Andoaindarrak Euskal Selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urt. 5a, 09:57

Ainhoa Aiertzaren kronika:

Festa, aldarrikapena eta garaipena hitzekin laburbilduko nuke abenduaren 29an Euskal Selekzioa eta Venezuelaren arteko norgehiagoka. Eta festa, aldarrikapena eta garaipenean parte hartuz andoaindar ugari bildu ginen Bilbon. Autobus bat Makaldegitik eguerdian atera bazen ere, sarrerak azkar agortu zirenez, bere kontutik joandako andoaindar ugari topatu genuen San Mames zelaiaren inguruetan.
Festa, zenbait urtetan partidarik egon ez denez, lagunartean ondo pasa eta gure herriko taldea animatzeko gogo handia zegoelako. Euskadi oihukatzeaz gain, Erreala eta Atheticen aldeko oihuak ere maiz entzun ziren partidan zehar. Eta zer esanik ez, futbol zelaian olatua egiten hasi ginenean. Behin eta berriz, eta minutu luzez, futbol zelai osoa altxa zen etxekoak animatzeko.
Aldarrikapenerako garaia ere izan zen. Esaiten deialdiari erantzunez, kalejira oso jendetsua izan zen. Haurrak gurasoekin, gazteak, nahiz helduak, belaunaldi ezberdinetako pertsonak ikurriñak aurpegietan margotuta, eta Euskadiko, Errealeko edota Athleticeko kamisetaz jantzitako milaka eta milaka jarraitzaileek Bilboko kaleak zabal-zabalean hartu genituen. Espaloian zeudenak argazkiak ateratzen eta zebrabidea gurutzatu behar zutenak, hainbeste pertsonen artean ibili ezinik zenbaitetan madarikatzen ere ikusi genituen. Euskal selekzioa Eguberrietan jokatzen den partida baino gehiago izan dadin jarraitzaileek eta jokalariek ofizialtasuna eskatu genuen, beste behin ere. Euskal kantuak eta independientziaren aldeko oihuak ere oso maiz entzun ziren.
Eta festari eta aldarrikapenari behar bezalako amaiera emateko, Euskal Selekzioak partida irabazi zuen. Lehenego zatian aukera asko izan zituzten baina ez zuten golik sartzen. Bigarren zatia ordea guztiz bestelakoa izan zen. 3 gol sartu bazituzten ere, jarraitzaileok beste bat eta beste bat eskatuz amaitu genuen. Poza, irribarrea ahoan eta txaloekin agurtu genituen jokalariak. Oroitzapenerako partida, azken batean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!