Larraulgo irudiak, egutegian

Iaz martxan jarritako ekimena, abian da berriz ere. Herritarrek egindako argazkiak bildu, aukeraketa egin, eta egutegi polita osatu dute Larraulen.

Gabonetako kantu errondan banatu zituzten lehendabiziko aleak. Aitor Atxega da ekimenaren bultzatzaileetakoa eta hark azaldu ditu helburuak: “Herriko paisaiak, gertaerak, jaiak, kultur ekitaldiak…, horiek guztiak irudietan bildu eta herritarren etxeetan ikusgai izatea nahi genuen. Horretarako, egokia iruditu zitzaigun herritarrei argazkiak eskatzea eta onenekin egutegi bat osatzea. Azken finean, urtean zehar gauza mordoxka antolatzen da Larraulen, eta irudietan bildu ezean, berehala ahazten zaizkigu. Modu honetan, herriko etxe guztietako sukaldeetan egotea lortu nahi dugu”. Hirurogeita hamar iruditik gora bildu zituzten aurtengoan.

Paisaiak nagusi
Kultur astearen barnean egiten dute argazki onenen aukeraketa. “Zenbait emanaldi antolatu genuen jendeak argazkiak ikusteko aukera izan zezan. Argazkiak, hilabeteka sailkatuta eskaini ziren eta ondoren, bertaratutakoek gustukoenak bozkatzeko aukera izan zuten. Laurogei bozka inguru jaso genituen eta gustura gaude erantzunarekin”. Paisaiak nabarmendu dira aurtengo egutegian. Hala azaldu du Aitor Atxegak: “Iazko egutegian herriko ekitaldiren batean atetarako argazkiren bat edo beste ageri zen bezala, aurten, paisaiak nagusitu dira. Argazkilari profesionalik ez dago tartean, baina oso irudi txukunak lortu dituzte; egutegi polita atera da”.
Egutegia, baserri guztietan
Egutegi ederra osatu dute aukeratutako hamabi argazkiekin. Gabon eskeko kantu errondan hasi ziren banaketa egiten. “Baserriz baserri kantuan eta eskean joaten garenean, trukean egutegia ematea detaile polita dela iruditzen zaigu. Guztira 125 ale atera ditugu eta kantu errondan banatu gabe geratu zirenak, ostatuan jarriko ditugu salgai hiru euroren truke”, azaldu du Aitorrek.

Argazkien egileak: Pedro Diaz, Kristina Garde, Koldo Jauregi, Igor Barandiaran, Olga Villa, Iñaki Alkalde, Maider Sanz…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!