"Ahoan orekatua, freskagarria, afrutatua eta amaiera luzea duen sagardoa dastaketarako zain duzue"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 13a, 11:17

Txotx irekiera ekitaldia egin zuten urtarrilaren 12an Astigarragan, Karlos Argiñano sukaldariaren eskutik. Txotx denboraldia asteburuan hasiko da.

Aurtengo sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak aditzera eman zituzten ekitaldi berean. Laburbilduz, 2010. urte honetan euskal sagastietako ekoizpena iazkoa baino handiagoa izan da, baina ez dira 2008ko uzta historikoaren mailara iritsi.
Sagar bilketaren kanpaina irailaren 27an hasi eta azaroaren 21ean amaitu zen. Sagardoetxeako arduradunek adierazi zutenez, “azken urteetan bezala, iraila hasieran Gipuzkoako sagasti ezberdinetan kontrol bat egin zen sagarraren egoera ezagutu ahal izateko. Honetarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu genituen, Beterri aldekoak gehienbat, hamalau barietate kontrolatu zirelarik: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria”.

Bilketa datuak eskuan, 2010eko sagar ekoizpena 2009koa baino askoz handiagoa izan dela diote. Tokian tokiko bilketa ezberdina izan da, “kostaldetik gertu kokaturiko sagastietako zuhaitz batzuek izan duten sagar kopurua bikaina izan da. Barnealdeko sagasti askotan, aldiz, sagarren tamaina txikiagoa izan da euri faltaren eraginez”.
Eguzki ugari egon izanak eta euria neurrian egin duenez, sagarren elementu aromatikoen kontzentrazio egokia ahalbidetu da, zuku afrutatua eta orekatua lortuz. “Gure sagardotegietan, ahoan orekatua, freskagarria, afrutatua eta amaiera luzea duen sagardoa dastaketarako zain duzue”, horra sagardoa dastatzeko aurtengo gonbitea.

HAMAR MILIOI LITRO SAGARDO
2010ean Euskal Herriko uzta hamar miloi litro sagardo ingurukoa izan zela adierazi zuten txotx irekiera ekitaldian.

Prentsaurrekoaren ondotik ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi zen: txotx irekiera, alegia. Astigarragako Petritegi sagardotegian Karlos Argiñano sukaldari eta telebista aurkezleak “Gure Sagardo Berria” oihukatzearekin batera, lehen kupela ireki zuten.
Sagardo denboraldi berria, beraz, martxan da.

BISITA KOPURUA HANDITUZ DOA
Sagardoetxea museoak, bestalde, hamar mila pertsona baino gehiagoren bisita jaso zuen 2010ean, aurreko urtean baino %10 gehiago.

Ekimen honetara bazkide berri baten sarrera iragarri zuten, Andoaingo Gaztañaga sagardotegiarena hain zuzen.

Sagardoetxeak bere ateak ireki zituenetik, sagarra eta sagardoarekin loturiko informazioa bildu eta sailkatzeari ekin dio. Dokumentazio gunean liburuak, aldizkariak, dokumentu historikoak, argazkiak edota ikus-entzunezkoak aurki daitezke. Horiek denak 2011. urtean internet bidez kontsultatzeko aplikazioa sortu dutela iragarri zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!