Eva Pelaez, korrikalari azkarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:48

Umetan hasi zen Eva Pelaez andoaindarra atletismo munduan. Gaztetxotan utzi zion lehiari eta aurten berriro ere mundu horretara itzuli da, maila bikainarekin gainera.

Gaztetxotan atletismoa egiten zenuen, baina uztea erabaki zenuen. Zergatik?
Betidanik gustatu izan zait korrika egitea eta umetatik egin izan dut atletismoa. Baina konpetizioak ardura handiegia sorrarazten zidan. Lasterketen bezperan ez nuen lorik egiten eta eguna iristen zenean, %250 ematen nuen, leher egin arte. Sailkapenari begiratuta aurrean amaitzen nuen gehienetan, baina gehiegi sufrituta. Gaizki pasatzen nuen eta hamairu urte nituela, konpetizioa uztea erabaki nuen. Geroztik, korrika eta beste hainbat kirol egiten jarraitu izan dut; bizikleta, mendia, igeriketa…, baina lehia pixka bat saihestuta. Gaur egun ere, oso lehiakorra izaten jarraitzen dut eta alde horretatik, nire buruak beldur pixka bat ematen dit. Pixkanaka tamaina hartzen ikasten ari naiz.

Urte askoren ondoren, atletismora itzuli zara. Nola hartu zenuen erabaki hori?
Bi seme ditut eta duela hiru urte, haiek pixka bat koxkortu zirenean, nire kasara korrika egiten hasi nintzen. Negua iritsi zenean, spining-eko ikastaroetan izena eman nuen eta bertan ezagutu nuen Joxean Alberdi. Sanjuanetan antolatzen den kros mistoan elkarrekin atera ginen. Korrika egitera ateratzeko ohitura berreskuratu nuen. Horrela pasa nituen bi urte, udan nire kontu korrika eginez eta neguan spining-a eginez. Iaz, spining-eko klaseak hasi genituenean, ostiralero elkarrekin korrika egiteko proposamena luzatu zidan Joxeanek, eta horrelaxe hasi nintzen. Horrek, frogetan parte hartzen hasteko bidea ireki zidan; Villabonako Sansilbestrea, Idiazabalgo lasterketa…, krosetan ateratzen hasi nintzen, Joxeanek lagunduta. Nire buruari jarritako erronka da; lehiari tamaina hartu eta neurriz kanpo sufritu gabe amaitzeko gai izatea. Orain, gaztetxotan gertatzen zitzaidanaren kontrakoa gertatzen zait tarteka, gehiegizko ahalegina ez egiteko asmo horretan, motz geratzen naiz batzuetan, barruan dudan guztia eman gabe.

Ekainaz geroztik buru-belarri murgilduta zabiltza lasterketatan…
Uda inguratu zenean, entrenamenduak maizago egiten hasi ginen Joxean eta biok eta hori aprobetxatuz, zenbait lasterketatan parte hartu nuen. Emaitza onak jaso nituen, eta horrek, gehiagotan parte hartzeko indarra eman zidan. Azkenean, lasterketatan parte hartzea, korrika egiten jarraitzeko aitzakia bat ere bada.

Zure kategoriako lehen postua lortu duzu kros ligan…
Gauza berria da kros liga eta bilatu gabeko garaipena izan da. Lasterketa askotan, korrikalariok txip berezi bat eramaten dugu soinean, denborak neurtzeko. Denboraldi honetan txip berezi bat atera zela esan ziguten, norberak erosi eta denboraldi osorako balio zuena. Lizarragako lasterketan parte hartu nuen eta irabaztea egokitu zitzaidan. Sari gisa eman zizkidaten ehun euroekin bi txip erosi nituen, bat niretzat eta bestea Joxean Alberdirentzat. Momentu hartan ez nekien, baina txip horrekin lotuta, krosen liga antolatu zuten. Denboraldiko zenbait lasterketak ligarako puntuazioa lortzeko balio zuen eta kasualitatez, lasterketa horietan parte hartu, eta postu onak lortu nituen. Lagun baten bidez jakin nuen ligako lehen postuan nindoala eta orduan hasi ginen liga horren inguruko informazioa biltzen. Izena emanda ginen nesketatik, ni izan naiz puntuazio hoberena batu duena. Hala ere, argi daukat emakume asko direla ni baino hobeto dabiltzanak, baina ez zeuden liga horretan izena emanda, eta nik lortu dut lehen postua. Pozik nago, nahiz eta lotsa pixka bat ere ematen didan.  

Errepideko lasterketez gain, mendi lasterketatan ere parte hartzen al duzu?
Horixe izan da nire aurtengo aurkikuntza nagusia. Orain arte beti errepidean egin izan dut korri edo asko jota, Leitzaranen barrena, pistaz pista. Joxeanekin hasi nintzen mendian korrika egiten eta izugarri gustatu zait. Eguraldi ona egiten badu, eta ez badago oso ilun, mendira joaten naiz orain, asko gozatzen dut. Mendi lasterketaren bat edo beste egin dut. Pagoetako igoera, Aiakoa, Andoainen antolatzen diren mendi lasterketa ezberdinak…, Pagoetakoan oso gaizki pasa nuen, bero handia egin zuelako eta nire buruarekin haserre bukatu nuen. Arantzatxo hori kentze aldera egin nuen Aiako igoera. Andoaingo igoeratan ere parte hartu dut, noski.

Lasterketatan, gizonezko gehiago izaten dira emakumeak baino. Zer dela eta gertatzen da hori?

Beharbada, emakumeontzat zailagoa da korrika egiteko denbora ateratzea. Umeak, lana…, ez da erraza guztia bateratzea. Lasterketatan sufritu egiten da askotan eta sufrimendu hori neurri baten barruan mantendu nahi baduzu, entrenatu egin behar da. Horrek denbora asko eskatzen du eta haurrak dituzunean, ez da erraza. Horrez gain, ez zait iruditzen emakumeon kirola behar bezala baloratua dagoenik. Esaterako, lasterketatan gizonak baino gutxiago izaten garenez, sariak ere gutxiago eta txikiagoak izaten dira, nahiz eta gizonezkoek egiten dituzten kilometro kopuru bera egin.
Hala eta guztiz ere, bagara emakume batzuk honetan gabiltzanak, eta ondo antolatuz gero, gauzak txukun egiteko aukera dago.

Zer esaten dizute etxekoek?
Senarrari ere asko gustatzen zaio kirola egitea eta entrenamenduetarako nola edo hala moldatu beharra izaten dugu, ardurak eta zaletasuna banatuz. Horrez gain, umeak oraindik gaztetxoak dira eta nire lasterketekin aspertu samarrak daude. Horregatik, ez ditut behartzen lasterketak ikustera etortzera. Nire aukera izan da eta ez ditut haiek ezertara bultzatu nahi. Etxekoen artean, aita oso pozik dago. Txirrindularia izandakoa da eta hura ere oso lehiakorra da. Orain beste modu batera bizitzen du lehia hori eta askotan etortzen da lasterketak ikustera. Gomendioak ematea ere gustatzen zaio. Pena hartu zuen gaztetxotan lehia utzi nuelako eta orain, poza hartu du mundu honetara itzuli naizela ikusita.

Joxean Alberdi duzu entrenatzaile…
Berari esker nabil nabilen bezala. Berak prestatzen ditu nire entrenamenduak eta lasterketatan ere berak jartzen du niretzat egokia den erritmoa. Lasaitasun handia ematen dit horrek. Nik ez dut ezertaz arduratu beharrik izaten, berak esaten dit noiz jan, noiz edan, berak daki noiz estutu eta noiz ez, animoak ematen dizkit eta oso ondo asmatzen du hobetzeko grina niregan pizten. Nik ez dut ez pultsometrorik ezta ordularirik ere eramaten, Joxean arduratzen da gauza horietaz guztietaz. Badakit berak oso ondo ezagutzen nauela eta horrek lasaitasuna ematen dit. Beti dago laguntzeko prest. Bestalde, asko eskatzen dit eta horrek, hobetzera bultzatu nau. Bere buruarekin ere oso exijentea da eta badaki beste kirolariek barruan duten hoberena ateratzen. Oso pozik nago orain arte lortutakoarekin eta hemendik aurrera ere, nire maila hobetzen jarratu nahiko nuke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!