Xabier Lete, gertutik, oroimenean: "Ospitalera azken bidaia"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 10:31

Iñaki Aranzadi Urnietako apaizaren kontakizuna. Adarra, Hernani eta Aiako Harriak ospitalerako bidean.

"Hil eta gero egin beharreko guztia pentsatuta zuen, zehatz- mehatz. Aldez aurretik, hiru hilabete lehenago, Xabier Letek Belen ilobari bete beharreko agindu guztiak eman zizkion. Ilobari telefonoz deituko ziola esan zion, dena martxan jartzeko.

Hil zen egunean, goizean, etxeko lanak egiten zizkion emakumeari deitu eta kotxea preparatzeko deitu zion, Ospitalera joan behar zuelako. Emakumeak erdaraz erantzun zion: gaizki egon behar duzu hori eskatzen didazunerako. Eta Xabier isilik geratu zen, ez zion deus erantzun. Gau osoa pentsatzen pasa zuen, sobera ere.

Ospitaleko bidean, mantso-mantso, kotxetik atera eta ingurua agurtuz joan zen. Adarra lehenik, Hernani ondoren-Hernani maite zuen-, eta Ospitaleko gainean Aiako harriak elurtuta zuri-zuri ikusi zituen. Emakumeari zera esan zion: Hara! Lourdes emaztea hil zenean ere Aiako harriak txurituta zeuden. Gera zaitez, atera egin behar dut. Eta hantxe egon zen, kontenplazioan. Ospitalera iritsi zirenean emakumeak Leteri zera esan zion, eta nola agurtuko gara?. Letek beti bezala erantzun zion. Piskanaka-piskanaka ospitaleko eskilarak igo eta atetik eskua altxatuz agurtu zuen emakumea.

Bere kasa igogailua hartu eta UVIra igo zen. Medikuek ordua iritsi zela esan zioten. Eta Letek orduan Belen ilobari deitu zion.

Hona iritsita, oso garrantzitsua deritzot hileta elizkizunean Feliz Zubia Xabier Leteren medikuak botatako bertsoen interpretazioa egitea. Lehen bertsoa Ez nau izutzen esaldiarekin hasten da, eta horixe da Xabier Letek medikuari esan ziona sedazioari hasiera eman ziotenean. Negua dator nere albora, bukatu da nire bira, udazkena amaitzen ari da eta negua dator, heriotza. Bertsoak jarraitzen du zera esanez, gustora noa bake-bakean lourdes dagoen tokira. Bere iloba batek esan zidan familiartea ospitalera iristean Xabierrek burua argi zuela harrapatu zutela. Iloba horrek ez zuela horrelako heriotz baketsurik sekula ikusi esan zidan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!