“Gustu txarreko broma”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 30a, 11:33

Inuxenteen egunaren bezperan, Bando bidez, errenta baxuko herritarrei 50-150 euroko bonoa eskuratzeko deialdia egiten zitzaien. Diru partida hori PSEko ordezkarien Eguberrietako aparteko lansarietatik atera zela aipatzen zen, gainera. Hainbat orduz zalantza izan zen nagusi, ohar horren inguruan. Alkatetzak prentsa oharra kaleratu zuen arte, Bando hori gezurtatuz eta “gustu txarreko broma” zela gaineratuz.
Abenduaren 27ko data zeraman Bando hori itsatsita agertu zen herriguneko hainbat eskaratzetan. Bando hori, ordea, inuxentekeria zen. Lehen aldiz bistaratzean Bandoak antza handia du Udalak banatu ohi duenarekin. Baina abenduaren 27ko faltsu horretan badira gutxienez hiru datu deigarri: Batetik, Andoaingo Udalaren armarriari gurutze bat falta zaio. Bestetik, “Andoingo Udala” jartzen du Andoaingo Udala jarri behar zuen tokian. Eta, azkenik, Udal Bandoak bi hizkuntzatan argitaratzen dira eta, hauxe, erdara hutsean zegoen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!