Ezinduen eskubideen alde lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 12:28

Iñaki Albinek ezinduen eskubideen aldeko borroka darama aurrera aspalditxoan. Erakunde publikoetan konta ezin ahala ate jo ditu erabilerraztasunaren aldeko neurriak eskatuz. Europako Batasunak Bruselan dituen bulegoetan izana da asko ez dela, eta emaitzak lortu dituela adierazi du.

Noiz eta zergatik jo zenuen Bruselara?
Iñaki Albin:
2009an joan nintzen. RENFEko ibilbide motz zein luzeko trenetan sartzeko arazoak izaten ditugula-eta, irtenbideak eskatzera joan nintzen.
Horretarako, gertuagoko ateak jo nituen aurretik: Eusko Jaurlaritzak kasurik ere ez zidan egin, eta 2000n Madrilgo diputatuen kongresuan izan nintzen; harrezkero gobernu presidentziatik gutunak bidali zizkidaten pentsatuz entretenituta edukiko nindutela eta ez nuela ekimenik hartuko bitartean. Azkenean baina, nazkatu, eta Bruselarako bidaia egitea erabaki nuen, urtetan bildutako hainbat argazki eta agiri hartuta.

Nolako erantzuna jaso zenuen?
I.A.:
Giza eskubideen eta garraioen arloko arduradunek hartu ninduten. Harritu egin ziren ikusita aulki gurpildunetan gabiltzanok zenbat traba dauzkagun Espainiako trenekin. Handik bi hilabetera Luxenburgoko giza eskubideen epaitegitik Madrilgo gobernuari salaketa jartzeko eskatu zidaten. Hori Bartzelonako giza eskubideen bulegoan jarri nuen, gurpildunentzat tokirik gabeko igogailu bat daukan bulegoan! Kontua da azkenean Luxenburgok Madrilgo gobernuko Fomento-rekin harremanetan jartzeko eskatu zidala. Orain aste batzuk handik erantzuna jaso dut: azken urtetan zenbat neurri hartzen ari diren deskribatzen didate, eta trenetan plataforma hidraulikoak ipintzen hasiak direla, besteak beste. 
Ez dakit ondo dagoen esatea, baina Davidek Goliath irabazi duela sentitzen dut!     

Zergatik hartu zenituen trenak jomuga?
I.A.:
Arazo kronikoa da aulki gurpildunetan mugitzera kondenatuta gaudenok daukaguna, edozein tokitan ibiltzeko. Trabak nonahi topatzen ditugu, baina iruditzen zait are larriagoa dela arazoa zerbitzu publiko batek sortzea. Gai honetan izugarri dago egiteko, baina nire ahalegin pertsonalak gai zehatz batera, trenek sortzen dizkiguten oztopoetara bideratzea erabaki nuen.

Lehendik ere FEVE, kostaldeko trenekin ibilia zara jo eta su…
I.A.:
Penagarria zen ezinduei eskaintzen ziguten erabilerraztasuna, orain gutxi arte. Behin, Donostia-Hendaia trena hartu eta protesta burutzea erabaki nuen. Zakua bizkarrean hartuta joan nintzen, zer gerta ere; izan ere, ez nuen baztertu komisaldegian amaitzeko aukera. Oiartzun eta Ventaseko tartean, alarmari eman nion! Makinista bat, zaintzaile bat eta ikuskatzaile bat hurbildu zitzaizkidan berehala. Zera adierazi nien: “Oiartzunen jaitsi nahi nuen, baina ezin izan dut, koskagatik. Nahi duzuena egin, baina nik horrela jokatuko dut trena hartzen dudan aldiro”. Hiru bat hilabeteren buruan, gutuna jaso nuen adieraziz geltokietako nasen altuera bagoien parera igotzen ari zirela. Hori 2008an gertatu zen, eta harrezkero, aulki gurpildunok aisa mugitzeko komunak ere jarri dituzte!

Andoaingo Udalarekin ere muturka zabiltza azken aldian…
I.A.:
RENFEko geltokiaren atzealdean, Aranzibia kalean bizi naiz eta inguru horretako oztopo urbanistikoak salatu izan ditut udaletxean; 8-10 gutun idatzi ditut eta oraindik ez dut erantzunik jaso.
Utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatzea leporatzen diet Udal arduradunei, kale eremuak urbanizatu ondoren behar diren baimenak eta oniritziak emateko garaian batez ere. Arantzibia kaletik La Salle ikastetxearen atzealdera doan bidean, zati batean, ez zuten espaloirik jarri eta denetik deitzen zidaten zenbait auto-gidarik errepidetik joategatik. Orain inguru hori egokitu dute oinezkoentzat, baina hori bai, 20 zentimetroko koska duten bi zebra-bide ipini dituzte! Ikastetxe pareko espaloia ere autoz josita agertzen da maiz; udaltzainei hots egin, eta gauza puntuala dela erantzuten didate; edo okerragoa dena, ez didate jaramonik egiten “Iñaki pelmatzar hori dek berriro!” esan eta gero.

Bakarka, frankotiratzaile baten moduan aritzen zara…
I.A.:
Ero puska naizela esaten didate; makina bat alditan iraindu naute, eta baita mehatxuak jaso ere! Nolanahi ere, ni burugogorra naiz eta badakit zer den ateak jotzen ibiltzea etengabe. Gipuzkoan ezinduen aldeko makina bat elkarte dago; polita da iritzi publikoari ezinduen alde zaudela esan, eta diru-laguntzak jasotzea. Baina hortik aurrera zer? Hara Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen Roman Sodupek zer aitortu zidan behin: ni forunkulo bat ipurdian edukitzea bezala nintzela politikoentzat. Alegia, ezingo luketela bizi, ni bezalako beste 15 pertsona protestaka inguruan edukita. Horregatik laguntzen omen dituzte elkarteak, pozik egon daitezen…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!