Parte hartze zabala, kabalgatan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:47

Urtarrilaren 5ean, Asteasun indar berezia izaten du Errege Magoen etorrerak. Nerea Urkola eta Miren Beobide herritarrak, Eguberrietako azken ekintzaren antolatzaileetako bi dira.

Beterri-Aiztondo bailaran ospe dezentea du Asteasuko Erregeen kabalgatak. Nerea Urkolari zergatia galdetuta, “nik ez nekien ospe horren berri, orain gutxi larrauldar batek aipatu zidan arte. Txikitatik Asteasuko kabalgata soilik ezagutu dut nik, ez dut inguruko herrietakorik sekula ikusi. Asteasun zaldi gainean ateratzen dira oraindik hiru Erregeak, –Olentzaro eta Izarrarekin batera–, Elizmenditik behera. 28 danbor-jolek, pajeek eta txistulari nahiz trikitilari taldeek ere hartzen dute parte jaitsieran; hirurogei bat lagunek, gutxi gorabehera. Zaldiek bezala, argi-zuziek ere asko janzten dute kalejira eta xarma handia du, Goiko bailaratik Kale Nagusira iristen direnean, batez ere”, erantzun du. Urtero legez, aurten ere iluntzeko 20:00etan abiatu dira kabalgatako kideak Elizmendiko Larre eta Elkeita baserrien paretik. Bidea etxe artetik egin eta gero, Goiko ostatua eta eliza zeharkatu ondoren, pixkanaka Kale Nagusira iritsi arte. Bertan, herritar askorekin batera, zain-zain zeuden herriko dantzari txikiak nahiz musikari gazteak, euren emanaldia eskaintzeko, “herriko gaztetxoentzat oso aberasgarria eta motibagarria izaten da urtean zehar ikasitakoa egun horretan erakustea. Bultzada handia, dudarik gabe”, Nerearen esanetan.

Urduritasuna eta poza
Dantzari, musikari, bertsolari eta abesbatzako kideak batuta, kabalgataren parte hartzea 225 lagunera ailegatzen da plazan. “Kabalgata Asteasuko plazara iristen denerako, prest izaten da jaiotza biziduna udaletxeko arkupean. Bertsolariek egiten diete lehenengo ongi etorria Olentzaro, Izarra eta Erregeei. Ondoren, euren agurra egin eta gero, Erregeak udaletxe azpiko arkupetan eseri eta dantzari gazteen nahiz abesbatzaren txanda izaten da. Asteasu eta Larraulgo umeek Erregeen eskutik opariak jasotzen dituzte segidan, bakoitzak etxean aurrez jaso duen eskutitza eman eta gero. Oso polita izaten da haurren aurpegiak eta poza ikustea, bai opariak jasotzeko unean, baita Kale Nagusian behera danborra joz datozenean ere. Guk, oraindik ere, haurrek bezala urduritasuna sentitzen dugu kabalgata herrira ailegatzen denean. Une horretan herriko argi guztiak itzali egiten dira eta zuzien argia soilik ikustea nahiz danborren hotsa entzutea polita izaten da”, adierazi dute asteasuarrek. Parte hartzeari begira erantzunarekin gustura agertu dira Nerea eta Miren, “herritarrek ondo erantzuten diote deialdiari eta jende askok hartzen du parte, gazteek bereziki. Jendeak bizi egiten du Erregeen etorrera”. Besteak beste, aurkezle gisa, Xabier Usabiagaren parte hartzea aipatu dute, “zortea dugu kabalgata egunean Xabier Usabiagak hartzen duelako hitza mikrofonoz. Daukan hizketarako gaitasunak asko laguntzen du jai giroa bideratu eta edertzen”.

Guraso elkartearen esku
Azken lauzpabost urtetan Pello Errota eskolako guraso elkarteak antolatzen du Erregeen kabalgata, “aurrez beti herritar talde batek antolatzen zuen, –gazteek bereziki–, baina herriko gurasoak ez ziren gehiegi inplikatzen. Gazte talde hori zertxobait nekatzen hasi zen eta jaialdiaren ardura guraso elkarteak hartzea erabaki zen, kabalgata galtzeko arriskurik egon ez zedin”, elkarrizketatuek aipatu dutenez. Nerea eta Miren, bi lagunak aritu dira batik bat aurtengo ekitaldiaren antolakuntza lanetan, baina atzetik laguntza handia izan dutela nabarmendu dute, “azaroan hasita, kabalgata kudeatzen biok aritu bagara ere, asteasuar nahiz larrauldarren eta Asteasuko nahiz Larraulgo Udalen laguntza jaso dugu. Gutaz gain, talde handiaren esku banatzen da lan ezberdinak egitea: argi-zuziez arduratzea, kabalgataren ondoren arropak garbitu eta txukun gordetzea, haurren eskutitzak eta opariak bideratzea…”. Kabalgatak herriko kaleak zeharkatu eta plazako ekitaldia amaitu ondoren, etxera abiatu ziren antolatzaile, parte hartzaile nahiz ikusleak. Denak ere biharamunean zapataren ondoan ikatza ez den beste oparitxoren bat aurkitzeko esperantzan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!