Noiz zabaldu zenuten jatetxea?
Orain hamabost urte hasi ginen Izurtzun lanean, uztailaren 1ean. Aurrez, Zizurkilgo Pasus jatetxean beste hamabost bat urtez aritu zen lanean senarra bere familiarekin eta hara ezkondu nintzenean, Pasusen hasi nintzen ni ere, –aurrez ile-apaintzailea izan banintzen ere–.
Gerora Izurtzu baserria hartu eta lehen bezalaxe mantendu genuen, pareta nahiz izen berberarekin. Joxe Izurtzu segalaria jaio zen bertan. Egun herrian bizi bada ere, egunero etortzen da jaiotetxera.
Herritik mendi aldera igarotzea aldaketa handia izan al zen zuentzat?
Aldaketa izan zen, bai. Pasusen eguneroko mugimendua izaten zen bezala, hemen aste egunetan baino mugimendu handiagoa izaten da asteburuetan: menditik etortzen den jendea, familia arteko bazkariak… Astean zehar eguneko menua eskaintzen dugu eta asteburuetan karta.
Zein da zuen berezitasuna?
Baserriko oilaskoak eta etxean egindako postreak, batez ere. Garai honetan, esaterako, ikaragarrizko jende piloa etortzen da babarrunak jatera ere.
Baserriko produktu freskoen bila etortzen al dira bezeroak?
Dudarik gabe. Askotan, gainera, aurrez telefonoz galdetu egiten dute baserriko oilaskorik ba ote dugun. Eskualdeko herritarrez gain kanpoko jendea ere gerturatzen da: Iparraldetik urtero etortzea gustatzen zaien koadrilak baditugu, baita Donostia aldekoak ere. Bestalde, urtero etortzen zaizkigu antzinako autoen taldeko kideak bazkaltzera, autoz buelta egin eta gero. Jaunartzeko bazkariak ere asko ematen ditugu, urtebeteko aurrerapenarekin hartzen du jendeak lekua. Ernioko erromerien ondoren ere jende asko gerturatzen da, azken urte hauetan eguraldi txarraren ondorioz, asko jaitsi bada ere.
Otorduak egitera ez ezik, hamaiketakoa egitera ere jende ugari biltzen zaizue…
Asteburuetan bereziki, hamaiketako ugari ematen dugu: zeziña asko; isats, oilo nahiz haragi gisatua, eta txerrikia ere bai. Etxean egiten dugu zeziña: aurrena ardia gazitzen edukiz eta gezatzen gero. Ondoren haragia egosi eta zerbitzatzeko prest izaten da. Ondoko Haize Onak jatetxeak eskaintzen zuen aukera hori eta hemen ere eskatu egiten zigutenez, ematen hasi egin ginen gu ere. Punttu bereziko haragia da, oso gustuko du jendeak.
Inguruko baserritarrak biltzeko lekua ere bada taberna… Herri kirolek badute tarterik!
Goiz-eguerdi aldera, egunero etortzen dira ingurukoak mendian ikusi dutenaz nahiz gainerako kontuez tertulia pixka bat egitera. Lehen tiroplatoa eduki genuen bertan eta orain aizkoran entrenatzera etortzen dira bi afizionatu igandetan. Tabernan herri kiroletako argazkiak jarrita dauzkagu: Juan Joxe Lizaso, Juan Joxe Irazusta edo Joxe Izurtzu segalarienak, besteak beste… Jendeari asko gustatzen zaio giro horretako argazkiak ikustea.
Lagun askok egiten al duzue lan bertan?
Aste egunetan senarra eta biok aritzen gara. Asteburuetan sukalderako, ontziak garbitzeko nahiz zerbitzatzeko laguntzaileak etortzen dira. 160 lagunentzako lekua daukagu jangelan eta tabernan ere jendea behar izaten da.
Gabonetan jendeak etxean jateko ohiturari eusten al dio?
Urteberritan irekiko al genuen jende askok galdetu digu aurten. Jendea Gabonetako jai egunetan ere gerturatzen da, baina otorduak egitera baino gehiago, zer edo zer hartzera. Niretzat behintzat etxean egoteko egunak dira gehiago Gabonak.