Ekitaldian zehar izendatuta zeuden kirolari guztien hitzak entzun ahal izan ziren: guztiena bideo-muntaia ezberdinetan. Zuzenean, berriz, saria eskuratu zutenena. Epaimahaia Andoaingo hainbat kirol taldeko ordezkariek eta Udaleko zinegotziek osatu zuten. Aipatu zutenez, zail egin zitzaien sariduna nor zen erabakitzea, haietako bakoitza oso fin aritu baita nor bere kirol jardunean.
Ikuskizuna atsegina, eraman erraza eta gertukoa izan zen. Une berezi ugari bizi izan zen Basteron. Guztien artean bi nabarmendu beharko lirateke beste guztien gainetik: Pakitin Arnaiz martxako korrikalari beteranoak eta Migel Angel Perez Lasa futboleko lehen mailako epaileak hitz egin zutenean, hain justu.
Francisco Arnaiz Pakitin
Gizonezkoen artean urteko kirolariak Bixente Huizi gogoan eduki zuen, bultzatzaile eta irakasle izan zuen gizona, alegia. Saria berari eskaini zion, esaldi honekin: “ziur nago hor goitik edo dagoen tokitik laguntzen didala oraindik, lasterketetan jarrai dezadan”.
Hori esanda, Bixente Huiziren biloba den Janire Huizi jende artetik atera, oholtza gainera igo, eta musu bat eman zion Pako Arnaizi.
Migel Angel Perez Lasa
Jaialdiko sari nagusia eskuratzea egokitu zitzaion futbol epaileari, eta prestatuta ekarri zuen mintzalditxoa. Antolatzaileei eskerrak emanez ekin zion; Andoaingo kirolari gazte eta ez hain gazteen eguneroko ahalegina aitortzeaz batera, jaialdiak horiek denak bistan jartzen dituela azpimarratu zuen.
Jasotako aipamena gurasoei eskaini zien. Zergatiak ere aipatu zituen: “aitari, Paco Perezi, berak sartu zidalako futbolarekiko zaletasuna, eta berak animatu ninduelako epaile izan nedin”.
Amaren kasuan, berriz, “futbol zelai askotan ikusle askoren gogoan egon behar izaten baitu”.
Hasiera ona izan du Andoaingo kirol jaialdiak.
ANDOAINGO 1.KIROL GALA
2010.XII.23. BASTERO.
SARIDUNAK ETA FINALISTAK
URTEKO KIROLARIA
EMAKUMEZKOA
Kattalin Olasagasti Eskubaloia
Maddalen Aizpurua Triala
Gemma Martinez Arrantza
GIZONEZKOA
Francisco Arnaiz Atletismoa
Jabier Migel Triatloia
Iker Lizarribar Judoa
URTEKO KIROLARI GAZTEA
EMAKUMEZKOA
Nagore Arizaga Eskubaloia
GIZONEZKOA
Jon Migliaccio Judoa
Imanol Iraola Txirrindularitza
Ugaitz Alonso Saskibaloia
KIROL ELKARTEA
CDB Leizaran
Andoaingo Txirrindulari Eskola
Judo Eskola
BABESLEA
Aitzbeltz
Frutas La Huerta
Jose Mª Mendiola
AIPAMEN BEREZIA
Migel Angel Pérez Lasa
arbitroa