Zizurkilgo baserriak, liburuan bilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:40

Alfredo Moraza historialari, arkeologo eta Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak idatzi eta zuzendu du ‘Zizurkilgo Baserriak’ liburua, beste hainbat lankiderekin batera.

Azken argitalpen hau, Zizurkilgo herriaren historia ezagutarazteko Udalak herritarrei zuzendutako laugarren liburukia da; aurrez 1186 urtetik 1950 urtera bitartean Zizurkilek izan duen bilakaeraren berri ematen duten beste hiru liburu kaleratu baitziren; guztiak Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Mari Anjeles Lazkano alkateak liburuaren hitzaurrean adierazten duenez, “gure herriaren iragana ezagutzeak berealdiko garrantzia zuela ohartuta hartu genuen historia liburuak argitaratzeko erabakia. Datozen belaunaldiei, garai bateko historia, usadio, bizimodu eta herriaren nortasun ezaugarrien berri emateaz gain, etorkizunean ere lagungarri gerta dakigukeena ezagutzea ere bazen gure helburua”. Baserriak antzina izan zuten garrantzia erreparatuta eta herriaren nortasun ezaugarri nagusienak izaki, baserriari liburu oso bat eskainita amaitu dute bilduma lana.

Baserria, ente ekonomikoa
Lehenik eta behin, baserriaren sorrera eta gainbehera aurkeztearekin batera, arkitektura mota ezberdinak azaldu eta Zizurkilgo baserri bakoitza bere garai eta lekuan kokatu dituzte liburuko orriotan. Ertaro garaian, XIII-XIV. mendeetan baserria sortu zenetik XX. mende hasierara, baserriaren eraikuntza bertan behera geratu zen garaira arte, baserriak gure historian eta paisaian izan duen eraginaren errepasoa eginez. Liburuaren aurkezpen egunean, ondorengo hitzak izan zituen Alfredo Moraza egileak baserria deskribatzerakoan: “baserria eraikina baino gehiago izan da, Euskal Herriko garai bateko ente ekonomikoa eta baita paisaiaren adierazle nagusia ere. Etxearekin eta familiarekin lotura handia izan du baserriak. Izen propioa dute, tokikoa. Eta hori ez da beste lekuetan gertatzen”.
Zizurkilgo 130 baserri baino gehiago dokumentatu eta aztertu dituzte  Morazak eta gainerako lankideek, etxe bakoitzaren etimologia, kokalekua, deskribapena, historia eta baserriaren jabeen deskribapen zehatza eginez. Egungo baserrien argazkiez gain, antzinako baserri nahiz baserritarren argazkiak ere tartekatu dituzte  ia 500 orrialdeko lan mardul bezain aberatsean.

Baserriaren historia aberatsa
Moraza eta bere lan taldearentzat esfortzu handia izan da baserrien inguruko liburua osatzea, haietako asko erorita edo zeharo desagertuta baitaude egun. “Horiek guztien artean ez dugu sei edo zazpi baserri kokatzerik lortu, baina bai beste batzuk: Benezia baserria kasu”. Ikertu dutenez, Benezia baserria gaur erabat desagertuta dago eta bere kokalekua soilik ezagutzen da. Elizako atzealdeko terrenoetan kokatuta, belardia dago egun, garai batean baserria zegoen tokian. Liburuan aipatzen denez, badirudi 1930 urtean sute batek suntsitu zuela eta berreraiki ez zutenez, erabat desagertu zela.
Zizurkilgo baserrien historia oso aberatsa izan dela nabarmendu zuen Alfredo Morazak aurkezpenean, “XVI eta XVII. mendeko baserri gutxi geratzen da, eraldatuta baitago haietako asko. Bestalde, II. Karlistaldiak eragin handia izan zuen Zizurkilen, 30 baserri ingururi su eman zioten garai hartan”.

Eskerrak Udalari eta herritarrei
Liburuan ez ezik, aurkezpenean ere esker oneko hitzak izan zituen Alfredo Morazak Udalarentzat eta alkatearentzat, liburu hau –nahiz Zizurkilekin lotutako aurrekoak– Aranzadiren esku uzteko konfiantza izateagatik. Era berean, Ainhoa Larrea Kultur teknikariari eta Ainhoa Azpeitia Nekazaritza teknikariari aipamena egin zien, haiengandik jasotako laguntzagatik. Eta nola ez, Zizurkilgo baserritarrak ere hizpide izan zituen, “haien informazio, laguntza eta parte hartzerik gabe hutsik leudeke orri hauek guztiak. Eskerrik asko denei”, amaitu zuen.
Zizurkilgo baserri guztietara bideratu du liburua dagoeneko Udalak, gainerako herritar guztientzat eskuragarri dago Udal bulegoetan 15 euroren truke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!