Lehen kirol jaialdia, ostegun honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 22a, 19:12

Abenduak 23, ostirala. 20:00.
ANDOAIN, BASTERO AUDITORIOA

Ostegunen aditzera emango dira Andoaingo lehen kirol jaialdiko irabazleak. Herritarrak Basterora gerturatzeko dei berezia egin dute antolatzaileek, eta mezu horrekin bat egin zuten Estanis Amutxastegi alkateak, Fernando Narciso Kirol Patronatuko lehendakariak eta Gurutz Irigoras zinegotziak aurreko ostiralean egin zuten prentsaurrekoan.

Jakin-mina azken unera arte
Urteko kirolaria, urteko kirolari gaztea, babeslea, kirol taldea..., finalistak ezagunak dira alor ezberdinetan baina irabazleak ez. Jakin-mina azken ordura arte gordeko dute, epaimahaiak arratsaldeko 19:00etan erabakiko baitu alor ezberdinetako irabazleak nortzuk izango diren. Oraingoz, bi saridunen izen-abizenak ezagunak dira. Batetik,  Nagore Arizaga gazte mailako emakumezkoen alorrean. Eskubaloiko jokalaria hautagai bakarra izatean, bera izango da sariduna. Bestetik, Aipamen berezia eskuratuko duen Migel Angel Perez Lasa lehen mailako arbitroa.
kirol egokituari sari berezia
Udal ordezkariek deituriko prentsaurrekoan Andoainen bizi den Amador Granados kirolariari ere saria emango ziotela iragarri zuten.

“ANDOAINEK MEREZI DU”
Estanis Amutxastegi alkateak kirolaren aldeko hitzak izan zituen, “Andoainen 16 klub daude 15 kirol jarduera burutzeko. 1315 kirolari daude, denera, federatuta. Eta Allurralde kiroldegiak 5400 bazkide ditu, herri osoaren %35a beraz. Horregatik guztiagatik Andoainek merezi du horrelako jaialdia antolatzea. Eskerrak eman beharrean nago jaialdia antolatzen burubelarri aritu diren guztiei. Nik ere andoaindarrak gonbidatu nahi ditut jaialdian parte hartzera”.

JAIALDIA, IKUSGARRIA
Fernando Narciso Patronatuko lehendakariak adierazi zuenez, “ikuskizun ikusgarria prestatuko dugu, ikusleak harrituko dituena. Horregatik dei berezia egiten dugu andoaindarrak Basterora ager daitezen”. Ikuskizunaren iraupena ordubetekoa izango da. Gonbidapenak eskuratzeko leihatilak 19:00etan zabalduko dituzte. Sarrera dohainik izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!