Zorionak Txolarre: hamar urtez hegan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 13:02

FMko 107.5ean, 2000ko abenduaren 26an aireratu zen Txolarre irratia lehenengo aldiz. 10 urte bete ditu berriki, beraz. Azken urte luzeetan irratiko esatari eta arduradun den Jon Mirandak hartu du hitza.

Hamar urte bete dira irratia martxan jarri zenetik. Bide luzea egin duzue, dudarik gabe…
Inondik ere ez da bide erraza izan, eta horren adierazle, bidezidorra da iaz aukeratu genuen leloa. Txolarre irratiak hamar urtez bizirik irautea nahikoa meritu badela uste dugu. Pronostiko guztien aurka iraun du: erakunde nahiz komunikazio taldeen aparteko babesik gabe, herritarren laguntzagatik. Eta herritarrek sustatutako irrati batek hamar urte betetzea ez da gutxi. Duela hamabi bat urte irratia irudikatzen hasi ziren herritar haiek eskualdearentzat komunikazio tresna bat sortu zuten. Irratiak hamar urte bete baldin baditu, tresna hori erabili delako izan da. Modu ezberdinetan erabili ere: batzuek beren elkarteko edo herriko informazioa emateko, beste batzuek egiten dakiten hori erakusteko, edota baita etorri eta irrati lanetan trebatzeko ere. Erabiliz eman zaio balioa irratiari eta nire ustez horregatik egin du hain bide luzea.

Bidezidor horretan babes falta nabaritu al duzue?
Bidezidorra guk aukeratutako bidea da. Gurea ez da bide zabal eta erosoa, ez da autopista; gurea bide malkartsua, gorabeheratsua eta bihurgunez betea da. Eta horrek bere kostuak dauzka; alde onak bezala, txarrak. Askotan alde txar hori nabarmentzen da eta egia da tarteka estuasun handiak pasatzen ditugula alderdi hori gailentzean. Baina beste alde positibo asko ere badauzka bidezidorrak: eskualdean herri txiki asko dago eta herritarrak nahiz baserritarrak lotzen dituen bidea da gurea. Izan ere, bidezidor horiek jendeak erabiltzen ez baditu galdu egiten dira eta, aldi berean, sasiak ere kendu egin behar izaten zaizkio tarteka. Txolarreren kasuan oso garrantzitsua izan da herritarrek hamar urteotan emandako laguntza eta babesa.

Ion Ander Esnaola eta Edurne Yuso hasi ziren Txolarren esatari lanetan aurren-aurrena. Laster zinen tartean zu ere…
Irratia 2000ko abenduan abian jarri bazen, 2001eko maiatzean hasi nintzen ni lanean. Txolarre sortu eta bost hilabetera, Edurneren ordezko modura.

Esatari lanetan lehen esperientzia izan al zen zuretzat Txolarreko lana?
Politika eta Administrazio Zientziak ikasi nituen nik, ez naiz kazetaria. Baino karreraren amaieran, analisi politikoaren espezializazioa geneukan komunikabideetara bideratuta eta bide hori aukeratu nuenez, kazetaritzako hainbat gai jorratu nuen. Aldi berean, karrera hasi nuenean, irrati tailer batean parte hartzen hasi nintzen Altza auzoko Casaresen. Bertan egin nituen irratiarekin lehen hartu-emanak. Gerora, Bilbon ikasten ari ginela, Tas-tas irrati librean ere saio bat egin genuen. A ze ibilerak!

Irundarra izaki, Irundik Tolosaldean kokatzea zaila egin al zitzaizun hasieran?
Pixkanaka ezagutu nuen eskualdea; baina niretzat ez zen guztiz inguru arrotza, hemengoa baitut ama eta betidanik ezagutu baitut bailara hau. Eguneroko lanarekin, ordea, beste esperientzia eta ezagutza maila bat jaso dut. Hala ere, kanpotar izatea komeni da distantzia bat markatzeko, gehiegi ez nahasteko. Eskualdeko 28 herriak, berdin maite ditut nik eta, berdin gorrotatu.

Tolosaldeko 28 herritan ez ezik, Andoain eta Legorretan ere hedatzen da Txolarre irratia…
Irratia martxan jarri genuenetik, Tolosaldeko 28 herriez gain, Andoainen eta Legorretan ere entzun izan da. Hamar urte hauetan, esaterako, eskualdea hasierako 28 herriekin osatuta geratu dela ikusi da. Azken urteotan, Tolosaldea Garatzen moduko elkarteek markatu dute gure esparrua. Baina Andoain ere gurea bezala sentitzen dugu guk: andoaindar askok entzuten du Txolarre eta albistegietan Andoaingo kontuak ere tartekatzen ditugu. Gainera, Txolarreko talde eragilean Andoaingo herritarrek ere parte hartu izan dute.

Goizeko irratsaioa zuk bakarrik bideratzen duzu aspaldiko urteotan. Nola antolatzen duzu eguneroko lana?

Urteak igaro ahala eginbeharrera ohitu egiten zara eta beti irratsaioa moldatuz egin dut aurrera. Oso maiz aldatu izan dut goizeko saioa, pixkanaka zehaztuz. Hamar urtetan Txolarrek destilazio lana egin duela esaten dugu; lan guztiak egiteko pertsona liberatu bakarra baitago eta baliabideak ere oso urriak direnez, imajinazioa landu eta daukazunarekin moldatu behar izaten baita. Nire lana, informazioa lantzea baino gehiago, nire eskuetara iristen den informazio hori guztia ondo antolatu eta lehentasunezkoak aukeratu ondoren, horien berri ematea da. Baliabide gehiago edukiz gero beste aukera batzuk izango genituzke, baina horixe da momentuz egin dezakeguna. Egunero argazki moduko bat ematen diogu entzuleari eta, egia esan, 11:00tatik 12:00etako albistegia entzuten duenak badaki Tolosaldean zer gertatzen den. Goizeko albistegi hori 14:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 21:00etara errepikatu egiten dugu, aukera izaten dugularik azken orduko gertaerak gehitzeko. 12:00etatik 13:00etara beste patxada bateko elkarrizketak aireratzen ditugu, magazinean. Atal horretan aipatzekoa da, beste herritar askoren artean, Jose Anjel Sarasola asteasuarrak, Igotz Alkorta zizurkildarrak edo hil berria den Emeterio Sorazu Ibarrako apaizak egindako kolaborazio lana. Herritarrek euren jakintzak erakusteko aukera izan dute eta dute irratian.
Bestalde, goizeko irratsaioaz gain, iluntzean norberaren intereseko gaien inguruko saioak egiteko aukera irekia eskaini izan da Txolarren eta hamaika gai landu da urte hauetan zehar. Boladaka indartzen da hori; une honetan, esaterako, saio gutxiago eskaintzen da iluntzetan. Era berean, programazioa osatzeko oso garrantzitsua izan da Arrosa irrati sareko kide egitea. Modu horretan Euskal Herriko beste irratiekin programak trukatzen ditugu eta saio horiekin osatzen dugu 16:00etatik 17:00etarako tartea.

Zein jarrera erakusten dute eskualdeko herritarrek hitza eskatzen zaienean?
Hedabideak gero eta normalizatuagoak diren heinean, jendeak erraztasun gehiago dauka parte hartu eta informazioa emateko. Hala ere, oraindik egiteko asko dagoela uste dut: batzuei lotsa ematen die irratian hitz egiteak. Datorrenaren ahotik, ‘lasai-lasai eta etxean bezain gustura sentitu naiz’, entzutea lortu beharko genuke. Jendea eroso eta gustura sentitzea da gure helburua. Ardura kontua ere bada: Eskualdeko jende askok, beste leku askotan bezala, ekimen asko antolatzen du auzolanean eta horren berri komunikatzeko ardura hartzea falta da kasu askotan inguruan.
Modu berean, azken urtetan, Aiztondon baino gehiago Tolosaldean, udaletxe eta elkarte handiek bideratuta bereziki, prentsaurrekoak egiteko joera zabaldu egin da eta ondorioz, hedabideak propaganda iturri moduan erabiltzekoa. Momentuko argazkiari garrantzia handia ematen zaio eta zer pentsa ematen du horrek. Joera horri eustea baino egokiagoa iruditzen zaigu informazioa gertuagotik eskaintzea, lan gehiago eskatzen badu ere.

Antena erortzearen ondorioz, isilik egon da Txolarre bolada batean. Zein ondorio atera duzue gertaera horretatik?
Hilabete inguru egon da isilik irratia, baina momentuz behintzat moldatu da arazoa. Antenaren arazoa oso konplexua da, izan ere, kontuan hartu behar da duela hamar urte, garai batean Amasa-Villabonako Loatzo irratiaren azpiegiturak baliatuta jarri zela martxan Txolarre, eskualde guztirako irratia egiteko. Etengabeko egokitzapena eginagatik eta antenetako tresneria nahiz ekipoak hobetzen dirutzak gastatu arren, oso zaila da eskualde osoan %100ean zabaltzea. Teknikoek diotenez, Euskal Herriko orografiarik konplexuena du gure eskualdeak eta zaila da txoko guztietara iristea. Hala ere, hobetzea badagoela uste dugu. Hamar urte bete ditugu eta etorkizunari begira, teknikoki zabalkunde hori egokia izateko pausoak ematea dagokigu. Aukerak badaude; beste kokaleku bat bilatuta, esaterako, baina momentuz ez daukagu bitartekorik.
Antena erorita egon denean entzule ugarik galdetu du zer gertatzen zen. Pozgarria da Txolarre entzuteko hautua egiten duten herritarrek irratia hain natural entzutea, baina atzean izugarrizko anabasa dagoela konturatu beharko lukete, oso zaila dela honi guztiari eustea. Jendeak zintzilik dagoela ohartu beharko luke eta etorkizuneko plangintza lantzen dugunean, herritarrekin, eragileekin nahiz udaletxeekin batera egin beharko genukeela bidea; euskarazko irratiak eskualdean bere toki segurua eta legeztatua izan dezan, eror ez dadin eta iraun dezan.

Etorkizunera begira zein erronka duzue?
Egunerokoari eustea batetik; baina ez bizirautea bakarrik, baita eragiten jarraitzea ere. Etorkizunean nolako euskarazko irratia nahiko dugun guztion artean erabaki beharko genuke. Txolarre herritarrek sortutako irratia denez, guztion esku legoke hausnarketa hori egitea. Bestalde, eskualdeko komunikabideen arteko elkarlana sustatzea ere aberasgarria litzateke etorkizunera begira.

TXOLARRE EGUNA, ARRAKASTATSUA
Abenduaren 11n, Txolarre eguna burutu zen Anoetan. Jonek, antzeko datak, atzera begiratu eta denbora horretan egin den bidea baloratzeaz gain, elkarrekin ospatzeko baliatu behar direla adierazi du. “Guk hasiera batean oso ospakizun xumea antolatu behar genuen, baina herriko eragileen parte hartzeko gogoa ikusita zabaldu egin zen egitaraua. Oso giro ona sortu zen, egun polita izan zen”.

BERTSO SAIOA LEIDORREN
Urteurrenaren harira, urtarrilaren 22an, larunbatarekin, bertso saioa antolatu dute Txolarre irratiko kideek Tolosako Leidor antzokian. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Jon Maia eta Arkaitz Estiballes kantuan arituko dira, Amaia Agirre bertsolariaren esanetara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!