Urnieta´59 ikuskizuna, Edu Muruamendiaraz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:28

Edu Muruamendiaraz bergararrak ez du aurkezpen handirik behar. Aski ezaguna baita Euskal Herri osoan, dantza solteko txapeldun moduan lehenik, eta ondoren berak sortutako Aukeran dantza taldearekin egin duen ibilbide oparoarengatik. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta, bide berriak ireki ditu. Urnietako Egape dantza taldea ere berak zuzendu du azken hamarkadan.

Dantzari dagokionez zer eskainiko du Urnieta´59 ikuskizunak?
Edu Muruamendiaraz: Egape dantza taldeak parte hartuko du ikuskizunean eta euskal dantzetan oinarritutako koreografiak eskainiko dira, baina beti egin ohi dugun moduan, ikuspuntu garaikide edo modernoa emanda.

Zenbat koreografia prestatu dituzue ikuskizun honetarako?
E.M.: Bost koreografia prestatu ditugu, musika ere berria denez, gu hartara egokitu gara. Marizulo ikuskizuneko koreografia bat mantendu egin dugu oraingorako, baina gainontzeko guztiak ikuskizun honetarako prestatutakoak izango dira. Musikari dagokionez, bai moldaketak eta bai konposizio berriak Aitor Amezagak egin ditu.

Koreografia berriekin gustura geratu al zarete? Zein harrera espero duzue?
E.M.: Bai, gu oso gustura geratu gara eta jedneari ere gustatuko zaizkiola espero dugu. Marizulo lanarekin muga nahiko goian jarri zen, eta listoia altu dagoenean, bai guk, eta baita ikusleek ere aurrekoa  berdindu edo gaindituko duen zerbait ikusi nahiko dute.
Marizulon parte hartutako dantzari berdinak izango al dira?
E.M.: Bai, agertokiak duen espazioagatik dantzari gehiago sartzeko aukerarik ez du ematen eta Marizulon izandako hamabost dantzarik parte hartuko dute oraingo ikuskizunean.

Ikuskizun honetaz gain zein lan dituzu eskuartean?
E.M.: Lan askorekin nabil momentu honetan. Pasa zen igandean, astelehenean eta asteartean Euskadiko Gazte Orkestrarekin batera, Gasteizen, Bilbon eta Donostian eskaini dugu “Gernika mihise gaineko dantza” ikuskizuna. Oso esperientzi polita eta aldi berean gogorra izan da guretzat, ez geundelako ohituta horrelako musika egokitzapenarekin lan egitera. Gazte orkestrako zuzendari den Juanjo Ocon-ek izugarrizko lana egin du eta horrek asko erraztu du dena. Gero, urtarrilean bertan Bilboko Arriagan “El Caserio” zarzuela eskainiko dugu. Guztira sei emanaldi izango dira. Eta ekainean estreinatuko dugu “Burdina” izeneko ikuskizun berria, Aukeran dantza konpainiak egindakoa, eta lan hori ere Bilboko Arriagan estreinatuko dugu ekainaren bederatzian, hamarrean eta hamaikan. Beraz, lanik ez zait falta.

Burdina, formatu handikoa ikuskizuna izango da, edo herri txikietara ere eramango duzue?
E.M.: Bai, formatua egokitu egin beharko dugu, bai antzoki handietarako eta baita txikietarako ere. Asmoa “Gernika mihise gaineko dantza” lanarekin egin dugun moduko zerbait egitea da. Guretzat aukera paregabea da Arriaga bezalako antzoki batean estreinatzea, baina horrek ez du esan nahi leku txikiagoetara ere egokituko ez dugunik. Gure ikuskizunak eskaintzeko orduan Urnieta beti gogoan izaten dut, eta honekin ere ziur etorriko garela.

Pasa zen udan pilota munduari lotutako Jai Alai kale ikuskizuna eskaini zenuten. Jarraipenik izango al du?
E.M.: Guretzako gauza berria izan zen, lehenengo aldia baitzen kale ikuskizun bat prestatzen genuela. Leioan estreinatu genuen eta agian espero baino emanaldi gutxiago egin dugu. Baina eskaintza berria da, eta beraz, jendearentzat ezezaguna; bere denbora behar du, eta uste dut aurten emanaldi gehiago izango ditugula.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!