Urnietako EAJ-PNVk Mikel Pagola Udal hauteskundeetarako hautagai aukeratu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 22a, 23:07

EAJk prentsa oharra argitaratu du Udal hautagaia aurkezteko. Mikel Pagolak honakoa adierazi du: “Alderdiak nigan erakutsi duen konfidantza eskertu nahi dut. Ilusioz, arduraz eta zintzotasunez lan egingo dut; Urnietarengan eta herritarrengan erabateko konpromisoarekin”.

Ildo beretik, Pagolak segidakoa esan du: “Urnietak erronka ugari ditu, baita aukera asko ere. Horregatik, herriaren etorkizuna hurrengo urteetan erabakiko delako, lan asko egin beharko dugu; eta horretarako herritar guztien arteko elkarlana ezinbestekoa izango da”.

Mikel Pagolak 40 urte ditu, urnietarra da eta gaztetatik komunikazio eta kultura munduan murgilduta egon da.

2011ko maiatzaren 22a iristeko sei hilabete gelditzen dira, eta Urnietako EAJ-PNVk Urnietako Udalerako hautagaia aurkeztu du: Mikel Pagola Tolosa. Urnietan 1.970.urtean jaioa, 40 urte ditu, ezkondua dago eta bi alaba ditu. Urnietako Egape ikastolan eta, Donostiako Santo Tomas Lizeoan burutu zituen ikasketak, eta 1.993.urtean kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean.

Mikel Pagolak gaztetatik komunikazio eta kultura munduan murgilduta egon da. Hainbat komunikabideetatik pasatako kazetaria da, eta Urnieta Telebistaren sortze lanetan egon eta gero, bertan hainbat urte eman zituen kazetari lanetan.

1.993.urtetik gaur arte Kulturnieta, Urnietako Udalaren esku dagoen entrepresan, Kultura teknikari lanetan dihardu. Handik bi urtera, familia abertzale batean hezia izanik, 1.995.urtean EAJ-PNV alderdian afiliatzeko erabakia hartu zuen; urte askotan Urnietako Uri Buru Batzarreko kide izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!