Ttottoren hilobia erasotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:38

Abenduko hirugarren astean txikiketak egin zituzten Jose Luis Geresta “Ttotto”ren hilobian. Kristalak apurtu eta oroigarri bat eraman zuten. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia.

Miren Geresta arrebak eman ditu gertaeren inguruko azalpenak: “Duela lau urte inguru ere antzeko erasoa izan zuen anaiaren hilobiak. Kristala apurtu eta zenbait oroigarri eraman zituzten. Santu guztien egunaren atarian, hilobia txukuntzera joan ginenean ikusi genuen gertatutakoa. Aurten, berriz, herritar batek eman zigun abisua”.
Horrelakoetan familiak sentitzen duenaren inguruan ere aritu zen Miren: “Hildakoak ere ez errespetatzea…, oso mingarria da. Ni neroni, oso sinesduna izan gabe ere, minduta nago hilerria bera ere errespetatzen ez dutelako. Nire amarentzat, berriz, fededuna izanik, are gogorragoa da horrelakoak ikusi beharra”.

Ulertezina
Hilobiko kristala konpondu edo ez, zalantzan izan dira senitartekoak: “Behin eta berriz apurtzen badute, ez dakit zentzu handirik baduen kristal berria jartzen aritzeak. Hala ere, amak jartzea eskatu du eta horixe egingo dugu. Arazoa ez da konponketetarako beharko dugun dirua, ematen duen amorrua eta ulertu ezina da mina ematen duena”.
Miren Gerestak azaldu du familiaren ikuspegia: “Guk lehendik ere pentsatzen genuena baieztatu besterik ez dute egiten txikiketek. Gure anaia hil egin zuten eta hilobian txikiketak eginez, garbi utzi nahi dute oraindik ere gogoan dutela, ez dutela ahaztu. Suizidioaren tesia egia balitz, honezkero ahaztua legoke, baina argi dago ez dutela ahaztu”.
Kexa nagusi bat hartu du Mirenek ahotan: “Beste norbaiten hilobia balitz, telebista guztietan aterako litzateke. Argi dago herri honetan biktima guztiak ez direla berdinak. Batzuen sufrimendua ez da kontuan hartzen. Ez dakit azkenean herri honetan bakea lortuko den, baina argi daukat biktima eta hildako guztiak kontuan hartzen ez badira, zauri handi bat geratuko dela azpian, betirako”.

Une gogorrak
1999ko martxoa oso gogorra izan zen “Ttotto”ren etxean. “1996an alde egin zuen etxetik eta hiru urtez berari buruz ia ezer jakin gabe pasa ondoren, anaia Polloen ikusi beharra oso gogorra izan zen. Inguruko norbaiten heriotza beti da gogorra, baina hiltzeko modu horrek, min handia erantsi zion. Ulertezina zen, eta gainera, ez da burutik joaten, ez da ahazten. Alde egin zuenean zulo handia utzi zuen eta gero, are handiagoa”, gaineratu du Mirenek.
Une haietan herritarrek erakutsitako babesa oso gogoan dute etxekoek: “Gure anaia oso pertsona alaia zen eta ezagutu zuten guztiek dute oroitzapen goxoren bat harekin. Babes handia eman ziguten ingurukoek. Oraindik ere babes hori nabaritzen dugu urteurrenetan antolatzen den herri-ekitaldian”.
“Ttotto”ren heriotza ikerketarik gabe geratu izana ere ez dute ahaztuko senitartekoek: “Bere azken egunetan egindako ibilbideaz dakizkigun gauza bakanak guk ikertutakoak izan dira: non ikusi zuten, nondik barrena ibili zen, nola zegoen…, baina hori guztia ez dute ikertu. Bere azken gauzak ere ez zizkiguten eman: bere arropa, kartera… Gorpua bi haginen faltan eta behatza poltsikoan zuela agertu zen eta hala ere ez zuten ikerketarik abiarazi”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!