Beterriko IV. bertsolari txapelketa, abiatzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 13:00

Bertso txapelketa ezberdina da Beterrikoa. Bapo afaldu ondoren hasten da bertso jarioa eta gainera, taldetan banatuta lehiatzen dira bertsolariak. Urtarrilaren 21ean jokatuko da  lehen kanporaketa, Andoainen.

Duela lau urte jarri zen martxan Beterriko bertsolari txapelketa. Amaia Agirre antolatzaile lanetan aritzen da eta berak eman ditu ekimenaren inguruko azalpenak: “Lehen urte hartan adin muga baten barruko bertsolariak aukeratzea erabaki genuen, 25 eta 30 urte artekoak alegia. Orain arte, adinaren irizpide hori mantendu izan dugu beste aldagai batzuk aldatuz; lehen urtean bertsolari guztiak gipuzkoarrak izan ziren, bigarren urtean Euskal Herri osoko ordezkariak, iaz berriz ere gipuzkoarrak… Aurten, adin mugaren irizpidea alde batera utzi dugu, eta joku pixka bat emango zuten taldeak antolatzen saiatu gara”. Ariketak iazko ildo beretik joango dira ziurrenik: “Ohiko txapelketekin alderatuta, ariketa bereziak izaten dira, nahiz eta ohiko bertso moldeetan aritzeko aukera ere ematen zaien. Epaimahaia ere berezia izaten da, ikusleek emandako bozkek erabakitzen baitute zein talde izan den garaile. Afalgaraian eta taldeka egiteak, nortasun berezia ematen dio txapelketari”, azaldu du Amaiak.

Neskak eta mutilak
Aldaketa nagusi bat ere ekarriko du aurtengo txapelketak: “Iaz neskarik ez genuen izan txapelketan eta aurten neskaren bat izatea nahi genuen. Azkenik, sei neska eta sei mutil aukeratu ditugu eta adinen arabera banatu ditugu, gazteenak talde batean eta helduxeagoak beste talde batean. Gure helburua ez da nesken aldeko aldarrikapena egitea, ahalik eta saltsa handiena sortzea baizik, eta txapelketa antolatzeko garaian, horretan saiatu gara”.
Nesken bi taldeak elkarren aurka lehiatuko dira Andoainen, urtarrilaren 21ean jokatuko den kanporaketan eta mutilen bi taldeak, Asteasun arituko dira nor baino nor, urtarrilaren 28an. “Finalean, beraz, nesken talde bat mutilen talde baten aurka arituko da”, argitu du Amaiak. “Bertsolariak oso gogotsu daude, beraien arteko lehia txiki hori antzematen da dagoeneko”, gaineratu du.

1GO KANPORAKETA
Ageda Deuna taldea Donelutxi taldearen aurka

Andoainen, urtarrilaren 21ean, ostiralarekin, Ontza elkartean, 20:30etan.
Gai-emailea: Saroi Jauregi.
Bertso-afaria 60 lagunentzat.
Afariaren prezioa: 20 euro.
Afarirako txartelak aurretik salgai Larramendi Bazkunaren egoitzetan, liburu-dendetan eta Ontza elkartean.

2. KANPORAKETA
Doneztebe taldea Donelontxo taldearen aurka

Asteasun, urtarrilaren 28an, ostiralarekin, Aitz-Ondo elkartean, 20:30etan.
Gai-emailea: Jon Zaldua.
Bertso-afaria 70 lagunentzat.
Afariaren prezioa: 20 euro.
Afarirako txartelak aurretik Larramendi Bazkunaren egoitzetan, liburu-dendetan eta Aitz-ondo elkartean.

FINALA
Villabonan, otsailaren 12an, larunbatarekin, Behar-Zana elkartean, 20:30etan.
Gai-emailea: Amaia Agirre.
Bertso-afaria 100 lagunentzat.
Afariaren prezioa: 20 euro.
Afarirako txartelak aurretik Larramendi Bazkunaren egoitzetan, liburu-dendetan eta Behar-Zana elkartean.

  • SANTA AGEDA (Ageda Deuna)
    Alaia Martin Etxebeste
    1987-12-28, Oiartzun, Gipuzkoa
    12 urterekin hasi zen bertsotan, eta eskolartekoetan parte hartu zuen, bat-batean zein idatzietan. Hainbat gazte sariketatan ere parte hartu du eta Oiartzungo bertso eskolako antolakuntza taldeko kidea da. Hamaika Bertute ekimeneko partaide.

    Jone Uria Albizuri
    1990-, Algorta, Bizkaia
    Algortako bertsolari eskolan trebatu zen. Bizkaiko Eskolartekoetan txapelduna izan zen txikietan zein nagusietan. 2009ko txapelketa nagusian finalaurrekoetako bigarren itzulira heldu zen. 2010ean, berriz, Uribe Kostako txapeldun izan zen.

    Miren Amuriza Plaza
    1990-, Berriz, Bizkaia
    Xabier Amuriza bertsolariaren eta Arantza Plaza bertsolaritza irakaslearen alaba da. 2008ko Durangaldeko bertsolari txapelketako txapeldunordea da. Bizkaiko bertsolari txapelketako finalean parte hartu berri du.

  • SANTA LUCIA (Donelutxi)
    Uxue Alberdi Estibaritz
    1984-03-18, Elgoibar, Gipuzkoa
    Lehen plaza gai-emaile eta antolatzaile gisa egin zuen Elgoibarren, 2004ko Gabonetako bertso jaialdian. Bertsolari gisa, Plazatik Gaztetxera txapelketan 2006an. Hainbat bertso txapelketatan parte hartu izan du eta bi liburu argitaratu ditu.

    Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo
    1978-05-25, Elgeta, Gipuzkoa
    Gazte mailako sari asko irabazia da. Bergara, Aretxabaleta, Arrasate eta Hondarribiko bertso eskoletan irakasle izan da. Bertsozale elkarteko ikerkuntza arduraduna eta zuzendaritzako kide izan da. Hamaika Bertuteko partaidea da.

    Onintza Enbeita Maguregi
    1979-05-19, Muxika, Bizkaia
    Zortzi urte betetzeko zituela hasi zen bertso eskolan, baina ordurako aitonari ikasitako bertsoak zekizkien buruz. Zortzi urte zituen lehenengoz plazan kantatu zuenean. 1998an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko txapelketan.

  • SAN ESTEBAN (Doneztebe)
    Jon Martin Etxebeste
    1981-10-16, Oiartzun, Gipuzkoa
    Gazte hasi zen bertsotan, Oiartzungo Haurtzaro bertso eskolan. Bera aritzen da orain irakasle lanetan. Bat-bateko sariketa eta bertso paper lehiaketa ugari irabazi du. Hamaika Bertute ekimeneko partaide da. Literatura idatzia ere landu du.

    Iñigo Izagirre Urteaga “Olabe”
    1981-09-15, Deba, Gipuzkoa
    Euskal filologian lizentziatua da. Bat-bateko sariketa eta bertso paper lehiaketa ugaritan parte hartu du. Bagare sariketako txapeldun izan da hiru urtetan eta Etxegiña bertso paper lehiaketan ere garaipena lortu du bi bider.

    Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
    1981-06-01, Orio, Gipuzkoa
    Orioko bertso taldean ibili izan da beti eta Hamaika Bertuteko kidea da. Eskolartekoetan eta Gazte Sariketetan sari ugari irabazitakoa da. 2003ko Gipuzkoako txapelketan finalista izan zen. Lehen plaza Zarautzen egin zuen, 1992an.

  • SAN LORENTZO (Donelontxo)
    Ander Lizarralde “Erretxiki”
    1984-06-02, Oiartzun, Gipuzkoa
    Etxean jaso zuen bertsozaletasuna, eta Oiartzungo bertso eskoletan ibilia da, ikasle hasieran, eta irakasle gero. Bertsozale elkarteko hedapen taldeko kide da, eta bertso udalekuetako begirale aritua da. Hamaika Bertute ekimeneko partaide da.

    Jokin Labayen Iraeta
    1984-10-14, Arrasate, Gipuzkoa.
    Arrasateko bertso eskolan hasi zen bertsotan. Bertso molde gaztekoa, ez da bertso paper asko idazten dituztenetakoa, orain arte nahiago izan baitu bat-batean aritu. Hamaika Bertute proiektuan ari da buru-belarri.

    Unai Muñoa Amundarain
    1982-09-09, Berrobi, Gipuzkoa
    Bertsozale elkarteko irakaslea da hezkuntza arautuan. Etxetik datorkio bertsozaletasuna, eta bertsolari moduan Lasarteko bertso eskolan trebatu da. Txapelketa eta sariketa ugaritan ibilia , eta Hamaika Bertute ekimenaren sortzaileetakoa da. 

Arantxa Urkizu (Amasa): Larramendi Bazkuneko kidea


Arantxa Urkizu amasarrak Beterriko bertsolari txapelketaren inguruan hitz egin du, aurreko edizioez eta aurtengoaz.

Zer nabarmenduko zenuke aurreko urteetako saioez?
Kanporaketa bat edo bitara joan izan naiz urtero. Finaletara, berriz, Urnietakora izan ezik, gainerako guztietara. Txapelketaren inguruan lau berezitasun aipatuko nituzke: Batetik, bertsolariak taldeka lehiatzen direla, –banaka aritu ordez–, eta txapelketaren oinarria, bertsolarien arteko harremana sakondu eta bertso molde berrietan trebatzeko aukera ematea dela. Bertsolariek agurra prestatuta ekartzea eta mozorrotuta etortzea da bigarren ezaugarri nagusia, horrek umore handia eransten duelarik. Hirugarren, epaile lana entzuleek betetzea eta, laugarren, 25tik 30 urtera bitarteko bertsolari gazteei zuzendutako txapelketa izatea.

Zer nolako giroa sumatu duzu aurreko urteetan? Izan naizen saio guztietan oso ondo pasatu dut, oso emanaldi dibertigarriak izaten baitira. Aurrez landutako eta mozorrotutako agurrak oso tenore onean jartzen ditu ikusleak hasieratik eta amaierako segidilla  saioa ere oso barregarria izaten da. Gustuko tartea igarotzeko aukera polita, dudarik gabe. Formatu berria da, informala eta berezia.

Aurreko edizioetako xelebrekeriaren bat aipatuko al zenuke? Benetan barregarria izan zen bertsolariak Asteasuko Iturri Ondo jatetxera patinete gainean eta barraskiloz mozorrotuta sartu zirenekoa; entzule guztiak ‘Sopa de Caracol’ kantatzen jarri gintuzten, gainera. Beste txanda batean ahuntza eta guzti etorri zen talde bat Amasako Kultur Etxera. Bertan egin zituen ahuntzak bere eginbehar guztiak eta nahikoa joko eman zuen bisita hark.

Aurtengoan neskak alde batetik, mutilak bestetik… Urtez urte aukera ezberdinak jorratu dira: Garai batean lurraldeka antolatzen zen eta pixkanaka aldatuz joan da taldeen antolaketa. Iaz ia bertsolari guztiak gizonezkoak ziren. Aurten, alde horretatik oso orekatuta egongo dira taldeak eta neskak alde batetik eta mutilak bestetik aritzeak ukitu berezia emango diola iruditzen zait.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!