Udaleko Gizarte Zerbitzuetako lansailarekin batera, Hurria-Sahara elkarteak Tindoufeko kanpalekura bidaltzeko janari-bilketa kanpainari ekin dio, ohiko saltokietan. Saharako errefuxiatuen egoeraren kezkatuta agertu da Andoaingo elkartea, “gaur egungo egoera zaila dela eta, nazioarteko erakundeen elikagai-ekarpenak asko jaitsi dira”. Ondorioz, hango haurrak anemia eta beste gaixotasun gehiago sufritzen ari dira. Hori dela eta, Andoain herriak erakutsi ohi duen eskuzabaltasunarekin jarraitzeko deia luzatu du, “dei egiten diogu Andoaingo herriari, beste behin ere, Saharako herriarekiko bere elkartasuna adieraz dezan, izan ere, azken bi urteetan elikagai gehien jaso duten herrien artean egon gara”.