bere lema. Pertsona ona da gainera, gozoa da giza tratuan.

A.I.: Laura pertsona oso atsegina da, eta orain bost urte hautatu nuen bizimodu hau partekatzeko munduan dagoen pertsonarik egokiena dela iruditzen zait.

Nolako bizi filosofiak mugiarazten zaituzte?
A.I.: Bizitzak berak nahi duen tokitik eraman gaitzan, hori bilatzen dugu. Bidaia bat antolatzeko orduan dena lotzen baduzu, ez diozu aukerarik ematen bat-batekotasunari, bidean bizi den jende harrigarriarekin hitz egiteko, giza harremanak sortzeko, magia berezia duten leku edo parajeak ezagutzeko… Malgutasunez jokatuta, aldiz, bizitza beste sakontasun batekin bizi daiteke.

Jendeak zer adierazi dizue, horrenbeste urte kanpoan pasa eta gero?
A.I.: Kalean lagunak nire itxuragatik harritu egiten dira pixka bat (argaltasuna, herri musulmanetan erosoago ibiltzeko utzi nuen bizarra…), eta pasadizoak kontatzeko eskatzen didate. Milaka pasadizo daukagu, baina lehoiekin izandako eskapadak txunditzen ditu gehien. Namibian izan zen hori: animalia asko zebiltzan toki harrigarri batean gaua egitea pentsatu genuen, kanpin denda jarrita. Gauean, baina, lehoien orroak entzun genituen. Ingurutatu egin gintuzten! Beldurra, panikoa sentitu arren, ez ginen mugitu. Hiru orduko kontua izan zen, eta azkenean, ondoan zebilen animaliaren bat ehizatu eta hura jatera joan ziren. Gero eguna argitu eta beroa gogoz jotzen hasi zenean, itzalaren bila abiatu ziren, gu bakean utziz.
 
Jendeak miresmen eta inbidia puntu bat edukiko du zuen ibiliak ikusita…
A.I.: Mitoak, heroiak…, izatea gogoko dugu; “munduan zehar berrogeita hamar mila kilometro egin dituen lagun bat daukat”, esatea ere atsegin dugu. Hala ere, kirolaren ikuspegitik hori ez da inongo marka. Kontua ez da hori, kontua da Laura eta biok hautatu dugun bizimodua sakrifizioaz betea dela iruditzen zaiola askori.
Jende asko gustura joango litzateke gu bezala, baina dena nahi izaten dugu, eta hori ez da posible. Beti amesten dugu gurearen antzeko bidaiaren batekin, baina gero ezin dugu praktikara eraman, lotura asko eratzen baititugu gure inguruan. Azken urtetan lezio bat ikasi dut ondo: mendebaldeko gizarte honetan erabaki dezakegu gure bizitzarekin zer egin nahi dugun. Batzuk etxean geratu eta etxe bat, auto bat edota telebista bat…, erostea erabakitzen dute.
Iruditzen zait bizilagunek, ingurukoek… pentsa dezaketenak asko geldiarazten gaituela.

L.M.: Segurtasun ezak ematen duen beldurra dago muinean. Gizarteak hainbat arau jarri dizkigu kulturalki, eta horiek zure nortasuna erreprimitzen dute maiz. Izua botere sortzailea da. Gaizkia, berri txarrak besterik ez dira saltzen komunikabideetan, gizartea geldirik edukitzeko. Gu ohartu gara zintzoa, eskuzabala dela munduko ia jende guztia; baina, kontrakoa transmititzen zaigu.

A.I. Bisitatzeko leku seguru bat aipatzeko eskatzen didatenean, nik CNNko informatiboak ikusteko erantzuten diet; herrialde arriskutsutzat zein jo, hara joateko, alegia. Adibidez Pakistan, Yemen edo Iraneko biztanleak izugarri adeitsuak dira.

Ez al zaituzte tentatzen etxean geratzeak, gure gizarteko erosotasunak berriro probatu eta gero?
L.M.: Hemengoan zenbat eta gehiago erreparatu, eta orduan eta desio handiagoa sentitzen dut urrutiko errepideetara itzultzeko. Nire bizitza han dagoela sentitzen dut. Etxean egonda orain, iruditzen zait oporretan nagoela. Zientzia fikziozko pelikula bat ikusten ariko banintz bezala da: punta-puntako teknologia denerako, telebistaren gainezkako presentzia, informazioaren bonbardaketa, kontsumismoa… Nahi ez dudan gizartea ikusten dut, baina lasai nago; badakit mundu horrek ez nauela jango, ahal dudanean ihes egingo dut eta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!