Iñistorrak antolatuta, jai polita gaur Udaletxeko arkupeetan burutu dena. Sagardoa eta txistorra jatera urnietar asko hurbildu da, eta bereziki emozio handia izan da sagardo onenaren botilaren enkantean edota 400 euroko balioa duen saskiaren zozketan.
Aurkeztu diren Urnietako bederatzi sagardogileen artean, aurtengo irabazlea Elutseta baserria izan da (argazkikoa). Bigarrena Sorozabal, eta hirugarrena iazko irabazle izandako Milluts. Irabazlearen azken botila 13 euroko prezioan erosi dute, enkantean. Sagar tarta lehiaketan, Manoli Sorondo izan da irabazlea. Hamaika tarta aurkeztu dira denera.
Azkenik, Eguberrietako saskiaren irabazlea hirugarren ahaleginean atera da. 179 zenbakidun txartela izan da azkenean saritua, hura Beñat Lizaso gaztetxoarena.
Zorionak jaiaren antolaketan lagundu eta parte hartu duten guztiei!