Mikel Goñiren eta Andoaingo pilotarien erakustaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 22a, 19:08

Pilota eskolako kideek eta zaletuek luzaroan gogoratuko dute abenduaren 17an Arrate pilotalekuan eskainitako ikuskizuna. 

Bideo-erreportajea  | Argazkiak

Kronika:

Mikel Goñi
Gauaren izar nagusia pozarren zegoen, partidarekin eta sortutako giroarekin, "gustura aritu naiz, kriston giroa zegoen. Frontoia beteta egonez gero, jakina da, askoz hobe pilotariarentzat. Guretzat errepikatzeko modukoa izan da.
Partidari dagokionez, “azken txanpan gogortu egin da, hasieran lasai ibili gara baina gero estutu egin da. Jendeak espektakulua nahi zuen eta tanto politak ikusi ditu. Eskudero oso abila eta bizia da aurrealde horretan".

Andoni Alvarez
Mikel Goñirekin batera gauetako protagonista nagusietakoa Andoni Alvarez izan zen. Omenaldia eskaini zioten eskolako kideek, "ez nuen espero. Oraindik ere urduri nago, izugarri poztu nau eta eskertuta nago. Nire ondoan hazi diren pilotarien aldetik eskertza hori jasotzea oso hunkigarria izan da niretzat".
Jaialdiaren inguruan ere oso baikor agertu zen, "beroan oso balorazio baikorra egiten dugu. Jende piloa etorri da, partidak oso politak izan dira eta emaitzari begira oso estuak. Batez ere giroa nabarmenduko nuke, eta bildu den jende kopurua ere bai. Azken egunetan herrian giro polita sortu da, jendeak ez zuen uste Goñi etorriko zenik.... Oso jaialdi polita izan da, aurrera begira indarra ematen diguna".

Jon Beloki
Mikel Goñiren bikotea oso gustora zegoen Goñirekin jokatu eta gero, “Oso gizon jatorra da. Partidan asko lagundu nau, eta eskertuta nago. Ahal dudana egiten saiatu naiz, esperientzia oso polita izan da.
Inoiz ikusi den jende kopuru handiena bildu da gaur. Zoragarria izan da jendea animatzen ikustea, nire izena esanez”.

Unai Etxeberria
Andoaingo eskolako kideak eta bere bikoteak 22-21 galdu zuten lehen partidan, baina emaitza gutxienekoa zen. Pozik zegoen, "oso erraz hasi gara lehen partidan, dominatuz. Baina aurkariak bere jokuan ondo sartu dira eta hor joan zaigu partida. Konfiantza hartu dute, eta gu ezinean ibili gara.
Gaurkoa berezia izan da, pentsa, herri osoa guri begira. Partida polita atera da, eta gustura geratu gara".

Mikel Arretxe
Kokaren bikotea irabazle izan zen eta Andoaingoen kemena nabarmendu zuen, "gazteak fuerte hasi dira, etxean jokatzen zuten eta gaztetasunak hori du: indarra. Dibertitzeko gogoz atera gara, eta azkenean serio jarri behar izan dugu partida irabazteko".
Horrelakoak gehiago egin beharko liratekeela uste du, "esku pilotak indar gehiago hartu behar du. Oraindik gazte asko dator atzetik eta pilota guretzat bizitza da, eta bizia eman behar diogu esku pilotari".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!