San Tomas eguneko sagar-tartaren sekretua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:30

Zein izango ote Manoli Sorondoren sekretua, hain tarta goxoa egiteko? San Tomas eguneko tarta irabazlearen egilea errezeta emateko prest egongo al da? Bada, sekreturik ez dago Sabordegi baserriko Manolirentzat, oso erraza dela dio. Oraindik orain lortutako sariarekin harrituta eta pozarren jarraitzen du.

Jarraian, errezeta eta elkarrizketa:

ERREZETA::: SAGAR TARTA, MANOLI SORONDO
Osagaiak:

Hojaldrea egiteko:
Hojaldrea, konjelatua. Azukrea.

Krema egiteko:

4 arrautza gorringo, baserrikoak.
3 kutxaraka Maizena.
8 kutxaraka azukre.
Baso bat esne, baserrikoa.
Limoi azala.
Kanela.

Tarta osatzeko:
Errege-sagarra.
Albarikoke mermelada.
Ura. Azukrea.

Labea:
180 C. / 30 minutu.

Tarta, pausoz pauso:
"Hojaldre konjelatua erosi eta deskonjelatutakoan arrabola (rodillo) batekin azukrea zabaldu. Batzuk irinarekin egiten zuten lehen, baina azukrearekin goxoagoa da. Tarteran sartu eta krema egiten hasiko gara".

Beste ontzi batean, etxeko arraultzekin egiten du krema: "baserrikoa naiz eta. Esnea ere etxekoa erabili ohi dut, esne onarekin krema ere goxoago geratzen baita.
Pastelaren krema egiteko lehenik lau gorringo, hiru kutxaraka Maizena eta zortzi kutxaraka azukre ontzi berean nahastu eta masa egiten da".

Bertan utzi eta esnea egosten da ondoren, limoi azalarekin eta kanela pixka batekin. Esne bero-beroa pixkanaka masaren gainean bota behar da, loditu arte. Segituan loditzen da.  Krema prest dagoela ikusten dugunean, krema hori tarteran dagoen hojaldrearen gainera bota behar da. "Hojaldrea eta krema prest daudela, sagarra jarri behar da gainean. Ahal dela, fin-fin ebakita. Zenbat eta finago ebaki, askoz hobe. Txukun-txukun jarri behar da".
Arrautzak eta esnea bezala, tarta irabazleak sagarra ere etxekoa du: Errege-sagarra. "Postrerako egokia izaten da, baina ez da beti aukerarik izaten. Aurten badaude".

Tarta labean sartzea besterik ez da falta, "labea 180 gradutara jartzen dut, eta ordu erdiz edo uzten dut, sagarra gorritu dela ikusi arte".

Labetik aterara, mermelada bota behar zaio tartari. Manolik albarikokearena ipini ohi du, mehetu eta gero. "Mermelada potean lodituta etortzen da, eta nik urarekin eta azukrearekin nahastuta irakiten jarri ohi dut. Mehetu egiten da horrela. Tartaren gainean bota, eta listo". On egin.

SABORDEGI BASERRIKO MANOLI SORONDO

Osagaiak ikusita eta argibideak irakurrita, aise atera daiteke tarta on baten gakoa. Edo behintzat tarta honena. Sagar-tarta egiteko arrautzak, esnea eta sagarrak baserrikoak ziren. Epaimahaiak ez zuen datu hori eskuartean izango, baina zaporean besteren gainetik gailendu bazen baserriko produktuen erabilera izan daiteke tartari balio erantsia eman ziona.

Gozogilea da betidanik, eta etxekoak gozozaleak. "Urte asko daramat tartak egiten, tarta asko egiten dut. Zaletasun handia dugu etxean. Besteak beste, pantxineta egiten dut... Baina gehiena gustatzen zaiguna Bisigua esaten dioguna da. Hernaniko Adarraga gozotegiko estilokoa da, baina neronek asmatutakoa. Altuera ezberdinetako hojaldrea da, krema eta nata uztartzen dituena. 4-5 ilara izaten ditu. Eta gain-gainean krema eta kanela hautsa. Bisigua deitzen diogu, tartari bisiguaren forma ematen diodalako".
Arrakasta handiko afizioa da berea, "Eguberrietan ahizparentzat egin du bat, bestea alabarentzat. Egun hauetan ere dei piloa jaso dut. Herritar batzuk deitu didate mesedez tarta bat egiteko, beraiek etxean egindakoarekin konparatzeko. Diferentziak ikusiz ikasi nahi dute. Harrituta nago, baserrian bizi naiz, eta ez dakit nola lortu duten nirekin harremanetan jartzea!".

Jubilatua dago eta gozatzen ari da orain, gogoko dituen zaletasunekin, "orain denbora dudanez, Interneten erabilera ikasten hasi naiz. Orain arte ez dut denborarik izan eta. Baserrian lana eta lana, besterik ez zegoen. Eta orain libre nago. Baratzean eta tartak egiten, bietan gustura ibiltzen naiz. Bataioetan eta horrelakoetan eskatzen didate, eta ez diot inori ezetzik esan. Gustukoa dut eta denbora daukat". Gazte askori ere erakutsi die, "ondo dago hori, ikas dezatela gazteek ere".

Urnietan, irabazle
Manolik harrituta jarraitzen du San Tomas egunean lortutako lehen postuarekin, "ez nuen espero, inondik inora. Esperientzia badut, baina horrek ez du ezer esan nahi. Orain hamaika aukera daude, baliabide handiko labeak,... Gazte denboran arrautzak saldu behar genituen, esnea ere bai! Baina orain..., probak egiteko ere denetik dago. Gaizki ateraz gero, berriro egiteko aukera dago. Lehen horrelakorik ez zegoen". Abenduaren 21az geroztik pozarren dago, "loteria tokatu balitzait bezala nago".

Txapelketako egunean ordea zalantzak besterik ez zituen. Kontzejupera gerturatu zenean ez zegoen pozik, "senarrari esan nion, Jesus! Uste dut niri tarta ez zaidala batere ondo atera. Begira ondoko tarta hori, ze apaina!". Ez zion lehiaketari garrantzia handirik eman, San Tomas egunaren ospakizunean laguntzea zen bere asmoa.

"San Tomas egunean lagun talde handi samarra bildu ginen, txistorra jaten nahiko atzean jarrita geunden. Sari banaketara gerturatu behar genuela hizketan jardun ginen gure artean, baina irabaziko nuen arrastorik gabe. Orain penatuta nago, ez nituelako besteek ekarritako tartak ikusi ere egin".

Urnietar askok egun horretan lehiaketara aurkeztutako tartak dastatzeko ideia primerakoa iruditu zaio Manoliri, "gozoa ondo sartzen da eta jendea bere platertxoarekin gustura zegoen. Hernaniko jendeak esan dit Urnietako sistema asko gustatu zaiela. Kopiatu egingo digute!..., ez da txarra hori. Aspaldian, Normandiara egin nuen bidaian gauza bera egiten zutela ikusi nuen. Han mahai handi batera etxekoandre guztiek tarta eramaten zuten... Datorren San Tomas egunerako jende gehiago animatuko da, ziur. Nik egindakoa oso normala da. Nik baino hobeto edozeinek egin dezake!".

Manolik sariarekin gozatzen jarraituko du, "ikusteko moduko tokian ipini dut, etxera etortzen denak ikusteko. Ilusio handia egin dit".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!